Mugarik gabeko borroka

Emakume migratzaileek sistema beraren ondoriotzat dute migratzaileek eta emakumeek, egun, bizi duten egoera. Erantzunak globala izan behar lukeela diote.
Hainbat emakume migratzaile atera dira Euskal Herriko kaleetara greba egunean. Irudian, Bilbo.
Hainbat emakume migratzaile atera dira Euskal Herriko kaleetara greba egunean. Irudian, Bilbo. ARITZ LOIOLA / ARGAZKI PRESS

Asier Arrate Iruskieta -

2018ko martxoak 9
Lankide askori ez diete baimenik ematen greba egiteko, eta badakite baimena eskatzen badute lana gal dezaketela». Norma Brotonele Filipinetakoa da sortzez, eta, Euskal Herrian bizi diren beste emakume migratzaile asko bezala, zaintza lanetan aritzen da orain. Dioenez, prekarioa da bizi duten egoera, baina atzoko mobilizazio feministetan parte hartzea erabaki zuen. Izan ere, emakume migratzaileen borroka babesten duten ekintzaileek argi dute: sistema patriarkal, kolonial eta arrazistaren ondorioa da emakumeek eta migratzaileek bizi duten egoera, eta berdintasunaren aldeko borroka da horri aurre egiteko bidea. Are gehiago: borroka horretan migratzaileek duten rola nabarmendu dute.

Martxanterak talde feministako Luciana Alfaroren ustez, «globala» da arazoa, eta, beraz, erantzunak ere globala izan beharko luke: «Mendebaldean gertatzen denak eragina du hegoaldean, ez dira bi mundu independente».

Migrazioaren feminizazioaren ondorioz, geroz eta emakume gehiagok uzten dute beren jaioterria, Mendebaldeko herrialdeetara jotzeko. Herrialde berri batera iritsitakoan, ordea, emakume izateagatik bizi duten jazarpenari beste hainbat jazarpen gehitzen zaizkio. «Emakumeak, immigranteak eta beltzak gara, zapalkuntza hirukoitza sufritzen dugu», adierazi du Norma Naffarek. Munduko Emakumeak elkarteko kidea da, eta ondo baino hobeto ezagutzen ditu Bilbora joandako emakume etorkinen bizipenak. «Ez dago emakumeenganako inolako begirunerik eta, are gutxiago, etorkinenganako errespeturik».

«Migratzailearen aurkako mespretxu handia nabaritzen dut», aitortu du Djamila Zereybik. Emakumea da, sahararra eta musulmana, eta baita Emakume Musulmanen Elkarteko kidea ere. Arrasaten (Gipuzkoa) bizi da egun eta, dioenez, migratzailea eta gainera musulmana izanik, gizartean berarekiko «oso ikuspegi negatiboa» dago. Berak ere bat egin zuen atzoko mobilizazio deialdiarekin.

Parte hartzeko oztopoak

Zalantzarik ez du Alfarok. Martxanterak talde feministako kidearen hitzetan, emakume migratzaileen gehiengoak egiten du bat atzoko grebaren aldarrikapenekin, baina askok ezin izan zuten bat egin grebarekin. Oztopoak daudela dio. «Emakume migratzaile askok ezin dute greban parte hartu beraien lan eta lege egoeraren ondorioz».

Ezagun du giro hori Brotonolek ere. Zaintzaileen artean lan baldintza «prekarioak» ohikoak direla dio, eta are gehiago zaintzaileak emakume migratzaileak baldin badira. Estutasun horrek mobilizazioetan parte hartzeko «beldurra» sortzen duela uste du. Adibidea ere aipatu du: «Lana oso gaizki ordaindua dago, askok ez dute kontraturik, eta zortzi ordutik gora egin behar dute lan, sarritan aste osoan zehar».

Arrazoiak ez zaizkie falta kalera ateratzeko, baina, Zereybik azaldu duenez, lana galtzea «bizitza galtzea» da emakume migratzaile askorentzat. Maiz beren familiaren sostengua ere badirenez, lanean ez daudenean ere umeak edo pertsona helduak zaintzen geratu behar izaten dute. Haatik, norbanakoaren araberakoa da greban parte hartzea, bere ustez. «Batzuek uste dute borrokarekin galtzeko asko dagoela; besteok argi daukagu beldurrari aurre egin behar zaiola».

Saretzearen garrantzia

Nola egin aurre beldurrari, ordea, bizi diren gizartean arrotz sentiarazten badituzte? Guztiek azpimarratu dute saretzearen garrantzia. Alfaroren esanetan, «ezinbestekoa» da emakume migratzaileak elkartzea eta beraien esperientziez eztabaidatzea: «Bizi dugunari zentzu politikoa ematen dio». Bera mugimendu feministako kide zen jaioterrian, Perun, eta, Euskal Herrira iritsitakoan, mugimenduan jarraitzea erabaki zuen.

Naffarek ere, bere egoera berean zeuden emakumeengana jo zuen. «Oso garrantzitsua da elkar laguntzea eta ezagutzea». Azaldu duenez, ahalduntzen lagundu dio ezberdinengandik ikasteak eta horiek errespetatzeak. Hala ere, penatuta dago oraindik ere immigrazioa eta ezberdintasuna «gauza txartzat» hartzen direlako. «Ezberdina errespetatzea da berdintasunerako bidea».

Zereybirentzat, militantzia da gakoa sistema aldatzeko: «Aldaketa behetik hasi behar da». Sistema apurtzeko, beharrezko ikusten du ingurua aldatzea. «Geure burua ezagutzera eman behar dugu, elkarbizitza sustatu eta bertako aliatuak aurkitu behar ditugu». Hori dela eta, etorkinek ere beraien partetik eman behar dutela dio. «Gizartean dagoen ezjakintasunari aurre egiteko, banatzen gaituen harresia apurtu behar dugu».

Guztiak bat etorri dira beste puntu batean ere: mugimendu feministan ere, borroka beraren parte direla erakutsi behar dute. «Ezin dugu besteen atzetik joan, parean baizik», ebatzi du Zereybik. Naffarek, berriz, «bertokoek eta kanpokoek» helburu bera dutela gogoratu du: «Hemen gaude, eta beste edonork duena izateko eskubidea dugu».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna