Legea, giltzarrapo modura

Espainiako Estatuaren kartzela politikak euskal presoen eskubideak nola urratzen dituen aztertu dute Sarek bakeaz eta elkarbizitzaz antolatutako jardunaldietan.

Azkarraga, Martin Pallin, Lasagabaster eta Iruin, atzo, Gasteizko Europa Jauregian Sarek antolatutako mahai inguruan. JAIZKI FONTANEDA / ARGAZKI PRESS.
Gorka Berasategi Otamendi.
Gasteiz
2016ko azaroaren 29a
00:00
Entzun
Euskal presoek pairatzen duten «salbuespen egoera» eta dagozkien giza eskubideen «urraketa» salatu dituzte Gasteizen, Giza eskubideak, konponbidea eta bakea izeneko jardunaldietan. Lehen saioan, Sakabanaketa, zigorren batuketa eta salbuespenezko legedia izeneko mahai inguruan parte hartu dute Jose Antonio Martin Pallin Espainiako Auzitegi Goreneko magistratuak, Iñigo Iruin abokatuak eta Iñaki Lasagabaster Administrazio Zuzenbidean katedradunak. Sare plataforma herritarrak antolatu ditu jardunaldiak, Gasteizko Udalaren babesarekin, Europa Jauregian. Bakea eta elkarbizitza ardatz izango duen hitzaldi sorta atzo hasi zen, eta bihar emango diote amaiera.

Joseba Azkarraga Sareko bozeramaileak azaldu duenez, jardunaldien helburua da Euskal Herriko gatazka «guztiz ixteko» zein eragozpen dauden argitzea eta sentsibilitate politiko desberdineko pertsonen artean «mendeku nahirik gabe elkarri begiratzea» posiblea izango den egoera lortzen laguntzea.

Espainiako Estatuko epaitegiek euskal presoei ezartzen dieten zigor batuketa izan du hizpide Martin Pallinek. Hau da, EB Europako Batasunaren 675/2008/JAI araudiaren kontra, EBko estaturen batean betetako zigorrak kontuan hartu ez, eta delitu berarengatik euskal presoak berriz ere zigortzeko ezartzen duen irizpidea. Martin Pallinen hitzetan, «larria» da arazoa: «Zigor askoz txikiagoarekin edo aske behar zuten pertsonei eragiten die».

Magistratuak PPri egotzi dio Europako arauaren «izpiritua» bete nahi ez izatea. Europaren araua Espainiako legedian txertatzeko legea bultzatu zuen PPk Madrilgo Kongresuan 2014an. Lege horrek zehazten du Europak ezarritako irizpidea ezin izango dela aplikatu 2010eko abuztuaren 15aren aurretik emandako epaien kasuan. «Musikaren eta letraren arteko kontraesana dago».

Egoera juridiko horrek Auzitegi Gorenean «zatiketa» eragin du, Martin Pallinek azpimarratu duenez. Auzitegiko hainbat epailek estatuko legearen eta Europako arauaren arteko kontraesana argitzeko Estrasburgora jo nahi izan dute, baina gehiengoak atzera bota du asmoa. Martin Pallinen iritziz, «konfrontazio» gehiago izango dira auzitegian,eta epaileen gehiengoa irauliko denaren itxaropena agertu du.

Presoen urruntze eta sakabanaketa politikari amaiera ematea «aldarrikapen humanitarioa da», Lasagabasterren hitzetan. Kartzela politika horrek presoen eskubideak urratzen dituela salatu du; zehazki, «familia bizitzarako eskubidea». Lasagabasterrek ziurtatu du Europako Giza Eskubideen Auzitegiak hala ebatzi zuela Kodorowsky preso errusiarraren kasuan. Aldiz, Espainiak auzitegiak ezarritako jurisprudentziari muzin egiten diola deitoratu du. «ETAk jarduna amaitu zuenetik, [Espainiako] estatuak ez du urratsik egin. Kartzela politika gogortu egin du».

Presoak haien senideengana ez hurbiltzeko, Espainiako justiziaren ebazpenetan «biktimen duintasuna» kaltetzeko arriskua aipatzea zentzugabe jo du katedradunak.

Iñigo Iruin abokatuak, berriz, «salbuespenezko legedia» aztertu du. Salbuespenezko legediaren funtsa 7/2003 legean dago, abokatuaren hitzetan. Lege horrek «mendekua» bilatzen duela ziurtatu du abokatuak, eta presoak espetxe graduz aldatu eta kartzela abantailak lortzeko aukerak«blokeatu» egiten dituela. Hala, graduz aldatu edo baldintzapeko askatasuna eskatzeko bete beharreko zigorraren zatia nabarmen gogortzen du denboran. Horrez gain, presoari hainbat baldintza moral exijitzen zaizkio abantaila horiek eskatu ahal izateko. Iruinek ohartarazi du eskakizun horiek «etorkizunean indarkeria erabiltzeari uko egitetik harago» doazela, eta presoari bere pentsamendu politiko eta ideologikoa arbuiatzea exijitzen zaiola.

Bestalde, 7/2003 legeak atzera eragina du eta egun «terrorismo» delituengatik kartzelan dagoen preso orori ezartzen zaio, zigortu zuen sententzia legearen aurrekoa izanda ere.

Iruinek esan du «borroka juridikoa» inoiz baino garrantzitsuagoa dela. «Konfrontazio juridikoa ez da gertatu oraindik, baina iritsi beharra dauka. [Salbuespen legedia] Aberrazioa da».

Baimenak eztabaidan

Hitzaldien ostean, bertaratutakoen galderak erantzun dituzte hizlariek. Horien artean, Joseba Urrusolo Sistiaga Langraiz bideko preso ohiak galdetu du kartzela onurak lortzeko bideak zergatik ez zaizkien presoei lehenago proposatu. Iruinek erantzun du erabaki hori EPPKri dagokiola, eta ez berari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.