Bakea eta bizikidetza

Bizilagun «ezezaguna»

ETAren eta estatuaren indarkeriaren lau biktima mahai berean eta herrikideen aurrean eseri ditu Antxeta irratiak, 'Bidasoan elkarbizitza' jardunaldietan.

Aitziber Blanco (Lokarri), Cristina Sagarzazu, Fermin Urtizberea, Belen Zabala eta Jose Miguel Gomez Elosegi, atzo, Hondarribian. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
jokin sagarzazu
Hondarribia
2015eko otsailaren 6a
00:00
Entzun
Bi gauzak batzen ditu: gertu, oso gertu bizi dira bata bestearengandik, eta gertutik, oso gertutik ezagutu dute Euskal Herriko gatazka politikoarekin loturik izan diren indarkeria mota ezberdinak. Behe Bidasoko lau herritar dira, eta poliziaren, ETAren eta talde parapolizialen bortizkeria hotza ezagutu dute euren larruan. Ez zuten elkar ezagutzen, baina, kasu honetan, mugak (fisikoak, psikologikoak) ez ditu banatu. Batu baizik. Minak eta horren jatorriak erakutsi baitiete, kolore batekoa edo bestekoa izan, gatazka baten eta herri baten parte direla, eta «ezezaguna ezagutzetik» etorriko dela elkarbizitza. «Sufrimenduak batzen gaitu , eta ahalegina egin dugu bestearen larruan jartzeko. Ordua da politikariek ere horixe bera egin dezaten». Haietako baten adierazpenak dira horiek, eta besteek, hitz bertsuekin edo oso antzekoekin, bere egin dute eskaera.

Cristina Sagarzazu, ETAk 1996an hil zuen Montxo Doral ertzainaren bikotekidea; Belen Zabala, Guardia Zibilak 1976ko irailaren 8an tiroz hil zuen Josu Zabalaren iloba; Fermin Urtizberea, 1988an Hondarribian zinegotzi zela GANE Grupo Antiterrorista Nacional Español taldeak hiru egunez bahitutakoa eta hainbatetan poliziak jazarria; eta Jose Miguel Gomez Elosegi, Francisco Javier Gomez Elosegi 1997an ETAk hildako Martuteneko espetxeko psikologoaren anaia. Laurak agertoki berean azaldu ziren, berrehun bat herrikideren aurrean, urte hauetan bizi izandako mina azaltzen, «biluzten», aurreneko aldiz batzuk, eta inoiz eta inon esan ez dituztenak kontatzen.

Bidasoan elkarbizitza jardunaldietako lehen mahai inguruan egin zuten hori, atzo, Hondarribian. Antxeta irratiak antolatu ditu jardunaldiak, Lokarrirekin elkarlanean eta eskualdeko udalen babesarekin. Datozen bi ostegunetan, antzeko ekitaldiak egingo dituzte Hendaian eta Irunen.

Atzokoan, «biktimei» eman zitzaien ahotsa —laurek azpimarratu zuten adiera hori ez dutela gustukoa—. «Indarkeriak utzi duen ondorio kaltegarrienetako bat da pertsonak gauza bihurtu gaituztela», esan zuen Gomez Elosegik. «Nik beti izan dut argi non nintzen eta zer gertatu ahal zitzaidan. Hemen gatazka bat dago», berriz, Urtizbereak. Eta Sagarzazu: «Indarkeria gatazkaren ondorio da, eta ez alderantziz, batzuk egunero manipulatzen saiatzen diren moduan, eta gu eurek nahi bezala erabiltzen».

Nork bere kasua azaldu zuen: atzera eginez, aurrera begiratzeko. Bizitako indarkeria aldiak zer arrasto utzi dien, nola gainditu dituzten hasierako «min eta gorrotoa», eta zer irakats dezaketen beren esperientzietatik. Urtizbereak, esaterako, azpimarratu zuen bere eta beste askoren aurkako polizia jazarpenak gaur egun ere irauten duela. «Inoiz ez diot beldurrik izan heriotzari, eta, agian, horrek lagundu dit aurrera egiten». Batzuk lasai mintzatu ziren, eta gogoratu zuten aurretik jendaurrean halakoak eginda dituztela: Gomez Elosegi eta Sagarzazu. Beste batzuk urduriago mintzatu ziren, aurreneko aldia zutelako: Urtizberea eta Zabala. «Niretzat lehen aldia da, eta, seguruenik, azkena», esan zuen Urtizbereak. «Baina uste dut nire hondar alea jarri behar nuela. Orain da unea; orain dena dago mahai gainean, eta aukera hau aprobetxatu behar da», esan zuen, politikariei mezua zuzenduz. «Utz diezaiotela gai hauekin jolasteari, eta has daitezela benetan eta zintzo lanean». Antzera mintzatu zen Gomez Elosegi: «Politikarien hizkuntza ere desarmatu behar da. Iraganean aztertu behar da; osoa. Eta hau da unea; ezin dugu 30 urtez atzeratu, trantsizioan bezala».

Hitz egiten aurrena Gomez Elosegi bera izan zen. Ondorio argia atera du bizi izandakotik. «Anaiaren heriotzak are bakezaleago bihurtu ninduen. Ez dago xede politikorik indarkeria justifika dezakeenik». Urte hauetan jasotako babesa eskertu zuen hark, baina baita salatu ere beste askoren minak aitortzarik gabe jarraitzen duela. Horri heldu zioten Urtizbereak eta Zabalak. «Irainak eta mespretxua baino ez dugu entzun urte hauetan guztietan», esan zuen Urtizbereak. Eta Zabalak: «Hondarribiarrengatik izan ez balitz, ahaztuta egongo litzateke kasua. 39 urte igaro dira ordutik, eta instituzioek oraindik jarraitzen dute trabak jartzen. Horrek ematen digu minik handiena». Sagarzazuk aurrera begirako mezua eman zuen: «Hitz egin eta entzun, bestea ulertzeko nahiarekin. Hemen gertatutako errealitatearen parte delako». Eta iragana eta geroa besarkatuz, honako hitz hauek esan zituen Zabalak: «Herri baten parte garen kontzientzia piztu zigun Jesus Mariren heriotzak». Herri bat, «besteak bezalakoa», bere gauza on eta txarrekin, Gomez Elosegik azpimarratu zuenez.

Presoak eta alkateak

Atzokoaz gain, beste bi mahai inguru daude aurreikusita. Hurrengo ostegunean, 19:00etan, Hendaiako Antoine d'Abbadie aretoan, euskal preso eta iheslarien egoera izango dute mintzagaia Joserra Trebiño apaizak, Juanra Rojo preso ohiak, Jokin Etxebarria iheslari ohiak eta Miren Illarreta abokatuak. Ellande Boutin eta Goizeder Taberna kazetariek gidatuko dute solasaldia.

Azken mahai inguruan, berriz, Behe Bidasoko hiru alkate eseriko dira mahai berean: Jose Antonio Santano Irungoa (PSE-EE), Aitor Kerejeta Hondarribikoa (EAJ) eta Kotte Ezenarro Hendaiakoa (PS). Otsailaren 19an izango da hori, Irungo Ficoba erakustazokan, 19:00etan. Martxelo Otamendi BERRIAko zuzendaria eta Aitziber Zapirain Antxeta irratikoa izango dira haiekin batera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.