PPrekin negoziatzen jarraituko du Urkulluk, beste helegite bat jaso arren

Poliziaren Biktimen Legearen aurka jo du orain Madrilek. EH Bilduk EAJren jokabidea deitoratu du

Alfonso Alonso, atzo, legebiltzarrean, Arantza Tapia, Josu Erkoreka eta Iñigo Urkullurengana hurbilduta. J.R. GOMEZ / EFE.
enekoitz esnaola
2017ko maiatzaren 6a
00:00
Entzun
EH Bilduk, Elkarrekin Podemosek eta sindikatu abertzaleek gogor kritikatu dituzte EAJ eta haren Jaurlaritza Espainiako Gobernuarekin (PP) EAEko kupoari eta estatuko aurrekontuei buruzko akordioak lortzeagatik, baina Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariak ohartarazi du ez duela aldatuko jokabidea; PPrekin «negoziatzen» jarraitu nahi duela azaldu du Eusko Legebiltzarreko kontrol saioan, EAErentzako «emaitzak oso positiboak» direla jota. Atzo goizean esan zuen hori Urkulluk, eta eguerdi aldera jakin zen Espainiako Gobernuak Eusko Legebiltzarraren erabaki baten aurkako beste helegite bat aurkeztuko duela Auzitegi Konstituzionalean: Poliziaren Biktimen Legearen aurkakoa. Iazko uztailean onartu zuten, EAJren eta PSE-EEren botoekin. 1978tik 1999ra Espainiako Estatuko funtzionarioek eragin zituzten biktimak aitortzeko lege proiektua da.

Jaurlaritzak «dezepzioa» azaldu du helegitea jasotzeagatik. Aitortu du ez daukala haren detailerik, eta hurrengo egunetan balorazio zabalago bat egingo du.

Ministroen Kontseiluaren erabaki hori jakin aurretik izan da legebiltzarreko eztabaida. Larraitz Ugarte EH Bilduko legebiltzarkideak EAJri eta Jaurlaritzari egotzi die «gobernu ustel bat urteetarako egonkortu» duela itunak, eta Urkulluk galdetu dio koalizioak ez al lukeen EAJrekin akordiorik egingo, nahiz eta alderdi usteltzat jo: «Gai dira EAJ eta PSE ustel moduan hartzeko eta arratsaldean akordioak eskatzeko guri. Ez dute inolako koherentziarik».

EH Bilduk burujabetza prozesuarekin ere lotu du EAJren eta PPren arteko ituna. Arnaldo Otegi EH Bilduko bozeramaileakDonostian emandako prentsaurreko batean adierazi du alderdi jeltzaleak Mariano Rajoyren gobernua babestu izanak «letra txikian» dakarrela «Euskal Herriak ez duela prozesu subiranista egingo». «Oso larria» iruditzen zaio hori, baita Kataluniarentzat ere, hango prozesurako «mehatxu bat» izango delakoan. «Gatazka honetan, gu Kataluniarekin gaude, eta EAJ, PPren gobernuarekin», esan du Otegik.

Lehendakariak Ugarteri ihardetsi dio Bilduk egin zuela akordiorik Gipuzkoako Aldundian egon zenean —foru diputatu izan zen orduan Ugarte—. Urkulluren arabera, koalizioa oso zorrotza da irizpide etikoekin, baina «besteei exijitzen» dienean; izan ere, esan du ETAren indarkeriarekin EH Bilduk ez zuela «batere jarrera etikorik izan urteetan». PPri ustelkeria leporatzen diotela eta, esan du alderdi hark ere Justiziaren aurrean erantzun beharko lukeela. Oraingoz, ez du eragozpenik ikusten harekin negoziatzenjarraitzeko, «egonkortasun politikoa eta instituzionala» lortzeko aldeko apustuagatik.

Otegik dio Espainiak Europan «eredutzat» joko duela alderdi jeltzalea, PP abertzaleekin itunak egiteko gauza dela erakusteko. Dena dela, EH Bilduko eledunak ez du baztertu Euskal Herrian burujabetza prozesu bat hastea, «herritarrei baitagokie hori. Inongo zuzendaritza politikok ezingo du eragotzi».

Asteazkenean, Junckerrekin

Urkulluk lan bilera bat izango du asteazkenean Jean Claude Juncker Europako Batzordeko presidentearekin, Bruselan. Lehendakaritzak ohar batean azaldu du Euskadik Europarekin duen «konpromisoa» defendituko duela, eta «Europa sozialago, integratuago eta pluralago baten alde» agertuko dela. 2013an, EBko orduko buruarekin batu zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.