Mikel Albisu presoari eraso egin diote espetxean, gertukoek salatu dutenez

Jakinarazi dute beste preso batek jipoitu zuela eta kubitua apurtua duela. Sortuk dio sakabanaketak «presoen babesgabetasuna» duela xede
Donostako Antigua auzoan agertutako pankarta, Albisuren kontrako erasoa salatzeko.
Donostako Antigua auzoan agertutako pankarta, Albisuren kontrako erasoa salatzeko. BERRIA

Gotzon Hermosilla -

2018ko apirilak 17
Mikel Albisuren gertukoek zabaldu dutenez, euskal presoa erizaindegian da, joan den larunbatean beste preso batek eraso egin izanaren ondorioz. Erasoa Reauko espetxean (Frantzia) gertatu zen, 18:30 aldera, Albisu liburutegian zegoelarik, eta espetxe horretako erizaindegira eraman zuten horren ostean. Euskal Herritik 930 kilometrora dago Reau.

Oraingoz, presoaren senitartekoek ez dute informazio handirik gertatutakoaz, baina jakin dute Albisuk apurturik duela ezker besoko kubitua, aurpegian eta buruan ere zauriak dituela eta ez zuela konorterik galdu erasoaren ondorioz. Ebakuntza egin behar izan diote besoan.

Erasoaren berri izan eta segituan, pankartak jarri zituzten Donostiako Antigua auzoan —hangoa da Albisu—, gertatutakoa salatzeko. Eskoriatzan ere (Gipuzkoa) elkarretaratzea egingo dute gaur, 19:30ean. Izan ere, Marixol Iparragirre euskal presoaren bikotekidea da Albisu, eta Iparragirre Eskoriatzakoa da.

BERRIAk jakin duenez, beste presoak zuzenean egin zion eraso Albisuri, tartean bien arteko hitzik edo sesiorik egon gabe. Oso litekeena da eraso egin zion presoak espetxe horretatik lekualda zezaten egin izana, ohikoa izaten baita horrelakoak bilatzen dituztenek euskal presoen kontra egitea, gertukoek salatu dutenez. Diotenez, euskal presoak kolpatzea ez dela zaila edo arriskutsua izaten —normalean kideengandik bakartuta egoten dira—, eta, aldiz, kanpoan babes sare zabala dutenez eta horrelako erasoek oihartzun handia izaten dutenez, neurri eraginkorra izaten dela horrelako xedeak erdiesteko.

Mikel Albisu 2004an atxilotu zuten Saliesen (Akitania). Orduan, Espainiako Poliziak ETAren arduradun politikotzat jo zuen. Egun, EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboko mintzaide taldeko kidea da. Idazlea ere bada, eta literatur ibilbide luzea egin du Mikel Antza ezizenarekin.

«Ez da lehen aldia»

Sorturen Presoen Aldeko Batzordeak nabarmendu du sakabanaketak «euskal presoen babesgabetasuna» bilatzen duela, eta eraso hau ere «babesgabetasun egoeran» gertatu dela. «Ez da lehenengo aldia kartzelariek edo preso arruntek euskal preso politiko bati eraso egiten diotela», esan dute; «kartzelariek baliatu izan dute presoak sakabanatuta eta urrunduta izatea, batzuetan presoak zuzenean probokatu eta haiei eraso egiteko, eta beste batzuetan konfiantzazko presoak bultzatu izan dituzte euskal presoen aurka jardutera».

Sortuk nabarmendu du garrantzitsua dela euskal presoak «bakarturik» ez egotea, «inpunitate gunerik» egon ez dadin. Bide batez, «elkartasuna eta besarkada beroa» helarazi nahi izan diote Mikel Albisuri eta haren senide eta kideei.

Preso ohiak plazara

Joan den igandean, 250 bat preso eta iheslari ohik agerraldi bat egin zuten Donostian, duela bi urte Usurbilen (Gipuzkoa) hartutako konpromisoa berresteko. Oraindik preso daudenak «inoiz bakarrik ez uzteko» borondatea agertu zuten, eta azaldu zuten ezinbestekoa dela, EPPK urratzen ari den bidea «eraginkorra» izan dadin, lehen graduari «bukaera» ematea. Euskal preso guztiak lehen graduan sailkatu ohi dituzte automatikoki.

Gaur, Preso Politikoen Nazioarteko Eguna dela-eta, ekitaldi bat egingo dute Galdakaoko frontoian (Bizkaia), 19:30ean. Larunbatean, berriz, manifestazioa egingo dute Bilbon, 17:30ean, Bada garaia, presoak kalera lelopean.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna