Aldaketan «sakontzea» izango du xede Ruizen hautagaitzak Nafarroan

Fernandez de Pinedo izango da EH Bilduko zerrendaburua Araban, eta Larrion Gasteizen. Astelehenera arte dute besteak jakinarazteko

Bakartxo Ruiz lehendakarigaia, erdian, bere hautagaitza babestu duten kide batzuekin, atzo. BERRIA.
jokin sagarzazu
2018ko maiatzaren 31
00:00
Entzun
2019ko udal eta foru hauteskundeetarako hautagai batzuen izenak jakinarazi ditu EH Bilduk: Nafarroako Parlamenturako zerrendaburua izango da Bakartxo Ruiz eta Kike Fernandez de Pinedo Arabako Batzar Nagusietarakoa. Bi herrialdeetako EH Bilduren mahai politikoek proposatu dituzte izenok; adierazi dutenez, ez da besterik aurkeztu eta, beraz, ez dute barne hauteskunderik egingo. Ezta Gasteizen ere. Hango alkategaia izango da Miren Larrion. Duela hiru urteko bozetan Adolfo Araiz izan zen Nafarroako zerrendaburua. Araban eta Gasteizen, oraingo berberak.

Maiatzaren 14an abiatu zuten zerrendaburuak hautatzeko prozesua, eta izenak aurkezteko epea herenegun amaitu zen. Baina soilik hiru horiek eman dituzte ezagutzera. Astelehenera arteko epea dute jakinarazteko Bizkaiko eta Gipuzkoako batzar nagusietarako eta beste hiru hiriburuetarako udaletarako zerrendaburuenak; izenak mahai gainean badaude ere, haietako batzuen oniritziaren zain daude. Halaber, mahai politikoez gain, alderdiek, bilkideek eta norbanakoek ere egin ditzakete proposamenak, abal kopuru bat aurkeztuz gero. Nonbaiten hori gertatzen bada, barne hauteskundeak egingo dituzte, ekainaren 8tik 10era.

Nafarroan, agerraldi batean eman dute ezagutzera Ruizen hautagaitza. Azaldu dutenez, abal ugari jaso ditu Mahai Politikoko kideen partetik, koalizioa osatzen duten alderdietako agintari batzuen aldetik, parlamentuko taldetik eta Nafarroako alkate eta hautetsienak. Agerraldian, Ruizekin batera egon dira hiru urteotan harekin parlamentuan egon diren Adolfo Araiz, Dabid Anaut, Arantza Izurdiaga, Asun Fernandez de Garaialde eta Maiorga Ramirez, eta EH Bilduren Nafarroako arduradun politiko Jon Garai eta Nafarroako Sorturen idazkari nagusi Miren Zabaleta.

Ez dute zehaztu nor joango denRuizekin batera. Beste herrialdeetan bezala, Nafarroan ere zerrendetako kideak hautatzeko prozesua urte hasieran amaituko dute. Dena den, Araizen izena azpimarratu du Ruizek. «Aldaketa gertatu zedin pieza gakoa izan zen, eta jarraituko du izaten». Koalizioak zortzi parlamentari ditu egun; hirugarren indarra izan zen 2015ean, bigarrenetik (Geroa Bai) 5.300 botora. Datorren urteko bozei begira, Ruizek nabarmendu du EH Bilduren xedea dela «aldaketaren» gobernuak «gutxienez» bigarren legegintzaldi bat egitea, abiatutako bidean «sakontzeko», eta, halaber, indartzea «ezkerreko subiranisten espazioa eta EH Bilduren proiektu politikoa, duela hiru urteko emaitzak hobetuz».

«Sinesgarritasuna»

Nafarroako zerrendaburuaren izenarekin batera, Arabako Batzar Nagusietakoa eta Gasteizko Udalekoa jakinarazi ditu EH Bilduk: Kike Fernandez de Pinedo eta Miren Larrion, hurrenez hurren. Ez da beste hautagairik aurkeztu, eta, beraz, ez dute bozketarik egingo. Arabako Mahai Politikoaren «erabateko babesa» jaso dute biek. «Luze erakutsi dute euren gaitasuna eta herrialde zein hiriburuarekiko daukaten konpromiso eta ardura maila, eta, ondorioz, irabazia dute herritar askoren sinesgarritasuna eta konfiantza», azaldu du alderdiak ohar batean. 2015eko hauteskundeetan ere zerrendaburuak izan ziren biak. Araban hirugarren indarra izan zen EH Bildu; lehenengotik (PP) 2.600 botora. Gasteizen, bigarrena: PPtik 12.300 botora.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.