Elkar ezagutzearen balioa

Euskal gatazkaren konponbidea aztertu dute Bartzelonan. Biktimen «ideologia aniztasuna» errespetatzeko eta beste espetxe politika bat ezartzeko eskatu dute.
Bartzelonako Historia Museoan egin zituzten solasaldiak. Dozenaka lagun joan ziren hitzaldiak entzutera.
Bartzelonako Historia Museoan egin zituzten solasaldiak. Dozenaka lagun joan ziren hitzaldiak entzutera. DANI CODINA

Saioa Baleztena -

2018ko ekainak 14
Kataluniaren eta Euskal Herriaren arteko anaitasunetik harago, Bartzelonak berezkoa izan du, historikoki, bakearen kulturaren eta bizikidetzaren aldeko borroken aldarria. Baina erasoa ere azalean sufritu du: lehenbizi, ETAk 1987ko ekainean Hipercor merkataritza zentroan egin zuen atentatuan; azkenekoz, iazko abuztuan, Estatu Islamikoak bere gain hartu zuen erasoan. Mina indargune bilakatu asmoz, euskal gatazkak eragindako biktima guztien lekukotasunari heltzeko eta gogoetatzeko plaza izan zen atzo Kataluniako hiriburua, Construint la pau jardunaldietan.

Foro Sozial Iraunkorrak, Fundipauk eta Bartzelonako Udalak antolatuta egin zituzten topaketak. Foro Sozialeko bozeramaile Agus Hernanek adierazi zuenez, Bartzelonako Udala Hipercorreko erasoaren 30. urteurrena antolatzen ari zenean sortu zen topaketak antolatzeko ideia. Horregatik, «ETAk Katalunian irekitako zauriak ikusita», Hernanek adierazi zuen atzoko hitzorduak, gogoetarako plaza izatetik haratago, balio behar zuela «euskal gizartearen eta Bartzelonako hiriaren arteko adiskidetzea bermatzeko». Jardunaldietara bertaratutakoak hunkitu zituen, «errespetuzko» isiltasun minutu bat eskatuz.

Ongietorriaren ondotik, Gorka Landaburu kazetari eta ETAren biktimak eta Robert Manrique Terrorismoaren Biktimen Arretarako Unitateko aholkulari eta Hipercorreko atentatuko biktimak hartu zuten hitza. Landaburuk azpimarratu zuen Katalunia izan dela «betidanik» euskal gatazka errespetuz jorratzeko interesa azaldu duen «toki bakanetako bat», eta adierazi zuen atzokoa eredugarria dela etorkizunari begira bake prozesua bermatzeko, «ahots guztiek askatasunez hitz egiteko» eta «sufritutako mina sekula ez errepikatzeko».

Bestalde, Manriquek gogoratu zuen, «ETAren bortz hamarkadako indarkeriaren ondoren», bakea eraikitzeko «ezinbertzekoa» izango dela biktimen ideologia aniztasuna errespetatzea. Erantsi zuen urteotan guztietan «bakarrik» sentitu direla, eta azpimarratu zuen sarri «terrorismoa banalizatu» dela. Presoen sakabanaketaren kontra zeudela ere esan zuten, eta Landaburuk baieztatu zuen presoak «gerturatzea» ez dela «espetxeetako ateak irekitzea», eta presoen sakabanaketak «familiak zigortzeko» balio duela soilik. Landabururen iritziz, «espetxeko barra lodiak» indar berdina du «Sevillan edo Gasteizen».

Bi hizlariek salatu zuten ETAk eragindako mina «indartsuena» izan zela, baina baita gaineratu ere «inpunitatez» egin diren «torturek eta estatu terrorismoak» eragindako mina aldarrikatzeko beharraren garrantzia.

Biktima denen onarpena

Jose Vargas AVCOT Erakunde Terroristen Biktimen Kataluniako Elkarteko lehendakariak, Ane Muguruza Egiari Zor fundazioko bozeramaile eta Josu Muguruzaren alabak eta Rosa Lluch ETAk hil zuen Ernest Lluchen alabak mahai-inguru bat osatu zuten, eta horrek sortu zuen ikusmin gehien atzoko jardunaldian. Vargasek hartu zuen hitza lehendabizi, eta azaldu bere elkartearen erronka nagusia dela erakunde publikoekin elkarlanean biktimek sufritutako mina «ahalik eta gehien baretzea». Jardunaldien funtsa zalantzan jarri zuen, eta ohartarazi bakea bermatzearen alde dagoela, baina adiskidetzerik ez dela egongo. «Zorionez, ETA garaitua» izan dela azpimarratuz amaitu zuen bere txanda.

Muguruzak garaile eta garaituen kontakizunari «bizkarra emateko beharra» adierazi zuen, gogorarazita «zaila» dela bakeaz hitz egitea «tortura eta sakabanaketa» sufritzen ari diren herritarrak daudenean. «Memoria poliedrikoaren garrantzia» aipatu zuen, iritzi denek balio bera izan beharko luketela iritzita. Egiari Zor fundazioaren ibilbidearen errepasoa egin ondotik gogorarazi zuen oraindik ere «bigarren eta hirugarren mailako biktimak» daudela Espainiako Estatuan, eta soilik egia osoa ezagututa aseko dela «minari bukaera jartzeko beharra».

Muguruzak errandakoari erreferentzia eginez, Rosa Lluchek nabarmendu zuen «isilduta» dauden biktimei ez zaiela arretarik jarri Katalunian, eta euren testigantza ezinbertzekoa dela. Era berean, «autokritikaren» beharra ere jarri zuen mahai gainean, oroitaraziz ETAk egin duen minak ez dituela «justifikatzen Espainiako Estatuak terrorismoaren kontra erabili dituen metodo antidemokratikoak».

Arratsaldeko hitzorduan, Gemma Calvet eta Iñigo Iruin abokatuak, Adriana Ribas Kataluniako Amnesty Internationaleko koordinatzailea eta Joseba Azkarraga Sare Herritarra plataformako bozeramailea aritu ziren hizketan. Bat etorri ziren ETAren behin betiko amaieraren ondoren espetxe zigorrak eta justizia sistema testuinguru berrira egokitu behar direla. Alde horretatik, Ribasek ohartarazi zuen Espainiako Estatuak maiz «dikotomian bilakatu duela» eskubideen babesa eta segurtasuna, giza eskubideak segurtasuna bermatzeko lanabes izanik.

Kataluniako alderdi politikoetako ordezkarien arteko solasaldiarekin amaitu zen jardunaldia. Ciutadans izan ezik, gainontzeko alderdietako ordezkariek parte hartu zuten, Xavier Domenech (Catalunya En Comu-Podem), Gabriela Serra (CUP), Eva Baro (ERC) Angels Esteller (PP), Ferran Pedret (PSC) eta Carles Campuzanoren (PDeCAT) ekarpenekin, hurrenez hurren.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Informazio osagarria

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna