Garoñaren moduko bi erreaktore gelditu dituzte, «ezusteko» arazoengatik

Doel 3 eta Tihange 2 «espero baino kaltetuagoak» daudela ohartarazi dute.

Erreaktore horiek egin zituen enpresak Garoñakoa ere egin zuen

Jon Rejado -

2014ko abuztuak 22
Garoñaren segurtasuna ezbaian uzten duen informazio bat heldu da Belgikatik, hain zuen ere Burgosko (Espainia) zentral nuklearraren jarraipena aztertzen ari direla. Doel 3 eta Tihange 2 erreaktore nuklearrak gelditu egin dituzte aurreikusi baino lehenago, «ezusteko» arazoengatik. Fabrikazio akatsen ondorioz, beharko lukeen baino azkarrago hondatzen ari da. Bi ontzi horiek egin zituen enpresak beste hemezortzi ere egin zituen, eta horietako bat Garoñakoa da.

Ez da lehen aldia Doel 3 eta Tihange 2 erreaktoreak gelditzen dituztela. 2012ko abuztuan «irregulartasun asko» antzeman zituzten haietan, eta pitzadurak izan zitzaketela-eta gelditu zituzten. RDM Herbehereetako enpresak egindako hutsei egotzi zizkieten arazo horiek. Hori dela eta, Belgikako Kontrol Nuklearrerako Agentziako buru Willy De Rooverrek eskatu zuen aipatu enpresak egindako osagaiak zituzten zentral nuklearrak gelditzeko.

Belgikako Kontrol Nuklearrerako Agentziak hainbat aditu bildu zituen arazoa aztertzeko. Bi kasuak aztertu ostean, 2013ko maiatzaren 17an, zentralak berriz pizteko baimena eman zuten. Bi baldintza jarri zituzten: martxan jarri aurretik, eta 2014ko ekainean erregaia aldatu baino lehen, hainbat hobekuntza egin behar zituzten. Horrez gain, erreaktoreen jabeak materialen bilakaera aztertu beharko zituen.

Belgikako Kontrol Nuklearrerako Agentziak iradokita, CSN Espainiako Segurtasun Nuklearreko Kontseiluak Garoñako erreaktorearen ontzia ikertuko zuela jakinarazi zuen. Horretarako zenbait datu eta azterketa eskatu zizkion Nuclenorri, zentralaren jabeari. Ordea, zentrala 2012ko abenduaren 16an itzali zuten, azterketarik egin gabe. Eta erreaktorearen ontzia ikertzeko eskariak mahai gainean jarraitzen du.

CSNk egiteke dagoen azterketa hori gogorarazi dio Nuclenorri, Garoñako zentralaren ustiapen baimenaren luzapena aztertzen ari den bitartean. Are gehiago, erreaktorean erregai nuklearra sartu aurretik egin beharko du, baita datuak CSNri eman ere. Hau da, lanean hasi aurretik Nuclenorrek frogatu beharko du Garoñan ez direla gertatuko Doel 3n eta Tihange 2n gertatutako «irregulartasunak». Lurra sareak nabarmendu du ez duela zentzurik Garoñaren jarraipenari buruz eztabaidatzeak. Haren ustez, zentrala itxi behar da, eta Europako Batasunaren zaintzapean eraitsi.

Belgikako ikerketek zazpi hilabete iraun zuten, eta zentrala martxan jarri ostean ere aztertzen segitu zuten. Hain zuzen ere, zentralaren jabeari eskatu zioten etengabeko aztertze horretan jasotako datuen ondorioz itxi dituzte Doel 3 eta Tihange 2, aurrez zehaztutako epea bete gabe.

Electrabelek, bi erreaktoreen jabeak, ontziei buruzko zenbait datu igorri zizkion Belgikako Kontrol Nuklearrerako Agentziari. Datu horietan antzemandako bilakaera adituek aurreikusi baino ezkorragoa izan zen. «Adituek espero zuten baino eragin handiagoa izan du irradiazioak materialaren gaitasun mekanikoetan», laburbildu du agentziak ohar batean. Hedabide batzuek jakinarazi dute Doel 3ko ontzian 8.000 pitzadura inguru antzeman dituztela, bi zentimetro ingurukoak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna