Frantziaren aurrean, burujabetza aldarri

Manifestazioa egin du Aitzinak Donibane Lohizunen, Frantziako egun nazionalean. Asimilazio politika eta erreforma liberalak salatu dituzte

Aitzinako kideak manifestazioa egiten, atzo, Donibane Lohizuneko karriketan. BOB EDME.
Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2017ko uztailaren 15a
00:00
Entzun
Burujabe izateko. Guk Euskal Herria lelopean mobilizazioa antolatu zuten atzo Aitzina gazte antolakundekoek Frantziako egun nazionalaren karietara. 200 pertsona elkartu ziren Donibane Lohizunen (Lapurdi). Frantziaren asimilazio politika eta erreforma liberalen aitzinean, Euskal Herri burujabea eraikitzera engaiatu dira.

Eguerdi aldera, hiru zutabe abiatu ziren Louis XIV.a plazatik. Lehena Societe Generale banketxera joan zen, eta, han, Emmanuel Macron Frantziako presidentearen eta Pierre Gattaz Medef nagusien sindikatuko presidentearen argazkiak itsatsi, eta arrautzak bota zituzten. Bigarren zutabea turismo bulegora joan zen, eta han Mission Pays Basque filma parodiatzen duten afixak ezarri zituzten, Espekulazio eta folklorizazio misioa izenburuarekin; parodian, Robert Alday promotorea zen filmeko zuzendari, eta aktoreak, Anne Etxegoien kantaria eta Jean Lassalle diputatua. Azken zutabea hondartzan ibili zen, Independentzia leloa zeramaten panel erraldoiak eskuan zituztela.

Hiru zutabeak elkartu, eta manifestazioa egin zuten; bukaeran, Aitor Servier Aitzinako bozeramaileak hartu zuen hitza. Frantziako eta Espainiako presondegietan diren euskal presoak izan zituen gogoan, eta Hiriburun (Lapurdi) baraualdia egiten ari diren lau gazteak goraipatu zituen. «Frantziak ezin du ukatu hemen gatazka politiko bat dagoela, eta gatazka honen funts politikoari ere heldu behar zaiola. Salbuespen legediak bukatu eta etxekoak etxera ekarri behar ditugu».

Frantzian besta eguna izanik ere lan prekarioak egiten ari diren gazteei agurra eskainita, «sistemak ez du oporrik hartzen», adierazi zuen, udan Euskal Herria«turistentzat eraikitako atrakzio parke erraldoi» bilakatzen dela gaitzetsita. Errudunak ere izendatu zituen: Alday promotorea, Carmen agentzia, «eta enparauak». Folklorizazioarekin lotu zuen espekulazioa, horrela, frantziar asimilazioak «luze» iraungo duela deitoratuta. Macronen gobernuak aurreikusi dituen erreforma liberalak ere izan zituen hizpide, lan baldintzak gero eta «onartezinagoak» salatuta. Aukera «errealista» bakarra kapitalismoa «baztertzea» dela aldarrikatu zuen.

Baimena eskatu gabe

«Frantses nazionalismo uholdearen» parean, haien nazionalismo «atzerakoia» eta abertzaletasun «iraultzailea» kontrajarri behar direla aldarrikatu zuen Servierek. «Jendarte hobe bat eraikitzeko aldarrikatzen dugu burujabetza. Langile klasearen eta sektore zapalduen interesen defentsa egiteko; biharko Euskal Herrian orotariko diskriminazioak deuseztatzeko; feminismoa oinarri, sexismoarekin eta homofobiarekin bukatzeko; eta xenofobia ukatuz, Ongi etorri errefuxiatuak leloa aldarrietatik praktikara eramateko». Horretarako, hiru erronka nagusi finkatu ditu Aitzinak heldu den urteetarako, Servierek azaldu duenez: feminismoa, euskara eta etxebizitza. «Antolatzeko deia da gaur egin nahi duguna, nehori baimenik eskatu gabe, gazteon nahi eta beharrei erantzunen dien herri eredua egia bilakatzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.