«Estatu gaietan» Rajoyren erantzunik gabe segitzen duela salatu du Urkulluk

Bilerarako ez dute oraindik hitzordurik jarri. «Formula badu», Madrildik «itundutako erreferenduma» ekartzeko eskatu dio Otegik lehendakariari

enekoitz esnaola
2017ko otsailaren 11
00:00
Entzun
Planteatu dizkion «estatu gaietan» Mariano Rajoy Espainiako gobernuburuak hitz egin nahi izan gabe jarraitzen duela salatu du Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariak, Bilboko Herri Irratiko elkarrizketa batean. Espainiako Estatuaren «birzentralizazioa», EAEko autogobernuaren garapena eta «indarkeriaren amaiera ordenatua» aipatu ditu. Ia hilabete eta erdi pasatu da Rajoyk bilduko direla hitzeman zionetik —Urkulluk eman zuen berria, ez Rajoyk—, baina ez dute hitzordua finkatu. Jaurlaritzako lehendakariak aitortu du bi gobernuak alor batzuez mintzatu direla azken asteetan, «baina [Moncloaren partetik] ez da hitz egin nahi edo ez zaie erantzunik eman nahi estatu gaiei». Hala, euskal gizartearekiko begirunerik ez izatea egotzi dio Rajoyri.

2014ko irailean egin zuten euren arteko azken bilera. Ikusita erantzun baikorrik ez zela iristen, Urkulluk ohartarazi zuen «politikoki denbora amaitzen» ari zela, eta, zenbait eskakizunetarako, urte hartako abenduaren 31ko muga jarri zion Rajoyri: Madrilek igorri beharreko transferentziak, AHTaren lanen finantzaketa, Forondaren egun osoko irekiera eta kupoaren eguneraketa. Lehendakari denetik —2012ko abendua—, bost aldiz batzartu dira biak.

EAEn legealdia hasi berri dutela eta, Felipe VI.a Espainiako erregearekin «kortesiazko» bilera egiteko zain ere badago Urkullu.

Arnaldo Otegi EH Bilduko bozeramailearen iritziz, «oso lan kaskarra» ari da egiten Urkullu. Kataluniako prozesuarekin daukan jarrera jarri du adibide modura. «Lehendakariak dio katalanek egin behar dutena Madrilekin erreferendum bat negoziatzea dela. Saiatu dira, baina Madrilen inor ez dago hori egiteko. Urkulluk badauka formula, oso erraza du probatzea: ekar dezala itundutako erreferendum bat Euskal Herriarentzat».

Otegik uste du Kataluniak «galtzen» badu euskal herritarrek ere galduko dutela. Halaber, esan du Katalunia estatu bihurtzen bada Hego Euskal Herriakekonomikoki ere «kostua» pairatuko duela Espainian segituta. Katalunia errepublika izateko desioa azaldu du EH Bilduko kideak.

Kursaaleko saiora ez

Urkulluk iragarri du ez dela joango Juan Jose Ibarretxe Jaurlaritzako lehendakari ohiaren eta Artur Mas Kataluniako Generalitateko presidente ohiaren hitzaldira, ez zaiolako «normala» iruditzen gobernuburu bat beste arduradun politiko batzuen saio batera joatea. Hilaren 22an izango da solasaldia, Donostian (Kursaal, 19:00), Gure Esku Dago-k eta Agirre Lehendakaria Centerrek antolatuta. Gaia: Erabakitzeko eskubidea: Kataluniako prozesua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.