Ia bi milioi euro, euskaraz diharduten Iparraldeko eragileak laguntzeko

EEPk eta Eusko Jaurlaritzak aurten emanen dituzten diru laguntzak aurkeztu dituzte. Hitzarmenean diren eragileek dute emendatze handiena. Irakasleak euskalduntzeko beka sortu du EEPk
Bernadette Soule, Beñat Arrabit eta Miren Dobaran, atzo, Baionan.
Bernadette Soule, Beñat Arrabit eta Miren Dobaran, atzo, Baionan. ISABELLE MIQUELESTORENA

Ekhi Erremundegi Beloki -

2017ko uztailak 13
2017ko diru laguntzak aurkeztu zituzten atzo EEPk eta Eusko Jaurlaritzak, Baionan. 1.930.000 euro banatuko dituzte aurten, iaz baino 200.000 euro gehiago. Bi multzotan banatua da lankidetzarako funtsa: bederatzi eragile hitzarmenean oinarriturik diruztatzen dira —1.550.000 euro banatu dituzte guzien artean—, eta gainerako eragileak, hizkuntza jarduera proiektu deialdiaren arabera —380.000 euro—. «Hamar urte daramatzagu lankidetza formula hau bultzatzen, eta, Eusko Jaurlaritzaren iritziz, emaitzak oso positiboak izaten ari dira», adierazi zuen Miren Dobaran Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordeak.

Inkesta soziolinguistikoaren datuak argitaratu eta astebetera eman dute aurtengo diru laguntzen berri. Ipar Euskal Herrian, elebidun proportzioaren apaltze bat erakutsi dute datuek, eta erabilera ere apaldu da. Presidente kargua hartu berri du Beñat Arrabitek, eta ez da oso eroso agertu gaiarekin: «Guk espero dugu gauzak azkartuko direla, baina ez da erraz erratea, inkesta hori ez baita oraindik arras jorratua». Bernadette Soule EEPko zuzendariak osatu du presidentearen hitza: haren arabera, «ebidentzia» bat da hizkuntza politikan orain arte eman diren dirutzak «ez direla sekula nahikoak». Gainerako erakundeengan jarri du ikusmira: «Bada hainbeste egiteko euskara garatzeko, non iruditzen zaigun ez dela ber heinean. Baina hizkuntza politika ez da horretan bakarrik diruztatzen. Parte inportanteena da dispositibo arrunten bitartez egiten dena».

Aurtengo diru laguntzetan, hitzarmenez lotutako eragileek izan dute emendatze handiena. Hala, 496.000 euro emanen dituzte euskarazko irakaskuntzan; horietarik 405.000 euro, Seaskarentzat. Ikastolak izaten ari diren garapenaren aitzinean, euskara transmititzeko duen izaera «estrategikoa» esan du Soulek. Ikas Bi guraso elkarteak 40.000 euro izanen ditu. AEK-k 500.000 euro jasoko du, gau eskolak eta ikastaldiak laguntzeko; formakuntza profesionala beste modu batez diruztatzen dela ohartarazi dute. Bertsularien Lagunak elkarteak 55.000 euro eskuratuko ditu; Uda Lekuk, 179.000 euro; eta Euskal Irratiek, 310.000 euro.

Bestalde, 380.000 euro banatuko dituzte proiektu deialdiaren bidez: 52 eragilek 72 proiektu aurkeztu dituzte. Hedabideek dute emendatze handiena. Kanaldude Herri Telebistak 80.000 euro eskuratuko ditu; Herria astekariak, 45.000 euro; Ipar Euskal Herriko Hitza-k eta kazeta.eus-ek, 28.000 euro bakoitzak.

«Euskaraz irakatsi» beka

Irakasle euskaldunen eskasiari aurre egiteko, «euskaraz irakatsi» beka sortu du EEPk, irakasleak eta irakaslegaiak euskara ikasten laguntzeko. Astelehenetik aitzina deskargatzen ahalko dira hautagaitza orriak www.mintzaira.fr webgunean. Abuztuaren 20ra arte eman daiteke izena.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna