Lehen mailan aritzeko xedez

Gaur iraganen da EH Bairen biltzar nagusia, «ziklo berri bat» ireki nahian. Antolaketa eredu bat proposatuko dute, proiektu politiko «integral» bat helburu.

Aberri egunerako zuzendaritza politiko berria bozkatua izango du formakuntza abertzaleak, eta proiektu politikoa 2019rako prest nahi du. ISABELLE MIQUELESTORENA.
Eneko Etxegarai Urain.
Baiona
2018ko martxoaren 3a
00:00
Entzun
Mugarri bat. Horixe izan nahi du gaur Hazparnen (Lapurdi) iraganen den EH Bairen biltzar nagusiak. Antolaketa eredu berri bat bozkatuz, 2020ko herriko zein elkargoko hauteskundeetan, «proiektu politiko integral eta integratzaile bat», aurkeztu nahi dute abertzaleek. Apirilean iragan beharko luketen barne hauteskundeetatik, zuzendaritza berri bat eratuko lukete EH Baiko militanteek, eta horrek 2019rako prest egotea nahi duten proiektu politiko «berritua» lantzeko ardura izanen du. «Ziklo bat ixteko, eta berri bat irekitzeko», dio Eneko Aldana Ziburuko (Lapurdi) hautetsi eta mugimenduko kideak. 2018an itxi, 2011n ETAren behin betiko su etenarekin zein 2012ko hauteskunde legegileekin hasi zena.

2014ko herriko hauteskundeen emaitzak zein kantonamenduetakoak, 2017ko legegileenak, alderdi tradizionalisten gainbehera, edota gatazkaren konponbidean ematen ari diren aldaketak, egonkortzetik hazten hasteko aldeko baldintza gisa baloratzen dituzte abertzaleek. Horretarako, anbizioz jokatu nahi dute. Argi du hori Aldanak: «Arlo instituzionalean bai, eta karrikan hegemoniaren lehian sartu behar dugu, gehiengoak artikulatu behar ditugu». 1789ko Frantziako Iraultzatik, Ipar Euskal Herriak eskuratu duen lehen ezagutza instituzionala da Euskal Hirigune Elkargoa. «Marko politiko bat instalatu du, joko zelaiaren eremua guretzako egina da, gainera», dio Ziburuko hautetsiak.

Eta gisa berean ikusten du egoera Nicolas Blain Makeako (Lapurdi) hautetsi eta EH Baiko kideak ere: «Argi berdeak piztuak dira, badakigu lan anitz dugula egiteko, eta arduraz jokatu behar dugu». Argiak berdean direla, hots, baldintzak alde dituztela, ados dira.«Baina, oraingoz, autoa ez dago bide horiek hartzeko prest», laburbildu du ziburutarrak.

2007an sortu zen EH Bai, Batasuna, Abertzaleen Batasuna eta Eusko Alkartasunaren arteko koalizio gisa. «Zazpi urtez hiru alderdien arteko koalizio bat ginen, hauteskundeetara joateko osatzen genuen, emaitzen bilana egin, eta bakoitza bere etxera zihoan gero», gogoan du Blainek. 2014an mugimendu izateko hautua egin zuen, alderdien ordezkariak heren batera mugatuz, eta beste bi herenak EH Bairen herrietako militanteek osatzen zituzten. «Orain, alderdien ordezkariek %10 izanen dute, nahiz eta antolaketa eredu berriaren iturburua ez den hortik heldu», zehaztu du Aldanak. Hala nola «eraginkortasuna eta barne parte-hartzean oreka mantentzeko» nahia izan direla dio.

Gaur arte koordinazio lana eta zuzendaritza politikoaren funtzioa, EH Bairen organo bakarrak bete behar zuen: delegatuen batzarrak. «Ito gara aktualitateak eskatzen duen lan zaman», azaldu du Blainek. «Arloetako lana ezin zen ongi segitu», zehaztu du Aldanak. Adibidea jarri du Blainek: «Euskara lantalderik ez du EH Baik, horretan aktibo diren militanteak baditugu, baina zuzendaritzan ez dugu sekula euskarari buruzko segipenik egin». Horren aldatzeko, Ipar Euskal Herriaren garapenerako garrantzizkoak diren «zortzi arlo estrategiko» identifikatu dituztela azaldu du Aldanak. Arlo bakoitzak bere ordezkaria izango du, eta gaiaren segipena egingo du EH Baik. Horrez gain, hiru organoz osaturiko antolaketa eredua proposatuko diote gaur EH Baiko kidegoari.

Zuzendaritza politikoa, alderdien ordezkariek, zortzi arlo estrategiko horien eta batzorde organikoen ordezkariek osatuko dute. Batzorde organikoak dira: diruzaintza, bozeramaileak eta komunikazioa, prestakuntza politikoa eta arlo instituzionala. Bakoitzak ordezkari bana izango du zuzendaritzan. Instituzioetaz arduratuko litzatekeen batzorde organikoa «garrantzitsutzat» baloratzen du Aldanak. Gaur egun, elkargoan, EH Bairekin identifikatzen diren 34 hautetsi daude, eta 150etik gora herrietan. «Hori guztia kudeatu behar da, koherentzia mantendu, potentzialtasun instituzional ikaragarri bat dugu», azpimarratu du Ziburuko hautetsiak.

Ezinbestekoak direnak

Abertzaleen proiektu politikoa berriz definitzeko orduan, begi bistakoak diren bi parametro daude: ezagutza instituzionalarena bata, eta hiriguneetan abertzaleen pisua handitzearena bestea. «Eskailera maila bat igo dugu elkargoarekin, orain zein da bigarrena, eta nola egin?», galdera bota du Aldanak. Ezagutza gehiago eskuratu behar dutela diote elkarrizketatuek. «Beti aldarrikatu dugu Frantziako Estatutik lege moldaketa bat behar dela Ipar Euskal Herriari ezagupen bat emateko», dio Blainek, eta oinarri ideologikoetan autonomia aldarrikatzen dela oroitarazi du Aldanak. «Elkargoaren kudeaketan buru-belarri sartu behar gara, baina burua altxatu behar dugu, abertzale gisa ez baita hori aldarrikatzen genuena», oroitarazi du Blainek ere.

Eskuratu nahi duen erreferentzialtasunean zeregin handia izango du egiteko EH Baik Miarritze (Lapurdi), Angelu (Lapurdi) eta Baiona (Lapurdi) hirigunean. Bertan ateratzen ditu emaitzarik apalenak eta.«Populazioaren erdia den gunean sarbide apala duzunean, eta helburua baduzu gehiengoak artikulatzea, orduan galderak egin behar zaizkio norbere buruari, eta erantzun», iritzi dio Ziburuko hautetsiak. Bestela, helburuak «inoiz» ez direla lortuko dio. «Ezinbestean, gogoeta bat egin beharko da BAMen inguruan; populazioaren erdia hor dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.