Kolonbiako bake prozesua. Egiaren Batzordea

Azterka hasteko garaia

Egiaren Batzordea abiatu dute Kolonbian; mende erdian zortzi milioi biktimari baino gehiagori gertatutakoa ikertzeko eta azaltzeko eginbeharra izango du.

Indarkeriaren biktimak Kolonbiako Justizia Auzitegiaren aurrean, iazko abenduan, Bogotan, biktimek ehundutako 400 metroko oihala erakusten. M. DUEÑAS/ EFE.
Jon Artano Izeta.
Bogota
2017ko azaroaren 22a
00:00
Entzun
Bi abokatu, bi mediku, irakasle bat, kazetari bat, militar bat, soziologo bat, arkitekto bat, biktimen ordezkari bat eta apaiz bat. Bogotako Colon antzokian Kolonbiako Gobernuak eta FARCek bake akordioa sinatu zutenetik urtebete betetzear dela hasi du bidea Egiaren Batzordeak. 200 hautagairen baino gehiagoren artetik aukeratu dute hamaikakoa. Sei gizonek eta bost emakumek dute mende erdian Kolonbia odolustu duen gatazkaren hegiak aurkitu eta munduari kontatzeko betebeharra, gerran izandako zortzi milioi biktimaren baino gehiagoren patua. Carlos Martin Beristain euskal herritarra da kolonbiarra ez den lantaldeko bakarra.

Bakea ofizial egin zuteneko urteurrenean, ospakizunerako aldarterik apenas duen inork Kolonbian. Gobernuak oraindik ez ditu bete izenpetutako konpromiso gehienak. Betetakoen artean, azkenaldiko albiste on bakana da Egiaren Batzordea. Batzordekideak Nariño jauregian hartu ditu asteon Juan Manuel Santos presidenteak.

Nola ikertzen da gerra bat? Nola kontatu mende erdian pasatu dena milioika biktima eragin dituen gatazka batean? Nondik hasi? «Lehen lana da memoriaren erakundeen dokumentazioa aztertzea», azaldu dio Beristainek BERRIAri; «inoiz ez gara hutsetik hasten». Badu, izan ere, eskarmentua. Peru, Ekuador eta Paraguaiko egiaren batzordeetan ahol- kulari izan da Carlos Martin Beristain (Bilbo, 1959). Medikua eta psikologiako doktorea da, duela 20 urte pasa iritsi zen estreinakoz Kolonbiara, eta, geroztik, beste hainbat herrialdetan aritu da giza eskubideen urraketak ikertzen.

Egin beharrekoaren zailtasunaren jakitun, abiapuntuak behintzat sendo finkatuak izateak ziurtasuna ematen dio: independentzia eta metodologia sendo bat mantentzea, batetik, eta beren zeregina presenteizatea, bestetik: «Habanako akordioan oso garbi zehazten da zein den batzordearen agindua». 134. orrialdean, hain zuzen ere. Giza eskubideen urraketa larriak eta horien erantzukizun kolektiboak argitzea, eta gatazka eragin zuten baldintzak eta testuinguru historikoa azaltzea, biktimen aitortza eta bizikidetza sustatzeko.

«Egiaren Batzordea ez da inoren aurkakoa, biktimen aldekoa baizik». Francisco de Roux batzordeko presidentearen hitzak dira horiek. De Roux apaiz jesuita alderdi gehienek errespetatzen dute, baina, batzordeko kideen zerrenda argitaratu ahala, kritika erauntsia jaurti dute sektore kontserbadoreek. Gogorrenak Acore armadako kide erretiratuen elkartea eta Alvaro Uribe izan dira. Presidente ohiak Mauricio Archila batzordekidearen aurka jo du. Archila historialaria da, eta Uribek bere lanetan terrorismoaren apologia egitea leporatu dio. Bestalde, El Tiempo Kolonbian gehien saltzen den kazetak ere eman du iritzia editorialean: «Argi esan behar da: arrazoi dute batzordeak pluralagoa behar lukeela diotenek […] Lerratuta egon ote daitezkeen susmoak uxatzea izango dute lehendabiziko lana taldekideek». Hitz horiek aipatzean, ezpainetan irribarrea atera zaio Beristaini. «Egiaren batzorde baten lana ez da erosoa. Beti izango dira kritikak… Ez zaie, ordea, beldurrik izan behar;guk desberdinen arteko elkarguneak sortu behar ditugu».

Epea: 2021eko maiatza

Fisikoki bileraren bat egin duten arren, batik bat mezu elektroniko bidez hasi dute iritzi trukea batzordekideek. Sei hilabete dituzte funtzionamendu moduak zehazteko: zeregin espezifikoak banatzeko kide bakoitzaren profilari eta izaerari egokituz, batzordeak Kolonbian zer azpiegitura izango duen erabakitzeko —hainbat bulego zabaltzea aurreikusi dute—… 11 kideek aldi luze baterako albo batera utzi dituzte jardun profesionalak, esklusiban arituko direlako aurrerantzean batzorderako. Hala behar, eta presidentetza hauteskunde kanpainaren klimaxean, maiatz erdialdera, hasiko dira ikerketan buru-belarri. Gero, hiru urte izango dituzte txostena aurkeztu aurretik.

Gatazkak, eta gatazkaren konponbideak, zeharo etsaitu dute Kolonbia, eta lehenaz gain hauspotuko ditu txingarrak aurki hasiko den bozen kanpainak. Ingurumari horretan, batzordekide batek baino gehiagok esan dute jendaurrean «gizartea despolarizatzeko» ekarpena egingo dutela, betiko eztabaida politikotik kanpoko ahots bat jarriz plazan, «eta ahots hori da oinarritik datorren ahotsa, biktimekin datorrena», zehaztu du Beristainek.

«Egia historikoa» bilatuko du batzordeak «ez judiziala», errepikatu du behar adina aldiz De Rouxek. Biktimena da bake akordioaren bosgarren puntua, eta hor dago Egiaren Batzordea. Ohiko sistema juridikoan zirrikiturik ez duten galderei bilatuko dizkie erantzunak. Beristainek ikerketaz gaindiko ekarpena azpimarratu du: «Gizarteak jakin dezan nahi dugu. Ez gara ari giza eskubideen urraketa kasuez bakarrik; pertsonak dira: norbanako zaurituak eta komunitate hautsiak. Egintzak azaleratzeaz gain, ondorioei erreparatu behar zaie. Eta, horretarako, funtsezkoa da alderdi humanoa, kolpatutako taldeen indarguneak ezagutzeko… Hori konfiantza sortuz baino ezin da egin. Objektibotasuna behar du behatzaileak, baina baita enpatia ere; ez dago neutraltasun etikorik urraketen aurrean». Egun, 8.250.000 biktima daude erregistraturik, 2011n egindako kalkuluetan halako bi.

Bidesari emozionala

Halako lantegi batean sartzeak uzten duen arrastoaz ere pentsatua du Beristainek: «Ez gara garai bateko kasete haiek bezalakoak, istorioa aditu, grabatu eta besterik gabe artxibatzeko balio dutenak. Sakoneko bizipenak izan ohi dira, sakoneraino iristen den samina konpartitzen duzulako jende askorekin. Sufrimenduan elkartzeak berak lagundu egin diezaiekeelako…». Min horrek lanerako gaitasunari erasan ez diezaion babestea eta irakaspenak ateratzen saiatzea da gakoa. «Izugarri ikasi dut biktimekin; hazi egin naiz». Beristainentzat, terapeutikoa izan ohi da zikloak ixteko etxera itzuli eta idaztea. «Gerora, badelako garai bat jasotakoak bizi behar zaituena; jaso ohi duzunean ez baituzu erabat bizitzerik».
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.