Epaia bete, eta Castejongo zentrala desegiteko eskatu du Sustrai Erakuntzak

Auzitegi Gorenak 2016ko urrian berretsi zuen Castejongo zentrala legez kanpokoa zela. Nafarroako Gobernuari esku hartzea galdegin diote

Elerebro enpresak Castejonen duen zentral termikoa. IÑIGO URIZ/ ARGAZKI PRESS.
Iñaki Berastegi.
Iruñea
2017ko otsailaren 11
00:00
Entzun
Castejongo (Nafarroa) zentral termikoen auzia ez da amaitu. 2016ko urrian, Auzitegi Gorenak esan zuen Elerebro enpresak Castejonen duen ziklo konbinatuko zentral termikoen bigarren multzoa «legez kanpokoa» zela, baina erabakia ez da indarrean jarri. «Enpresak ez du ezer egin, baina administrazioak ere ez dio exijitu legea betetzea», adierazi zuen Dani Maeztu abokatuak, Pablo Lorente Sustrai Erakuntza fundazioko kidearekin batera atzo Iruñean eginiko agerraldian.

Ziklo konbinatuko hiru zentral termiko daude Castejonen: 1 eta 3 zentralen jabea Elerebro enpresa da, eta 2 zentralarena, Iberdrola. 2005eko azaroan lortu zuen Elerebro enpresak —EDP Hidrocantabrico— bigarren taldeko zentrala eraikitzeko baimena. 2016an, ordea, Auzitegi Gorenak ebatzi zuen bigarren taldeko zentral horren kokapenak ez zuela betetzen oinarrizko araudia, eta jarduna «gogaikarria, kaltegarria eta arriskutsua» zela. Zentrala herritik 500 metrora dago, eta, araudiaren arabera, gutxienez 2.000 metrora egon beharko luke. Horrez gain, Gorenak ebatzi zuen ingurumen legea eta natur guneen araudia ere urratzen dituela. Lorenteren ustez, Castejongo kasua Espainiako elektrizitate sistemaren «desantolaketa» ulertzeko adibide garbia da.

Enpresak eta administrazioak Gorenaren epaia betetzeko zeukaten bi hilabeteko epea igaro da.Ekintza falta ikusita, Maeztuk azaldu du sententzia «nahitaez betearazteko» eskatu dutela. Zehazki, hiru eskari egin dizkiote Espainiako Industria Ministerioari: zentrala elektrizitate ekoizleen zerrendatik kentzea, energia garraiatzeko saretik ateratzea, eta zentral termikoa desegitea.

Maeztuk bezala, Lorentek ere hiru eskaera egin ditu Sustrai Erakuntza fundazioaren izenean: Elerebro enpresak Castejonen duen zentralaren bigarren multzoa berehala ixtea; Castejonen dauden zentral guztien lizentziak berraztertzea; eta azken hamabost urteetan ingurumenaren eta osasunaren defentsan aritu diren eragileen lana aitortzea, bereziki Erribera Zentral Gehiago Ez eta Valentin Plaza elkarteena.

Era berean, Espainiako Industria Ministerioari dagokio sententzia betearaztea, baina, Lorenteren arabera, Nafarroako Gobernuak ere badu erantzukizuna, UPNren aurreko gobernuak onartu zuelako Castejongo UGEP udalez gaindiko eragina duen plana: «Ezer egingo ez balitz, aurreko gobernuaren jarrerari eutsiko lioke aldaketaren gobernuak».

Babesa bilatzeko asmoz, ziklo konbinatuko zentral termikoen aurkako mozioak onartzeko harremanak hasi dituzte Nafarroako hainbat udalekin; Iturmendiko Udala izan da horrelako mozio bat onartzen lehena.

Gutxieneko ekoizpena

Castejongo hiru zentraletatik Iberdrolarenak hiru urte daramatza jardunean aritu gabe. Beste biak, ordea, ekoizpenaren %20-25 bitartean daude, Lorentek azaldu duenez. Hain justu, horietako bat legez kanpo ari da jarduten 2016ko urritik. Zentral termikoek bi bidetatik jasotzen dute dirua: argindarra salduz eta elektrizitatea ekoizteko duten ahalmenagatik. Hortaz, Iberdrolarenak hiru urtean jardun ez badu ere, diru kopuru bat kobratzen du zentrala eraikia izate hutsagatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.