Hezkuntzako batasuna berrikusi beharrean

ELAk eta Steilasek iragarri dute mobilizazioei eutsiko dietela, nahiz eta LABek irakasleenean ez beste sektoreetan eten dituen. Gaur bilduko dira hiru sindikatuak, egoera aztertzeko
MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS Tamaina handiagoan ikusi

Jon Rejado -

2018ko martxoak 7

ELAk, LABek eta Steilas sindikatuek markatu dituzte hezkuntza publikoan egin diren protestak, aurreko ikasturtetik. Batasun sindikal gisa, hamaika mobilizazio egin dituzte ordutik: hiru greba hezkuntza publikoko sektore guztietan; sektorekako grebak; itxialdiak; elkarretaratzeak Hezkuntza Saileko ordezkaritzen aurrean... Batasun hori, ordea, kolokan geratu da. LABek mobilizazio dinamika gehienak eten zituen aurreko ostiralean, hau da, irakasleen sektorearenak ez beste guztiak: sukaldeak eta garbiketa, Haurreskolak eta heziketa berezia. ELAk eta Steilasek harridura agertu dute erabakia dela-eta, baita aurrera begirako zalantzak ere: hezkuntza publikoari dagozkion aldarrikapenetan adostasunik ez badago, batasun sindikalari eustea posible ote den galdetu dute.

Gaur arratsaldean elkartzekoak dira hiru sindikatuak. Lehenengo bilera da LABek greba deialdirik gehienak bertan behera utzi zituenetik. Erabakia ezagutarazi aurretik adostuta zegoen bilera, baita sukalde eta garbiketako sektorean akordioa sinatu aurretik ere. Edonola ere, elkartzeko beharra dagoela uste du Maider Izagirre LABeko ordezkariak: «Nahi ala ez, beste agertoki baten aurrean gaudela aitortu behar da, eta hori aztertu behar dugu».

Mobilizazioei eutsi

Batzartu aurretik, askotariko abiapuntuak dituzte sindikatuek. LAB irakasleen sektoreko elkarlanari eustearen aldekoa da: «Irakasleen sektorean ez dugu, oraingoz, nahikoa eduki mahai gainean; horren lanketa batasun sindikalaren barruan egin nahiko genuke». Ana Perez Steilaseko ordezkariak kritikatu du LABek «aldebakartasunez» hautsi izana batasun sindikala, baina ez daki, oraingoz behinik behin, egoera nola kudea daitekeen. «Ez dakit logika handia duen sektore batean guztiok batera agertzeak, eta ez beste hiruretan». ELAk ez du ezer iragarri nahi; hil honen 14ko eta 15eko grebarako deialdietan jarri du arreta Miren Zubizarreta sindikatuko ordezkariak. «Lau sektoreetan deitu dugu greba, eta gerokoak gero».

Sindikatuen arteko harremana aldatu ez ezik, Hezkuntza Sailarekiko negoziazioan ere eragingo duela uste dute ELAk eta Steilasek. Zubizarretak nabarmendu du lortu dena mobilizazioei esker izan dela: «Sinetsita gaude mobilizazio dinamika dela bidea; hala erakutsi digu Eusko Jaurlaritzak urte hauetan guztietan». Bide horretan aurrera egin behar dela nabarmendu du: sindikatuaren oinarriek hala berretsi dutela. Perezek uste du, halaber, jarraipena eman behar zaiela. «Aurrera egin badugu, mobilizazioei esker izan da; horiei uko egitea Hezkuntza Sailari txeke zuria ematea da».

Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak kontrako iritzia agertu du. Haren iritziz, bateragarria da ikasgeletan normaltasuna izatea eta negoziatzen jarraitzea. «Negoziazio mahaia da akordioak lortzeko lekua, lan baldintzak hobetzeko eta eskaintzen dugun hezkuntza zerbitzuaren alde egiteko».

ELA eta Steilas bereziki kritiko agertu dira LABek batasun sindikala apurtu duelako «egoera larriena» duten sektoreetan. Haurreskolak, sukalde eta garbiketa zerbitzuak, eta heziketa bereziak behin-behinekotasun tasarik handiena duten eta feminizatuen dauden sektoreak direla nabarmendu dute. Zubizarretak azaldu du Hezkuntza Sailaren proposamenek ez dutela erantzun zabal bat ematen: «Sektore horietan egiturazko arazoak daude, eta ez zaie erantzunik ematen».

Izagirrek berretsi du sektore horiek direla egoerarik okerrenean daudenak, eta mobilizazioak eten badituzte horrexegatik izan dela: «Proposatu dizkiguten edukiak langileekin partekatu ondoren hartu genuen erabakia». Halaber, egiturei heltzeko eztabaidak funtzio publikoko mahaian abiarazi behar direla gaineratu du, ez hezkuntzako mahaietan.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Albiste gehiago

Gaztelugibelean, Erruki Etxetik irten ostean, manifestariak ilaran ©Idoia Zabaleta

Zaintza erdigunean jartzeko aldarrikatu dute Hegoaldeko lau hiriburuetan

Berria

Iruñeko mobilizazioan, Erruki Etxetik irten da ehunka lagun, Zainduz senideen plataformak deitutako manifestazioan, adinekoen egoitzarako baliabide gehiago eta egoiliar eta langileentzako duintasuna exijitu dituzte

Sexu eraso bat salatzeko egindako elkarretaratzea, Barakaldon, artxiboko irudian ©marisol ramirez / foku

Barakaldon gizon bat atxilotu dute emakume bati sexu abusuak egitea egotzita

Berria

Erasoa atzo gauean gertatu zen, Barakaldoko autobus geltoki baten inguruan.

Osasun langileak lanean, Gurutzetako  ZIUan, artxiboko irudian ©marisol ramirez / foku

Hegoaldean 2.000 positiboren langa gainditu da

Irati Urdalleta Lete

Bigarren olatuko daturik txarrenak izan dituzte Araban eta Bizkaian. Guztira, 2.082 kasu atzeman dituzte. Beste bost lagun hil dira Nafarroan.

 ©IDOIA ZABALETA / FOKU

«Leku eman behar zaio minari ere»

Uxue Rey Gorraiz

Pandemiak bizitza sozialean ezarritako mugek zuzenean baldintzatu dituzte herritar askoren dolu prozesuak; min ematen dutela onartzea «funtsezkoa» dela nabarmendu du Mateok.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna