Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

Berria.eus

Gizartea Euskal Herrian bada mugarik

Publizitatea

Gizartea

Euskal Herrian bada mugarik

Bilboko eta Pasaiako portuetatik Erresuma Batura ezkutuko bidaiari gisa heldu nahi duten pertsonak ugaritu egin dira urte hasieratik. Kezkatuta dago CEAR.
Bilbo eta Portsmouth arteko bidea egiten duen ferrya, Zierbenan; artxiboko irudia.
Argazkia: MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS

2017-07-18 / Jon Rejado

Gasak ezin badu leku batetik atera, beste irtenbide bat bilatuko du; eltzeen printzipio bera da». Javier Galparsoro Euskadiko CEAR-eko presidenteak horrela azaldu du Bilboko eta Pasaiako portuetan antzemandako egoera: urte hasieratik ugaritu egin dira Erresuma Baturako ontzietan ezkutuko bidaiari gisa sartu diren migratzaileak. Horietako asko gatazkak dituzten herrialdeetatik heldu dira, ihesean. Horrek testuinguru berri baten aurrean kokatu ditu portu horiek: migratzaileentzako mugak dira. «Ceutak eta Melillak hesi bat dute, Palestinak harresi bat, eta guk ferry bat; onartu behar dugu Erresuma Batura ematen duen muga bat dugula, eta modu duinean kudeatu behar dugula».

2017ko lehen erdian, ezkutuan bidaiatzen ari ziren seiehun pertsona atzeman dituzte Bilboko portuan. Hala ezagutarazi zuen Bilboko Portuko Agintaritzako presidente Asier Atutxak iragan ostiralean. Areago, azken hiru hilabeteetan, gero eta pertsona gehiago saiatu dira Erresuma Baturako ontzietan sartzen, batez ere Cap Finistere ferryan. Maiatzean, esaterako, bi egunean 27 pertsona atzeman zituzten. Ez hori bakarrik. Galparsorok gaineratu du Pasaiako portuan ere igoera bat izan dela. Datu ofizialik ez badago ere, CEAR iheslariak laguntzeko batzordeko EAEko buruak azaldu du gero eta lagun gehiago saiatzen direla Britainia Handira joaten, Gipuzkoako portutik autoz beteta ateratzen diren ontziak baliatuta.

Igoera horren atzean zenbait arrazoi daudela esan du Galparsorok. Horietako bat da Europako kanpoko eta barruko mugak gotortzea, baita migrazio politikak gogortzea ere. Calaisko kanpalekua (Frantzia) adibide gisa baliatu du Euskadiko CEAR-eko presidenteak. Mantxako kanala zeharkatu nahi zuten milaka pertsona zeuden han, aukeraren zain. 2016ko urrian, ordea, kanpalekua desegin zuten, eta han zeudenetako batzuk Euskal Herrira heldu direla ezagutarazi du. «Horrela bidaiatzea baino ez zaie geratzen: ezkutuan, eta asko arriskatuz».

Hori dela eta, Galparsorok iragarri du gero eta pertsona gehiago saiatuko direla Bilboko eta Pasaiako bide horiek hartzen. «Mugak itxita dauden bitartean, bidaia arriskutsuak egitera bultzatuko ditugu ihes egiten duten horiek, edozein hesiren gainetik, ez dutelako beste irtenbiderik».

Bilboko eta Pasaiako portuetan gertatutako gorakada horren eskutik, «oharkabean» pasatzen ari den datu baten gainean arreta jarri du Galaparsorok: Euskal Herritik Erresuma Batura bidaiatu nahi duten adingabeak. Portuetan atzemandako ume eta gazte horiek aldundien ardurapean geratzen dira. Ordea, haien helburua bidaia amaitzea da. «Ondorioz, egoitzetatik ihes egiten dute».

Adingabe horietatik asko, migratzaile helduak bezalaxe, gatazkan dauden herrialdeetatik ihesi heldu dira Euskal Herrira: Siria, Afganistan, Irak, Irango Kurdistan... Hots, asilo eskaera egiteko aukera izango lukete, hala nahi izanez gero. Ez dute halakorik egiten, ordea. Pertsona horien asmo bakarra Erresuma Batura heltzea da. «Hori baino ez dute buruan, ez dute besterik nahi; lo egiteko egoitzetara joatea eskaini izan diete, janaria... baina ez dute ezer nahi».

«Kezkatuta» dago CEAR egoera horrekin: hots, errefuxiatu horiek Erresuma Batura «kosta ahala kosta» heltzeko nahiarekin. «Hara iritsi nahi izateak ez du esan nahi helduko direnik, eta, helduz gero ere, ez du esan nahi asilatu gisa hartuko dituztenik». Azken horren atzean, besteak beste, Dublingo Ituna dagoela oroitarazi du Galparsorok. Hitzarmen horren arabera, iristen diren lehen herrialde seguruan egin behar dute asilo eskaera errefuxiatuek. Hots, Erresuma Batuko Poliziak jakingo balu asiloa eskatu duten horiek Bilboko edo Pasaiako portutik pasatu direla, babes eskaria ukatuko lieke, eta kanporatu egingo lituzkete.

Hori gerta daiteke, hain zuzen ere, 2017ko lehen erdialdean atzeman dituzten 600 ezkutuko bidaiariekin. Bilboko Portu Agintzaritzako ordezkariek nabarmendu dute ez dutela eskumenik gai horietan: ardura Espainiako Poliziarena dela argitu dute. Galparsorok azaldu du atzemandako pertsona horien datuak eta aztarnak hartzen dituela Poliziak, gerora datu base komun batean sartzeko; hartara, edozein herrialdek pertsona horren bidea ikusi ahal izango du.

Jaurlaritzari aitortza

Europako politika aldatuko den itxaropen handirik ez du Galparsorok. Ordea, biziki txalotu du Eusko Jaurlaritzak izan duen ekimena. Duela bi aste aurkeztu zuen lan egiteko esparrua «aitzindaritzat» jo du, beste inon ez delako horrelakorik egin: «Txalotu baino ezin dugu egin; Espainiako eta Europako agintarien pasibotasunaren aldean, halako ekinbideak poztekoak dira, azken hitza beste batzuena bada ere».

Publizitatea

Sortu kontua
Jon Rejado Jon Rejado

Informazio osagarria

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak