Apirilean epaituko dituzten bost nafarrek 'Aztnugal' kanpaina jarri dute abian

Ekineko kide izatea egotzita epaituko dituzte, apirilaren 14tik 21era.Zortzina urteko zigorra eskatu diete.Torturak salatu zituzten guztiek

Iruñeko Katakraken egin zuten agerraldia 4/2014 sumarioko bost auzipetuek, atzo. IDOIA ZABALETA / ARGAZKI PRESS.
Erredakzioa
Iruñea
2015eko azaroaren 28a
00:00
Entzun
«Zentzugabekeriak aurrera segitzen du». Hitz horiekin jakinarazi zuten atzo Jon Patxi Arratibelek, Iñigo Gonzalezek, Gorka Mayok, Iker Morenok eta Gorka Zabalak euren aurkako epaiketaren data. Apirilaren 14an, 18an, 19an, 20an eta 21ean epaituko dituzte bostak, Ekineko kide izatea egotzita, Espainiako Auzitegi Nazionaleko zigor salako 2. sekzioan. Zortzina urteko kartzela zigorra eskatu du fiskalak haien aurka. Aztnugal izeneko kanpaina abiaraziko dute, epaiketa salatu eta «laguntza» eskatzeko. «Tortura bukatzeko laguntza, eta gatazka politikoa amaitzeko laguntza».

Arratibelek idatzi zuen Aztnugal —laguntza, alderantziz idatzia—, 2011ko urtarrilean, Guardia Zibilaren eskuetan inkomunikatuta zegoela. Halaxe sinatu zuen polizia deklarazioa. Hura izan zen «laguntza eskatzeko aurkitu zuen modua». Berak ez ezik, beste lau auzipetuek ere salatu zuten torturatu egin zituztela guardia zibilek. Kartzelara bidali zituen Fernando Grande-Marlaska epaileak, eta urte eta erdi inguruz eduki zituzten preso, urrunduta.

«Ikaragarria da XXI. mendean, Espainiako Estatuan, tortura salaketan aurrean beste alde batera begiratzen jarraitzea», esan zuten atzo Iruñean egindako agerraldian. Arratibelen kasuan, Europako Giza Eskubideen Auzitegiak berak salatu zuen Espainia tortura salaketa ez ikertzeagatik, eta CPT Europako Torturaren Prebentziorako Batzordeak sinesgarritasuna eman zien salaketei. Horrek guztiak, auzipetuen hitzetan, «giza eskubideen urraketa iraunkor eta sistematikoak egiten diren herrialdeekin parekatzen du Espainiako Estatua».

Webgunea, kamisetak...

ETAk su eten «orokor, iraunkor eta egiaztagarria» aldarrikatu eta hamar egunera egin zuten bost auzipetuen aurkako polizia operazioa, ezker abertzaleak Zutik Euskal Herria ebazpena kaleratu eta urtebetera. Orain, «sorgin ehiza» eteteko exijitu diote Espainiako Estatuari eta Auzitegi Nazionalari. «Oroimenaren aldarriak zein gertatutakoaren kontakizunak garrantzia berezia duen garaiotan, Nafarroako herritarrak gure ideologikoagatik justiziatuak izaten jarraitzen dugu».

Aztnugal.org helbidean jarri dute informazio guztia. 65.000 euro ordaindu dituzte bermetan, eta epaiketari aurre egiteko beste 15.000 beharko dituztela jakinarazi dute. Besteak beste, kamisetak jarri dituzte salgai. Laguntza eskatu dute: «Irtenbide demokratiko bati ateak irekitzeko jendartearen inplikazioa ezinbestekoa delako. Salbuespen neurriak amaitzeko berme bakarra herritarren aktibazioa delako».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.