Mendia izango da PSEko idazkari nagusi berria, %60ko babesarekin

Alderdiarentzat «garai berri bat» hasi dela nabarmendu du Lopezen ondorengoak.

Mikel Torresek irabazi du Bizkaian, eta Cristina Rodriguezek Araban.

Iñaki Arriolak jarraituko du Gipuzkoan
Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusi berria, Bilbon botoa ematen, atzo.
Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusi berria, Bilbon botoa ematen, atzo. EFE

Hodei Iruretagoiena - Lohizune Amatria -

2014ko irailak 17
Hautatu dituzte PSE-EEko militanteek idazkari nagusi berriak, «parte hartze handiarekin, ilusioz». Horixe nabarmendu du Idoia Mendia alderdiko buru hautatu berriak, eta ikuspegi hori eman dute gainerako hautagaiek ere. Emaitzei dagokienez, ez zegoen sorpresarako tarte handirik: Mendia zen hautagai bakarra. Aise pasatu du tramitea, 3.209 boto jasota —militanteen %59,97—. Lurraldeka, hala gertatu da Gipuzkoan ere: Iñaki Arriolak jarraituko du idazkari nagusi karguan, 1.243 boz jasota. Bizkaian, Mikel Torresek hartuko du Jose Antonio Pastorren lekua —1.149 lagunen babesa lortu du—, Iñaki Egaña garaituta —716 boto—. Araban, Cristina Gonzalez izango da Txarli Prietoren ondorengoa —343 boto—, Ivan Ruiz de Egilazi irabazita —217 boto—.

Oraingoz, behin-behineko idazkari nagusiak dira atzo hautatutakoak: biharko 14:00etara arteko epea dago Etika Batzordean helegiteak aurkezteko.

Goizerako botoa emana zuten hautagai gehienek: Mendiak, Bilbon; Torresek, Portugaleten; Egañak, Basaurin; eta Gonzalezek, Gasteizko Arca kalean. Hara joan zen Ruiz de Egilaz ere, baina arratsaldez. Denera, 5.351 afiliatu zeuden boza ematera deituak; %70,21ekoa izan da parte hartzea.

Lehen erreakzio gisa, Mendiak eskerrak eman nahi izan dizkie alderdikideei, «ez delako garai erraza parte hartze politikorako». PSE-EErentzat «garai historikoa» dela nabarmendu du, «garai berri bat» hasten dela orain, eta «alderdia biziberritzen» saiatuko dela.

Esporrin, Iruñeko zerrendan

Nafarroan, berriz, argitu da biren arteko lehia izango dela urriarenn 19an, foru hauteskundeetarako PSNren hautagaia aukeratzeko primarietan: Maria Txibite eta Amanda Acedoren artekoa. Maite Esporrin Iruñeko Udaleko sozialisten eledunaren erabakiaren zain zeuden atzo arte, baina hark jakinarazi du udal hauteskundeetan Iruñeko zerrendaburu izateko hautagaitza aurkeztu duela. «Jakina da Iruñeko talde sozialistan izan dudan militantzia aktiboa. Uste dut hautagaitzarekin on egingo diedala Iruñeari eta alderdiari», azaldu du. Nafarroako hiriburuak aldaketa bat merezi duela uste du Esporrinek, eta aldaketa sozialistek ekarriko dutela, UPNren kudeaketa sistema agortu delako.

Udal bozetan zerrendaburu izateko pausoa ematen lehenengoa izan da Esporrin. Bere burua aurkeztea aztertzen ari dela jakinarazi du Javier Remirezek ere.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna