Parisko bilerei buruz, balorazio baikorra egin du bakegileen taldeak

Zortzi hitzordu izan ditu Euskal Herritik joandako ordezkaritzak, bake prozesuaren berri eman eta presoen gaian urratsak eskatzeko. Justizia Ministerioa lan bat abiatzeko prest agertu da
Etxeberri, Frantzia Intsumisoko kideak, Bagoaz-eko Emilie Martin, eta Emilie Dutoya eskualde kontseilaria.
Etxeberri, Frantzia Intsumisoko kideak, Bagoaz-eko Emilie Martin, eta Emilie Dutoya eskualde kontseilaria. BAKE BIDEA

Ekhi Erremundegi Beloki -

2017ko uztailak 11
«Biziki baikorra». Hala definitu du Jean Noel Etxeberri Txetx bakegileak Parisera egin duten bidaia. Egun betea izan zuten atzo, gatazkaren konponbidearen alde Euskal Herritik joandako ordezkaritzako kideek. Zortzi hitzordu izan zituzten, botere exekutibo eta legegilearekin, eta giza eskubideen inguruan lan egiten duten erakunde independenteetako ordezkariekin; prentsaurreko bat eman ere zuten.

Presoen gaian berehalako neurriak eskatzea zen beren helburu nagusia. Horretarako, erakundeetako ordezkariz, hautetsiz, eta gizarte zibileko eragileetako kidez osatutako 20 pertsonako ordezkaritza alde batera eta bestera ibili zen egun guzian. «Biziki harrera ona» izan dutela baieztatu du, eta, batzuen kasuan, esku hartzeko engaiamendua ere hartu dute. Ez dute ezezkorik jaso, baina azken orduan lotu dituztenez hitzorduak, agenda arazoak tarteko, ezin izan dira talde parlamentario guziekin bildu. Hala ere, Frantzia Intsumisokoek eta Alderdi Komunistakoek abenduaren 9ko mobilizazioa prestatzeko irailean Parisen eginen duten bilkuran parte hartzea onartu dute.

Azkenik, Justizia ministroaren kabineteburuarekin elkartu dira, Jean Rene Etxegarai Euskal Elkargoko presidentea, Vincent Bru Modemeko diputatua, Anaiz Funosas Bake Bideko presidentea, eta Mixel Berhokoirigoin eta Michel Tubiana bakegileak. Ministroak euskal presoen gaiaren ezagutza «bikaina» zuela adierazi du Etxeberrik. «Gure desmartxaren zentzua ulertu du, eta ondoko asteetan lan bat abia dadin nahi du, elkarrizketa giro batean. Gure ordezkaritzak hitzordua positibotzat jotzen du». Elkarren berri emateko egunaren bilan «biziki baikorra» egiten dutela baieztatu du, eta segida anitz izanen duela.

Bestalde, Frantziako Amnesty International euskal gatazkaren konponbidea lantzen hasiko dela jakinarazi zuen Germaine Blezio Baionako kideak. Ekainaren 17 eta 18an iragan zuten biltzar nagusian, Ipar Euskal Herriko gainerako kideekin Egia, justizia eta erreparazioa Euskal Herrian ebazpena proposatu zuten. «Biziki pozik gaude; iaz ere aurkeztu genuen, baina ez zen onartua izan». Balio sinbolikoaz gain, ondorio praktikoak ere izanen ditu ebazpena onartzeak, gaiari heldu eta ikertzen hasiko delako.

Baraualdian «baikor»

Bestalde, baraualdian segitzen dute Konponbide gosez ekinaldia abiatu duten lau gazteek. Orain artekoarekin «baikor» agertu da Koldo Etxegarai parte hartzailea. «Egunero 30 eta 40 pertsona artean bertaratu da orain arte, hitzaldi eta bestelako ekitaldietan parte hartzera». Bereziki gazteak agertu direla azpimarratu du: «Aktibismo gune bat prestatu dugu. Anitz animatu da ekimenaren berri bere herrian zabaltzera».

Halaber, eragile anitzetako ordezkariek erakutsi diete babesa lau gazteei. Bakegileez gain, Martine Bouchet CADE elkarteko kidea eta EIPK iheslarien kolektiboko kideak izan dira Hiriburun azken egunetan. Atzo, Bizi mugimenduko ordezkaritza batek 24 orduko baraualdia egin zuen haiekin, eta, gaur, hautetsi talde bat ere agertuko da. Anartean, Ipar Euskal Herriko gazte kolektiboei deika segitzen dute, Gazte Adierazpena izenpe dezaten. Batzuekin «zaila» dela onartu badu ere, pozik dago Etxegarai, gero eta gehiago direlako izenpetzaileak. Abiatu duten ekinaldia babestera deitu du, Hiriburura joanez edo martxan jarri duten diru biltze kanpainan ekarpena eginez.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna