Katalunia

Irribarreen iraultza, belztuta

Kartzelatzeek eragindako tristura itxaropen eta borrokarako tresna bihurtuz, milaka lagunek parte hartu dute presoen askatasunaren aldeko agerraldietan Katalunian.

ANCk parlamentuaren parean antolatutako mobilizazioan bildutakoak, espetxeratutakoen askatasuna eskatzeko. QUIQUE GARCIA / EFE.
Saioa Baleztena Rudi.
Bartzelona
2017ko azaroaren 3a
00:00
Entzun
Espainiako Gobernuaren erasoaren krudeltasuna handitzen den heinean, geroz eta indartuago agertzen da Kataluniaren zigilu bilakatutako herri mobilizazioaren muina. Eta Espainiako Auzitegi Nazionalak Kataluniako Generalitateko kontseilariak giltzapetu ondoren, beraz, agerian gelditu zen, atzo, Espainiako Gobernuak hainbertzetan azpimarratua duen «indarkeriarik gabe dena da posible» baieztapenaren gabezia.

Goizeko lehen ordutik, begirada guztiak Auzitegi Nazionalean zizelkatu ziren atzo, 155. artikuluaren aplikazioaren ondorioz kargugabetutako kontseilariak deklaratzera deituta zeudelako. Eguna belztu zen fiskaltzak auzipetuentzat baldintzarik gabeko espetxeratzea eskatu zuenean. Berri txarrak areagotu ziren 17:00 pasatxo zirela, Carmen Lamela epaileak Oriol Junqueras eta gainontzeko kontseilariak kartzelatzeko agindu zuenean. Albisteari burrunba erraldoi batekin erantzun zioten herritarrek.

Jordi Sanchezen eta Jordi Cuixarten kartzelatzeen ondoren, kolpe gogorra jaso zuen, berriro, Kataluniak. Kataluniako irribarreen iraultza nabarmenki minduta geratu zen bart. Baina herri horrek azken urteotan erakutsi duen bezala, atzo ere agertu zuen Espainiako Gobernuaren indarkeriak zail izango duela geldiaraztea. Lehen mobilizazioak 12:00akinguruan hasi ziren, Generalitateko kargudunek deklaratu berri zutenean. Eta arreta guztia Madrilgo azken orduan zegoen bitartean, lanuzteak egin zituzten Kataluniako hainbat lantoki eta erakundetan. Sant Jaume plaza izan zen protagonistetako bat, eta han bildu ziren Bartzelonako Udaleko eta Kataluniako Gobernuko hainbat ordezkari, «preso politikoen askatasuna!» oihukatzeko.

Bazkaldu ostean, 16:00en bueltan, Sants tren geltokian nagusitu ziren mobilizazioak. Bertara iristekoak ziren, bertzeak bertze, goizean Auzitegi Gorenaren aurrean deklaratzera joanak ziren legebiltzarreko mahaiko kideak.

Hamarkada beltzak gogoan

«Erregimen frankista amaitu zenetik Kataluniako herriak ez du, sekula, bizitzen ari garen errepresio eta tratu txarraren parekorik jaso», zioen Joel Joan eta Carme Samsa aktoreek irakurritako manifestuak. «Ezin dugu onartu 2015eko irailaren 27an hautetsontzietan erabaki genuen hori indarraren bitartez oldartzea». 19:00etatik aurrera parlamentuaren aurrean elkartu ziren ehunka milaka lagunen aurrean irakurri zuten.

Ekitaldiak hainbat alderdi eta ideologiatako ordezkariak bildu zituen. Solastatu ziren, bertzeak bertze, Neus Munte eta Albert Bortran Junts Pel Siko eta CUPeko diputatuak. Nuria de Gispert parlamentuko presidente ohiak ere parte hartu zuen agerraldian, eta kritika gogorra egin zion «Espainiako justizia bidegabeari». Bere hitzetan, «Barcenas, Rato, Mato eta beste hainbeste ordezkari ustel kalean dauden bitartean, Katalunian jendea ideologiarengatik giltzapetzen dute».

Alderdi independentistetako ordezkarietatik haratago, Podem eta Catalunya En Comuko ordezkariak ere mintzatu ziren. Podemeko diputatu Albano Dante-Fachinek argi eta garbi utzi zuen atzokoak «dena» aldatu duela, eta abenduaren 21eko hauteskundeetan Espainiako Estatu «antidemokratikoaren» zimenduak «dardaraka» jarri behar direla».

Ekitaldia amaitzeko, eragile subiranistetako ordezkariek hartu zuten hitza. Omnium Culturaleko bozeramaileak nabarmendu zuen «mobilizazio baketsuen uholdea» abiatzear dela. Horien artean, Katalunian inoiz egindako «mobilizaziorik jendetsuena» egingo dutela hilaren 12an, mundu zabalari jakinarazteko Espainia ez dela «demokrazia bat».

Mobilizazioak aldarri

Atzoko egunak indarrak hartzeko balio izan zion herritar askori; azken urteetan modu baketsuan mobilizatu den gizartearen mina eta tristura partekatu zuten berriro. Gizarte eragile eta ordezkari politikoetatik haratago, Kataluniako herritarrak aurrekaririk gabeko gertakariak bizitzen ari direlako azkenaldian. Agerraldira gerturatu zirenen artean entzuten zen «demokratikoki» aukeratutako gobernua giltzapetuz, «herri osoaren kontra» egiten ari direla.

Hori bakarrik ez, eta Espainiako Gobernuak «mozorroa kendu eta beti izan duen aurpegirik krudelena» erakutsi duela azpimarratzen zuen, bertzeen artean, azken mobilizazioetara batu den 50 urteko emakume batek. «Independentista izan edo ez, moduren bat topatu behar dute ordezkari politikoek, Espainiaren inboluzio demokratikoa gelditzeko», gehitu zuen.

Hala ere, eta atzoko jardunaldiaren ondorioak gaindituta, Kataluniako herriak indarrak batuko ditu eta kalera aterako da, modu baketsuan, datozen egunetan. Albistea jakin eta minutu gutxiraNeus Lloveras AMI Independentziaren Aldeko Udalerrien Elkarteko presidenteak azaldu zuen: «Europak beste alde batera begiratzen duen bitartean, Espainiako Gobernuak demokrazia lurperatzen duen une honetan, gaitzidura baztertu eta lasaitasunera deitzeko unea da».

Gaurko (19:00) agerraldi gehiago antolatu dituzte Kataluniako udaletxeen aurreetan, eta datozen egun eta asteetarako ekitaldiak ere prest dituzte; igande honetan, esate baterako, kartelada erraldoiak egingo dituzte bateko eta besteko herrietan, eta azaroaren 12an, 12:00etan, manifestazio handia Bartzelona erdigunean, Preso politikoen askatasuna lelopean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.