Askapenako auzipetuen aurkako zigor eskaera gogorrei eutsi die fiskaltzak

Erretiratu egin du Askapeña, Elkar Truke eta Herriak Aske elkarteak legez kanporatzeko eskaera.Absoluzioa eskatu du defentsak

Auzipetuak babesa ematera joandakoekin, auzitegiaren atarian, epaiketa hasi zen egunean. J.DANAE/ ARGAZKI PRESS.
Erredakzioa
2015eko urriaren 30a
00:00
Entzun
Polizien lekukoekin eta fiskalaren eta herri akusazioaren ondorioekin jarraitu du Espainiako Auzitegi Nazionalean Askapenaren aurkako epaiketak. Pedro Martinez Torrijos fiskalak Walter Wendelin, Aritz Ganboa, Unai Vazquez, David Soto eta Gabi Basañez auzipetuen aurkako zigor eskaera gogorrei eutsi die: sei urteko espetxe zigorra galdegin du auzipetu bakoitzarentzat, eta legez kanporatzea Askapenarentzat. Ordea, erretiratu egin du Askapeña Konpartsa eta Herriak Aske eta Elkar Truke elkarteak legez kanpo uzteko eskaera.

Akusazio gisa ari diren AVT eta Dignidad y Justicia elkarteek ere auzipetuen aurkako zigor eskaerak mantendu dituzte: AVTk hamarna urteko espetxealdia eskatu du bost akusatuen aurka, eta zazpina Dignidad y Justiciak. Askapena eta gainerako elkarteak legez kanporatzeko eskaera ere berretsi du akusazioak. Defentsak, berriz, absoluzioa eskatu zuen bost auzipetuentzat.

ETAri laguntzea egozten die fiskalak bost auzipetuei, eta atzoko saioan poliziek egindako txostenetan oinarritu zen hori berresteko. Orain arte erabilitako argudio berberak erabili zituen fiskalak: Askapenak ETArekin lotura duela eta auzipetuek ETAri laguntzen ziotela. Besteak beste, nabarmendu zuen Euskal Herriarekiko elkartasunez antolatutako batzordeekin ETAri «nazioarteko babesa» ematen ziola talde internazionalistak, eta ETAren biktimen aldeko adierazpenik ez egiteak edo ETAren jarduera ez gaitzesteak erakusten duela Askapenak ETAri laguntzen diola. Halaber, Askapenaren helburuetako bat «Europako iritzi publikoan eragitea» izatea erakunde internazionalista zigortzeko froga nahikoa zela ondorioztatu zuen fiskalak.

Bestalde, Askapenako kideek ETA-Ekin eta Batasunak osatutako egituraren irizpideak jarraitzen zituztela berretsi zuten akusazio gisa ari diren AVT eta Dignidad y Justicia elkarteek. Bi elkarte horien argudioa da organo komun baten parte zirela, eta ETAren eta nazioarteko eragileen arteko harremana bideratzen zutela. AVTk atzoko saioan adierazi zuen ez direla epaitzen ari elkarte baten jarduera politikoa, «nazioarteko elkartasuna erabilita delituak egitea baizik».

Lan politikoa

Joan den urriaren 19an hasi zen Askapenako bost auzipetuen aurkako epaiketa Madrilen, eta azaroaren 2an amaituko da. Azken bi asteotan auzipetuek, poliziek eta nazioarteko lekukoek deklaratu dute. Auzipetuek lan politikoa eta ideologikoa egiten dutela esan diote epaileari eta lan hori zein den azaldu diote. ETArekin inolako harremanik izatea ukatu dute: ez dutela inoiz parte hartu ETAren agindupean zegoen koordinakunde batean, eta ezker abertzaleko beste eragileekin harremana bazutela gauza batzuetarako, baina autonomiaz hartu dituztela beti erabakiak.

Epaiketa politikoak salatzeko, manifestaziora deitu dute bihar Madrilen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.