PPk eta PSEk ere torturak ikertzeko premia agertu dute legebiltzarrean

Istanbulgo Protokoloa ezarrita torturak badirela frogatu duen azterketa sinesgarritzat jo dute guztiek, eta gaian sakontzeko prest agertu dira

Andres Krakenberger, Pau Perez, Miguel Angel Navarro eta Maitane Arnoso ikerketaren egileak, batzordean. J. RUIZ / ARP.
Aitziber Laskibar Lizarribar.
2014ko azaroaren 13a
00:00
Entzun
EAJko Maribel Vaquerok, EH Bilduko Julen Arzuagak, PSE-EEko Mikel Unzaluk eta PPko Cristina Ruizek. Eusko Legebiltzarreko Giza Eskubideen Batzordean guztiek aitortu diote sinesgarritasuna Inkomunikazioa eta tortura: Istanbulgo Protokoloaren oinarrian egituratutako analisia izeneko txostenari. Gobernuz kanpoko hainbat elkartek egin duten lana da torturari buruzkoa, eta izaera zientifikoa du. Euskal Herrian torturak izan direla eta badirela zientifikoki baieztatzen du. Egileek atzo azaldu zizkieten ikerketaren nondik norakoak legebiltzar taldeetako ordezkariei, eta horien guztien esker ona jaso zuten egileek. Baita PPrena ere. Giza Eskubideen Batzordean tortura amaitu beharraz aritu ziren alderdi gehienetako ordezkariak; egia bilatu, aitortu eta erreparatu beharraz. Gehiago torturatu ez dadin neurriak hartzeko premiaz.

PPren ordezkariak hitz egin zuen gutxien, eta huraxe aritu zen epelen. Baina bere alderdiak izaten ez duen jarrera azaldu zuen Ruizek. Torturak existitzen direla dioen lanaren sinesgarritasuna ezin dela zalantzan jarri adierazi baitzuen; eztabaidaezina dela. Bestelako balorazioak egin aurretik txostena «xehetasun handiagoarekin» irakurriko duela jakinarazi zuen, baina, edozein kasutan, ikerketen bidean sakondu beharra plazaratu zuen.

«Ni ere torturatu ninduten»

«Euskadin, Espainian eta Europan torturari aurre egiten saiatzea da garrantzitsua», adierazi zuen Unzaluk; «PSEk apustu hori egina du». Tortura amaitu beharra aldarrikatu, eta Argituz taldeak, Neuropsikiatriako Espainiako Elkarteak, Grupo de Accion Comunitariak, Ekimenek, Jaiki Hadik, Osasun Mentalaren Elkarteak zein Osaldek egin duten ikerketaren balioa goratu zuen: «Egoeraren berri ematen du, eta aurre egiteko bidea erakusten».

Bera ere torturatu zutela aitortu zuen PSEren legebiltzarkideak. 1975 urte inguruetan protesta askotan parte hartzen zuela, hainbatetan atxilotu zutela, eta torturatu ere bai. «Baina diktadura egoera hartan ezin zen salatu ere egin». Egungo desberdintasun nagusia «orain Zuzenbide Estatuan gaudela» da, Unzaluren hitzetan. Baina hori kolokan jartzen duen galdera plazaratu zuen: «Zenbat salaketa eraman dira auzibidera? Zenbat zigor epai daude? Hori ere aztertu beharko da».

Ohar bera egin zuen ordezkari jeltzaleak. Salaketak ikertu behar direla aldarrikatu zuen, aurrera egiteko galdera eginda: «Istanbulgo Protokoloa epaiketetan ere erabili ahalko da froga gisara?».

Asmo oneko hitzez gain, hala ere, inork ez zuen aitortu norbere alderdiaren agintaldietan torturatu dituztenen ardurarik, ezta salaketa egin dutenak jomugan jarri izan dituztela ere.

Arzuaga tortura saihesteko neurri praktikoak ezartzen saiatu zen. Horretarako bermea inkomunikazioa amaitzea dela ohartarazi zuen, eta instituzioek ere badutela zer egin. Torturari buruzko ikerketa eta salaketak gizarte zibilak egiten dituela azaldu, eta instituzioek hartu beharreko ardura dela esan zuen, legebiltzarra zuzenean interpelatuta.

Txostenaren egileek, bere aldetik, lana nazioartean zabaltzen ari direla eta NBE eta antzeko erakundeen begiak gaiaren gainean daudela abisu eman zuten: «Galderak egingo dituzte».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.