Hasier Arraiz inputatu dute, Guardia Zibilaren aurkako mehatxuak egitea egotzita

Otsailaren 17rako deitu dute deklaratzera, EAEko Auzitegi Nagusira.«Guardia Zibilari xake-mate egiteko unea» zela adierazi zuen iaz

Hodei Iruretagoiena.
2016ko otsailaren 2a
00:00
Entzun
Sortuko presidentearen aurkako auzi bat ireki du Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Auzitegi Nagusiak: Hasier Arraizek inputatu gisa deklaratu beharko du otsailaren 17an, Guardia Zibilari mehatxu egitea leporatuta. Dignidad y Justicia elkarteak jarri zuen kereila tramiterako onartu zuten, eta delitu zantzuak ikusi ditu epaileak. Iazko urtarrilean, Guardia Zibilak Herrira-rekin lotutako lau lagun eta hamabi abokatu atxilotu ondoren, «herri honek Guardia Zibilari xake-mate egiteko unea» zela esan zuen Arraizek. Hitz-jokoa egin zuen horrela, operazio hari jarri zioten izenarekin —Mateoperazioa deitu zion Eloy Velasco epaileak; urtebete lehenago, Xakeoperazioa egin zuten Euskal Preso Politikoen Kolektiboko bitartekarien aurka—.

Dignidad y Justicia elkarteak ez ezik, Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkari Carlos Urkijok eta EAEko fiskal nagusi Juan Kalparsorok ere delitu zantzuak ikusi zituzten Arraizen adierazpenetan. Hain zuzen, Urkijok jarri zuen lehenengo salaketa, eta horren harira hasi zuen ikerketa fiskaltzak. Kalparsorok esana du «estatuko instituzioen aurkako delitu bat» egon daitekeela Sortuko presidentearen hitzetan.

Arraiz deklaratzera deitzeaz gain, hainbat txosten ere eskatu ditu epaileak. Guardia Zibilari eta Ertzaintzari gertaerak egiaztatzeko eskatu die, eta informazioa emateko «[Espainiako] Estatuko segurtasun indarrak Euskaditik eta Nafarroatik botatzeko ETAren aldarrikapen historikoari» buruz. ETAk sorreratik gaur arte Guardia Zibilaren aurka egindako atentatuen inguruko txosten bat ere eskuratu nahi du epaileak.

Urte eta erdian, EPPKren aurkako hiru operazio egin zituen Guardia Zibilak: 2014ko urtarrilean, EPPK-ko bitartekarien aurka; iazko urtarrilean, abokatuen eta Herrira-rekin loturiko kideen kontra; eta, martxoan, Etxerat-eko eta Jaiki Hadi-koen kontra.

Mezua berretsi du Sortuk

Ez da lehen aldia Arraizen kontra jotzen dutena Sortuko presidente denetik. «Terrorismoari gorazarre» egitea ere leporatu zioten aurrez, 2013ko azaroan Josu Muguruza eta Santi Brouard gogoratzeko ekitaldian eginiko adierazpenengatik. «Duela 35 urte, ezker abertzaleak hautu bat egin zuen, bete-betean asmatu zuena gaurtik begiratuta», esan zuen, besteak beste. Orduan ere Dignidad y Justiciak jo zuen auzitara. 2014ko urrian, artxibatu egin zuten auzia.

Sortuk ohar bidez salatu du adierazpen askatasuna urratzen duela inputazioak, eta auzia eragin duen mezua berretsi du: «Guardia Zibila eta Auzitegi Nazionala salbuespen tresnak dira, eta desagertu egin behar dute».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.