Katalunia. I-27ko hauteskundeak

Egun historiko baten ajea

Sentimendu gazi-gozoak nagusi ziren atzo Bartzelonako biztanleen artean. Independentziazaleek irabazi arren prozesua luzatzeak eragiten zion kezka askori.

CUPek I-27ko hauteskunde gauean antolatutako ekitaldia. ORIOL CLAVERA.
Saioa Baleztena Rudi.
Bartzelona
2015eko irailaren 29a
00:00
Entzun
Astelehena, irailak 28. Begirada guztiak, oraindik ere, Kataluniako hauteskundeetara bideratuta. Kalean piztu eta indartu zen herri mobilizazioak irailaren 27ko bozetan erre du beste etapabat. Eta Bartzelonako kaleetan, atzokoa ez zen beste egunsoil bat.

Hauteskunderik garrantzitsuenen biharamunean indartsu jaiki zen Kataluniako hiriburua: kioskoetan sekula baino mugimendu handiagoa eta, kalean, betiko normaltasuna. Baina giroak bazuen berezitasun bat: aspaldiko partez, Kataluniako biztanleek independentziaren inguruan bozkatzeko beharra aseta zuten.

Alderdi eta politikari batek baino gehiagok ezkutatu duen arren, kaleko aldarrikapenak izan dira prozesu independentista iritsi den tokira iristea ahalbidetu dutenak; eta, irailaren 27ko egun historikoaren ondoren, adin eta testuinguru guztietako biztanleek emaitzen inguruan nork bere analisia egin zuten atzo Bartzelonan. Ez zen jendea askorik estutu behar iritziak biltzeko.

Hiriko auzoetan barrena, ilusioa eta kezka izan dira gehien errepikatu diren sentsazioak. Kalean, han eta hemen, irailaren 27ko emaitzen inguruko solasaldiak nagusitzen baitziren Kataluniari egokitu zaion aldi politikorik aberatsenean. Merce Belek 86 urte ditu, eta bere bilobarekin okindegira bidean zen atzo. Bilobarekin eman zuen botoa igandean, eta emaitzak jakin ostean elkarrekin gosaldu zuten atzo, sentsazioak elkarrekin banatzeko.

Goizean goiz eman zuten botoa Mercek eta bilobak, eta, gero, telebistaren bitartez kasu egin zien hauteskundeen albisteei. Errepublikanoak dira biak, Merce eta biloba, eta borroka erraietan daramate; are gehiago, erregimen frankistak Merceren senarra espetxeratu zuenetik. «Gazteegi hil zen, 1978an, Bartzelonako Modelo espetxean, eta Burgosekoan bizi izandako kalamitateen ondorioz, bihotzekoak jota», gogoratzen zuen. Orduan hartu zuen berak senarraren borrokaren lekukoa, eta modu berean oinordetzan eraman zuen bilobak ere. «Katalunian azken urteetan nagusitu diren politiken aurka nago, eta Kataluniako Errepublika nahi dut, baina ez naiz independentziazalea», erraten zuen Mercek, tinko. Hala ere, irailaren 27ko emaitzak, pozik hartu zituela ere onartu zuen, «jendeak urte askotan eskatu duenaren isla direlako». Haren hitzetan, «emaitzek sekula ez bezala» irudikatu baitute Katalunian nagusi den ezinegona.

Bilobak garrantzia eman zion herri mobilizazioari, «Kataluniaaldi historiko garrantzitsuan murgilduta» dagoelako, eta kaleko eskaerekin jarraitzeko beharra azpimarratu zuen: «Hauteskunde hauetako emaitzek ez dute garrantzirik izango kaleko borrokak segitzen ez badu. Prozesu hau jendearena baita, hasi zenetik».

Irailaren 27ko hauteskundeen parte hartze handiak agerian utzi zuen, zalantzarik gabe, gizartearen gehiengoak etorkizunarekiko duen kezka. Hauteskundeen biharamunean, kaleko giroan murgilduta, auzoko liburutegiko atarian zeuden Marta Patxot eta Artur Cuadrada, 17 urteko ikasleak. «Hauteskunde historikoak izan dira, eta adinagatik, zoritxarrez, ezin izan dugu botoa eman. Baina pozik gaude jendea kalera atera delako», zioenPatxotek , ilusioz. «Azkenaldian gehiegi esaten da gazteok ez dugula politikarekiko interesik, baina irailaren 27a aldaketaren isla izan da, eta jendeak ulertu du bozkatzeak zuen garrantzia», aipatzen zuen harro Cuadradak. Patxotek, berriz, alderdien hurrengo urratsen zain dagoela onartu zuen, «orain baita abagunea alderdien interes partikularrak alde batera utzi eta gizartearen aldarrikapenari kasu egiteko; eta pentsatu nahi dut Mas gai izango dela bere harrokeria baztertu eta CUPekin ados jartzeko».

Zalantzak eta ikusmira

Irailaren 27a iritsi aurretik itxaropena eta ezinegona nagusi baziren, hauteskundeen biharamunean sentsazio gazi-gezek hartu zituzten Bartzelonako kaleak. «Nire bizitzako egunik garrantzitsuenetako bat izan zen atzokoa, baina oraintxe, sentimendu nahasiak ditut», zioen Lleidan jaio eta Bartzelonan bizi den 38 urteko Rut Estany-ek. «Alde batetik, pozik nago emaitzek bermatzen gaituztelako, baina, beste alde batetik, urduritasuna dut, prozesu hau motela izango dela aurreikusten dudalako, eta presa dugu», aitortu zuen irribarrez.

Ildo beretik azaldu zen Sara Vinyals, Pompeu Fabra unibertsitatean doktoretza egiten ari den 28 urteko neska gaztea. «Gogotsu nintzen irailaren 27rako, baina onartu behar dut sentimendu kontraesanezkoak ditudala. Pozik nago emaitzek argi utzi dutelako serioski jorratu behar den gaia dela independentziarena; baina era berean, ahozabal uzten naute Espainiako Gobernutik eta hainbat hedabideren aldetik gaur ikusi ditugun erreakzioak», azpimarratu zuen haserre, gertatuko denaren zain eta adi dagoen bitartean. Izan ere, eserlekutan independentziazaleek irabazi arren, ez dela «berehalako aldaketa gauzatu ahal izateko babes nahikorik» izan uste du Vinyalsek. Hemendik aurrera, independentziaren aldeko indarretan du, «beste behin», konfiantza osoa, «Junts pel Siren eta CUPen gehiengoak independentziaren bidean lan egiten» jarraituko duela baieztatu baitu.

Beldurraren eta zalantzen gainetik, beraz, ilusioa eta itxaropena dira Bartzelonako eta Kataluniako argazkia hobekien irudikatzen dituzten osagaiak. Hauteskunde kanpaina eta egun historikoa pasatu dira, eta, orain bai, independentziaren aldeko alderdien esku dago Kataluniaren etorkizuna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.