Nafarroako Gobernuak ere bat egin du Altsasukoen aldeko manifestazioarekin

«Neurritasun printzipioa» aldarrikatu du Maria Solanak. Esparru askotako eragileek babesa agertu diote larunbateko mobilizazioari
Maria Solana bozeramaileak ordezkatuko du Nafarroako Gobernua, larunbateko manifestazioan.
Maria Solana bozeramaileak ordezkatuko du Nafarroako Gobernua, larunbateko manifestazioan. JESUS DIGES / EFE

Joxerra Senar -

2018ko apirilak 12
Nafarroako Gobernuak ere bat egin du datorren larunbatean Iruñeko karrikak zeharkatuko dituen manifestazioarekin, Altsasu auzian epaituko dituzten gazteentzat «justizia» eskatzeko.

Nafarroako Parlamentuak joan den astelehenean bat egin zuen mobilizazioarekin, «berme demokratikoen aldeko konpromisoa erakusteko» asmoz, eta orain Nafarroako Gobernuaren txanda izan da. «Asteleheneko agiria irakurri ondotik, herritarrak bat egitera deitzen ditugu», adierazi du Maria Solana Gobernuko eledunak. Solana bera izanen da manifestazioan, gobernuaren izenean.

Solanaren arabera, «neurritasunaren printzipioarekiko errespetua» aldarrikatuko dute. Esan duenez, neurritasun horretatik kanpo daude orain arteko erabaki judizialak: adibidez, behin-behineko espetxealdian 500 egun baino gehiago daramate hiru gaztek. «Horrek aurrez aurre talka egiten du neurritasun printzipioarekin», esan du.

Gobernuaren bozeramaileak erantsi du pertsona, eragile eta erakunde ugarik, «baita europarrak ere», bat egiten dutela ikuspuntu horrekin. «Ahal dugun neurrian eta eskubideak bermatu behar ditugun heinean, uste dugu, erkidegoko erakunde nagusi moduan, larunbateko aldarrikapen horretan egon behar dugula», nabarmendu du.

Manifestazioa Golem zinema aretoetatik hasiko da 17:30ean, eta Gazteluko plazan amaituko da.

Atxikimendu ugari

Parlamentuarenaz eta gobernuarenaz gain, bestelako babesak ere jaso ditu larunbat honetan egingo den protestak. Besteak beste, eragile politiko ugarik, sindikatuek, Iruñeko peñek eta beste zenbaitek atxikimendua adierazi dute.

Nafarroako politika, kultura, gizarte eta kirol arloko 30 bat lagunek agiria izenpetu dute, manifestazio deialdiarekin bat egiteko. Sinatzaileen artean daude, besteak beste, Pedro Miguel Etxenike, Montxo Armendariz, Helena Taberna, Carlos Garaikoetxea, Daniel Innerarity, Juan Martinez de Irujo eta Mariano Ferrer.

Geroa Bai koalizioak manifestazioan parte hartzeko deia egin die herritarrei. Uste du «proportzionaltasun gabezia» dagoela auzian, eta horrek «eragin larria» duela epaituko dituzten gazteengan zein herri osoan. EAJk ere bat egin du manifestazioarekin, eta uste du neurritasunik gabe «justiziarik» ez dagoela. «Altsasun gertatutakoa ez da terrorismoa», esan du. EAk «kezka» agertu du «egungo atzerapen demokratikoaren inguruan», eta Euskal Herriko Apaizen Koordinakundeak ere «apal, zintzo, baina ozen» esan du ez dela zilegi «gazteon bizitza txikitzea».

Epaiketa datorren astelehenean hasiko dute Madrilen, Espainiako Auzitegi Nazionalean. Fiskalak 50 urteko espetxe zigorra eskatu du sei auzipeturentzat; 62 urte eta erdikoa beste batentzat eta 12 urte eta erdikoa bestearentzat. Terrorismo delitua egozten diete, 2016ko urrian, Altsasuko taberna batean, bi guardia zibilekin izandako liskarrengatik.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna