«Konpromiso faltari», planto

Ernesto Argote Trebiñuko alkatearen dimisioak eztabaidaren erdian jarri du berriro konderriaren afera historikoa. Erakundeak negoziatzen ari diren hitzarmenak lurraldetasuna ez jasotzeak sumindura eragin du Trebiñun. Salatu dute herritarrei «pazientzia agortzen» ari zaiela.
Trebiñuko herrira sartzeko errepide seinalearen irudia. Geografikoki Araban egonagatik, Gaztela eta Leongo (Espainia) administrazioaren menpe jarraitzen du konderriak.
Trebiñuko herrira sartzeko errepide seinalearen irudia. Geografikoki Araban egonagatik, Gaztela eta Leongo (Espainia) administrazioaren menpe jarraitzen du konderriak. RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS

Edurne Begiristain -

2017ko urtarrilak 7
E z aurrera, ez atzera. Urteak joan urteak etorri, geldirik, blokeatuta eta konponbiderik gabe jarraitzen du Trebiñuko aferak —Arabako erdialdean egonagatik, Gaztela eta Leongo (Espainia) administrazioaren esku dago eskualdea—. EAEko eta Gaztela eta Leongo gobernuek ez dute lortu, gaurdaino, administratiboki banatuta dagoen konderri horri irtenbidea aurkitzea. Egoerarekin gogaituta daude Trebiñuko herritar asko, baita Araban integratzearen alde lanean ari diren ordezkari politiko-instituzional gehienak ere.

Horietako bat da Ernesto Argote, orain arte Trebiñuko alkate izandakoa. Argotek abenduaren 16an eman zuen dimisioa, erakundeak Trebiñuko auziari «bizkarra» ematen ari zaizkiola salatzeko. Arabako Aldundiak, Burgosko Diputazioak eta Gaztela eta Leongo Gobernuak konderria «utzia» dutela eta «konpromisorik» ez dutela hartzen agerian utzi nahi izan zuen protestarekin. Haren salaketari batu zitzaion egun gutxira Ignacio Portilla talde independenteko (AEICT) zinegotzia ere, kargua utzita.

Trebiñuko ordezkari politikoen plantoak mahai gainean jarri du, berriz ere, konderriaren anakronismo historikoa. Azken 30 urteetan trebiñarrak saiatu dira lege prozedurei jarraituta Trebiñu Arabara integratzen, baina Gaztela eta Leonen ezezkoarekin topo egin dute beti. Katramila politiko-administratiboak konponbiderik gabe jarraitzen duen bitartean, alor ezberdinetako hitzarmenei esker gutxieneko zerbitzuak bermatuta dauzkate bertako herritarrek. Ordea, sakoneko auzi politikoak irtenbiderik gabe jarraitzen du. Horrela utzi dute agerian azken asteotan Arabako Diputazioak eta Burgoskoak zerbitzu publikoen kudeaketan elkarlanean aritzeko abiatu dituzten elkarrizketek: lurraldetasunaren auzia negoziazioetatik kanpo utzi dute, eta zerbitzu publikoetara mugatu dute bien arteko hitzarmena.

Arabako Foru Aldundiak errespetuz hartu ditu protestok, baina ez ditu begi onez jaso. «Zilegi» jo du Trebiñu Arabara batzeko aldarrikapena, baina esan du bere proposamenaren helburua «herritarren bizi kalitatea hobetzea» eta foru gobernuaren eta Burgosko Diputazioaren arteko elkarlanari «babes legal eta juridikoa» ematea izan dela.

Trebiñuko alkate ohi Argote ernegatuta dago, ordea, aldundiaren jarrerarekin. «Urte asko dira erakundeek auziaz hitz egiten dutela, baina ez dute ezer egin orain arte. 'Aski da!' esateko garaia iritsi da», mintzatu zaio Argote BERRIAri, suminduta, dimisioa eman eta egun batzuetara. Egoerarekin «nekatuta» dagoela aitortu du, hitzetatik harago Trebiñurekiko «konpromiso falta» sumatzen duelako EAEko erakundeen aldetik. Lurraldetasunaren auzia «osotasunean» eztabaidagai ez izatea eta «adabakiak» jartzea egotzi die Arabako Foru Aldundiari eta Burgosko Diputazioari. Argoteren ustez, negoziatzen ari diren hitzarmena «ez da serioa», ez duelakoan auzi politikoa konpontzen.

«Presio» bideak

«Blokeoa» salatzeko dimisioa emateko eskatu zien Argotek zinegotziei abenduan, baina ez zuen esperotako erantzunik jaso. Izan ere, Portillak baino ez zuen bat egin protestarekin, eta udal aginte makila taldekide Elena Ramirezek hartu zuen duela gutxi. Argotek «konfiantza epe bat» eman dio bere ordezkoari: «Sei hilabetean zer edo zer lortzeko kapaz ez bada, jarrera gogortu beharko genuke, denok dimisioa eman eta nolabaiteko desgobernu bat sortu, presioa egiteko».

Alabaina, EAErako integrazioaren alde dauden ordezkari politiko guztiak ez datoz bat muturreko jarrera horrekin. Argoteren eta Portillaren dimisioak «ulergarriak» direla iritzi dio Iker Garcia de Eulate Trebiñuko EH Bilduko zinegotzi eta Trebiñu Araba Da herri mugimenduko kideak, baina bestelako bideak jorratzearen aldekoa da. «Konfrontazio instituzionalean sakondu behar dugu, eta, aldi berean, herri mugimendua sustatu eta aliantza berriak bilatu behar ditugu Gaztela eta Leonen eta, oro har, Espainian». Uste du dimisioekin integrazioaren aldeko batasuna «ahulduta» geratu dela, eta ezinbestekotzat jo du udal gobernuak estrategia bateratua bultzatzea.

Izan ere, azken udal hauteskundeetako emaitzek sendotu egin dute Araban sartzearen aldeko nahia —PPk botoen erdiak galdu ditu, eta Araban sartzearen aldeko indarrak nagusi dira konderrian, %85eko babesarekin—, eta batasun hori baliatu behar dela uste du Garcia de Eulatek. Gainera, Espainiako Kongresuan PPk gehiengo osoa galdu izana «itxaropentsua» ere badela iritzi dio EH Bilduko zinegotziak, eta 2013an zabaldutako bideari berriro heltzeko aukera ikusten du. Orduan, konderriko bi udalen ekimenez, Eusko Legebiltzarrak probintzia mugak aldatzeko ekinaldi legegilea eraman zuen Kongresura. Gorteek atzera bota bazuten ere, nahi beste bider aurkezteko prest daudela esan dute Trebiñuko udal ordezkariek, onartua izan arte. «Lehenago edo geroago, lortuko dugu», dio Garcia de Eulatek.

Ziurgabetasuna, egunero

Bide formalek arrakasta izan arte, ordea, banaketa administratiboaren ondorioak egunerokoan pairatzen dituzte trebiñarrek, eta etengabeko ziurgabetasunean bizitzera kondenatuta daude. Hala, gutxieneko zerbitzuak modu egokian jasotzeko ezinbestekoak dituzte erakundeen arteko hitzarmenak.

Kaltetu zuzenak izanda, Trebiñuko eta Argantzungo udalek hainbat lan esparru jasotzen dituzten hitzarmen proposamenak egin dizkiote azken urteotan Arabako Diputazioari. Azkena joan den maiatzean helarazi zion Trebiñuko Udalak; besteak beste, hauexek planteatzen zituen: larrialdi eta herritarren babeserako zerbitzuak, osasuna, hezkuntza, euskararen ofizialtasuna, garapenerako plan estrategikoak, gizarte zerbitzuak eta inbertsioen aurreikuspena. Proposatutako hitzarmena behin-behinekoa izateko galdegin zuen, Espainiako Kongresuak konderria Arabara batzeko legea eztabaidatu arte. Baina proposamen horri bizkarra eman dio Arabako Aldundiak.

Hori gutxi balitz, auzitegien itzala gainean daukate une oro trebiñarrek. Izan ere, konderriko udalek hartutako erabaki eta eskaera asko baliogabetzeko mehatxua egiten du Gaztela eta Leonek, «ordenamendu juridikoa» eta eskumenak urratzen direla argudiatuta. Besteak beste, Araban elurte plan bateratu bat abiatzeko, autobus linea batek konderria zeharkatzeko eta foru instituzioaren esku orrietako mapa agertzen den irla ezabatu eta horren ordez Trebiñu agertzeko egindako eskaerak legez kanpokotzat jo ditu Gaztelak.

Erakundeen ate kolpeak jasotzearekin gogaituta daude Trebiñuko herritarrak. Indarrak ahitzen ari zaizkiela dio Argotek: «Bide formaletatik ez dugu ezer lortuko. Hankaz gora jarri behar dugu dena, eta errepublika independentea aldarrikatu». Beto etengabeen aurrean «pazientzia agortzen» ari zaiela aitortu du Garcia de Eulatek. Haren ustez, integrazioaren partida «etxean jokatzeko» ordua iritsi da, eta egitateen bidea jorratu behar da, auzitegiek egiten dutena eginda.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna