Daltonismo politikoa

Espainiako Estatuak bere barneko nazioei negoziazioa ukatzen segitzen baldin badie hura gabeko bidearen hautua defenditu dute Zubiagak eta Requejok.Donostiako jardunaldietan mintzatu dira

Mario Zubiaga eta Ferran Requejo unibertsitate irakasleak, atzo, Donostian, euren hitzaldiak bukatu ostean. BERRIA.
enekoitz esnaola
Donostia
2014ko abenduaren 12a
00:00
Entzun
Estaturik gabeko herri batek, gehiengo sozial, politiko eta instituzionalaren nahiari erantzunda, ofizialki bera dagoen estatuarengana jo eta haren «oniritzia» izan dezake erabakitzeko eskubidea baliatzeko eta, independentzia hautuaren kasuan, harekin negoziatzeko nola bereizi. Baina haren aldetik ukazioa baino ez badu eta, beraz, «semaforoan argi gorria» badago, estatuaren debekuaren aurrean desobediente izan daiteke herri hori. «Daltonismo politikoa» da hori, Mario Zubiaga EHUko irakasleak Donostian Nazioak eta Estatuak XXI. mendean: Demokrazia eta Erabakitzeko Eskubidea nazioarteko jardunaldietan Erabakia eta eskubidea: demokraziaren etengabeko berrikuntza hitzaldian azaldu duenez.

Pompeu Fabra Bartzelonako unibertsitateko irakasle Ferran Requejok ildo beretik jo du Demokraziak eta aniztasun nazionala XXI. mendean. Zilegitasuna eta irtenbide instituzionalak: federalismoak, kontsoziazionalismoak eta sezezioa-n. «Independentzia erreferendum batean baiezkoa nagusitzen bada, independente nola bilakatuko zaren erabaki behar da, negoziatuta. Zibilizazioa da hori. Baina esan dezakegu ziur: Katalunian ez da legezko erreferendumik egongo». Hala, bide propioa garatzea aldarrikatu du.

Garai batean federalista zen Requejo; orain, independentista. «Izan ere,Espainiarekin ezin da ezer egin»; batik bat, haren «kultura politiko jakobino edo zentralistagatik». Azaldu du errazagoa dela Espainiaren baimenik gabeko independentzia prozesu bat garatzea, haren «kultura politikoa» aldatzen hastea baino.

Espainiako Estatuaren debekua ikusirik, moztu harekin; hori defenditzen du Requejok, eta, dioenez, horretan dabiltza Katalunian. «Konstituzio berri bat egiteko, une horretan bertan ilegaltzat jotzen den jarrera bat hartu behar da». Desobediente izanda, adibidez. Requejok aipatu du azaroaren 9ko kontsultan hautu horri heldu ziotela bi milioi pasa katalanek. «Ez badute zurekin negoziatzen, independentzia aldarrika ezazu», baina hori «noiz?», galdetu du, eta baldintza bat jarri du horretarako: «Estatu independente gisa aritzerik duzunean». Alegia, «betiere estatu egitura batzuk daukazunean: segurtasuna, agentzia fiskala, energia, atzerri politika...».

Zubiagak iritzi dio Katalunian gertatzen ari dena «guretzat zoragarria» dela. «Demokrazia eta subiranotasuna, une bat bezala uler daitezke (azaroak 9-Katalunia), baita kudeaketa bezala ere». Han bat eginda ikusten ditu gizarte zibila, alderdiak eta instituzioak. «Demokratizazioak mobilizazioa behar du, eta horrek, instituzionalizazioa». Katalanak, bide propioa izanda, erabakitzeko eskubidea baliatzen ari direla azpimarratu du. «Demokratizazioaren eta burujabetzaren sinonimo da erabaki eskubidea. Printzipio demokratiko bat da, hierarkia normatiboari gailendu behar zaiona, eta, estatuarekin negoziaziorik ez badago, hor da aldebakartasunaren bidea». Alegia, daltonismo politikoa: debekuaren aurka, aurrera egin.

EHUko irakasleak adierazi du Espainiako Estatuarekin jai dagoela, «agortutako bide bat» dela harekin konponbiderako saioa egitea. «Konstituzioan estatu bat zatiezina dela esatea bera inkonstituzionala da». Uste du «Espainiaren demokratizaziorako» tresna izan daitekeela harekiko desobediente izatea; «hartara, hark txerta dezan erabakitzeko eskubidea». Halakorik gertatuko ez denez, nola gauzatu desobedientzia? Aukera bat «argudio juridikoa» erabiltzea dela dio, «baina politikoa interesgarriagoa da».

Baldintzak

Requejok zehaztu nahi izan du prozesu independentista baterako sei baldintza bete behar direla:«1: gehiengoa izatea: botoen %50 + beste boto bat. 2: prozesua nazioartekotu, ez Europara bakarrik.3: erabaki eskubidearen aldeko alderdien batasuna, baita independentziaren aldekoena ere (Katalunian uneotan horixe dago ahulen).4: instituzioen, alderdien eta gizarte zibilaren arteko elkarlana, helburu bakartzat independentzia hartuz. Utzi ezkerreko eta eskubiko auziak orain. 5: lidergo garbia izan (nik uste orain lidergoa [Artur Mas] ordezkatzea akatsa litzatekeela). Eta 6: herritar denentzat proiektu barneratzaile bat eraiki. Hau da, proiektu nazionala egin, ez proiektu nazionalista bat».

Beste baldintza bat aitatu duZubiagak: «Erabaki eskubideademokratikoa da, baldin eta hori modu demokratiko batean gauzatzen bada».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.