«Demokraziak deitzen gaitu»

Ehunka lagun elkartu dira Bilbo, Gasteiz eta Donostian, Kataluniako urriaren 1eko erreferendumari babesa adierazteko. Antolatzaileen ustez, herritarrei iritsi zaie «erantzun zibikoa» emateko garaia
Hernanin ere egin zuten elkarretaratzea Kataluniako erreferendumaren alde, Milagrosan.
Hernanin ere egin zuten elkarretaratzea Kataluniako erreferendumaren alde, Milagrosan. JUANJO ITURRIOZ

Jon O. Urain -

2017ko irailak 10
Egun bat falta da Kataluniako herritarrek egun nazionala ospatzeko, eta hiru aste Katalunia estatu independente izateari buruzko erreferendumaren data iristeko. Lehena ospatu eta bigarrenari babesa adierazteko, ehunka herritar elkartu ziren atzo eguerdian Bilboko Arriaga plazan, Donostiako Bulebarrean eta Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazan, baina baita beste herri batzuetan ere, Kataluniarekin Koordinazioguneak eta ANC Biltzar Nazional Katalanak Euskal Herrian duen ordezkaritzak deituta.

Urtero legez, irailaren 11rekin ospatuko dute Diada; atzoko elkarretaratzeen antolatzaileen arabera, ordea, aparteko esanahia izango du aurtengoak: «Eskubide osoko nazio gisa gure identitatea berreskuratzen ari garela ospatu nahi dugu». Nabarmendu zutenez, «kalea inoiz ez bezala» irabazi dute, «eta, kalearekin batera, jendearen konfiantza eta gobernuaren konpromisoa prozesuaren inguruan».

Bestalde, Espainiako Gobernuaren «harrokeria» salatu zuten: «Behin eta berriro saiatu da bere boterea erakusten Kataluniako herriaren borondatearen aurka». Euskal Herriko ANCren eta Kataluniarekin Koordinakundearen iritziz, ordea, «boterea, demokrazia batean, herriaren konbentzimendua da, eta konbentzimendu hori urriaren 1ean adierazi ahalko da azkenean».

Urriaren 1ean erreferenduma egingo dela ziurtzat dute: «Kataluniak bere etorkizuna erabakiko du: izan nahi duen estatu independente bat errepublika gisa ala autonomia mugatu bat politikoki eta ekonomikoki porrot egin duen estatu sasidemokratiko baten barruan». Hori horrela, uste dute herritarrei iritsi zaiela «hautetsontzi bidez erantzun demokratiko, zibiko eta transbertsala» emateko garaia: «Eskura dugu estatu moderno, demokratiko eta libre bat izateko aukera. Herriaren esku dagoen erabaki bat da; ez dago inolako epaitegi edo ministro kontseiluren esku».

Mobilizazio agenda zabala

Datozen egunetan ere izango dira erreferenduma babesteko ekinaldi gehiago. Esaterako, bihar, LAB sindikatuak elkarretaratzeak egingo ditu bere egoitzen aurrean, eta, datorren larunbatean, Gure Esku Dago-k deituta, manifestazioa egingo dute Bilbon, Bozkatu, erabakitzeko eta Demokrazia lelopean, 17:30ean abiatuta. AsCATasunera plataformak, berriz, egitaraua prestatu du Donostian hilaren 20tik 24rako, eta Iruñean 13tik 22rako; Gasteizen, berriz, datorren astelehenetik ostiralera egingo dituzte ekitaldiak.

Radio Euskadin atzo eginiko eztabaidan ere hizpide izan zuten Kataluniako egoera. Joseba Egibar EAJko legebiltzarkidearen iritziz, «banaketa formula ona» litzateke Kataluniarentzat nahiz Espainiarentzat; Iker Casanova EH Bildukoak, ordea, EAJri egotzi zion Espainiako Gobernuko presidente Mariano Rajoyren «euskarri» izatea. Elkarrekin Ahal Dugu-ko Jose Ramon Becerraren arabera, erabakitzeko eskubidea «zilegi da elkarrizketaren eta akordioaren ondorio» bada; «ez hainbeste», baina, «Katalunian bezala» eginez gero. Jose Antonio Pastor PSEko bozeramaileak uste du «frustrazio izugarria» eragingo duela erreferendumak, eta, Borja Semper PPko legebiltzarkidearen esanetan, galdeketa «ez da egingo, eta, egiten bada, vaudeville bat izango da». Juan Jose Ibarretxe Jaurlaritzako lehendakari ohiak sare sozialetan babestu du kontsulta: «Gaur inoiz baino gehiago Kataluniarekin nago. Salbuespena ez da botoa emateko eskubidea erabiltzea, baizik eta eskubide hori eragoztea».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna