EH Bilduk bizi baldintza «duinak» bermatu nahi ditu estatutu berrian

Eskubideak «blindatzeko», Iriartek giltzarri jo du erabakitzeko gaitasuna. Eusko Legebiltzarreko Autogobernu Lantaldea gaur batzartuko da

Pello Urizar, Maddalen Iriarte eta Unai Urruzuno legebiltzarkideak, atzoko agerraldian. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
jon olano
2018ko ekainaren 6a
00:00
Entzun
Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herritarren «eskubide sozial eta ekonomikoak blindatzeko» eta «herritar guztiei bizi baldintza duinak bermatzeko», EH Bildurentzat «ezinbestekoa» da euskal erakundeen «erabakiak errespetatu eta beteko direla ziurtatzea. Horregatik da garrantzitsua erabakitzeko eskubidea txertatzea». Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak izan beharreko estatus politikoari buruzko eztabaidan aurrera egiteko, Eusko Legebiltzarreko Autogobernu Lantaldea gaur batzartuko da, eta horiek izango dira EH Bilduk gaurko bileran ardatz gisa erabiliko dituen argudioetako batzuk.

Euskal Autonomia Erkidegoko estatutu berriak jaso beharreko eskumenei buruz ari dira talde politikoak hizketan; EAJk astelehenean aurkeztu zien gainerako taldeei alor horretako sintesi agiria, eta elkarrizketetan aritu dira egunotan. Halere, ikusteko dago gaurko bilkuran akordiorik lortuko duten. Edozein moduz, botere publikoaren atalari buruzko eztabaidari ekingo diote gaurko batzarrean.

Eskumenak eta botere publikoak; EH Bilduren ustez, atal horietan datza estatus politiko berriaren garrantzia, Maddalen Iriarte bozeramaileak atzo eginiko agerraldi batean azaldu zuenez: «Estatus berri baten premia baldin badugu, ez da gure nortasun nazionala areagotuko duelako: EH Bildu askoz harago doa. Estatus berri bat eskatzen dugu ziur gaudelako hori dela modu eraginkorrena herritar guztien eskubideetan sakontzeko, herritar guztien eskubide sozialak, politikoak, zibilak bermatzeko».

Eskumenak babesteko, Iriartek giltzarritzat jo zuen erabakitzeko eskubidea izatea: «Gure eskubideen babesa mugatua dago, ohikoa da Madrilen atzera botatzea euskal erakundeetan hartzen ditugun erabakiak, jendearen bizimodua hobetzea dakartenak». Adibide gisa, pentsio planak aipatu zituen, merkataritzaren ordutegiak, langile publikoen lan baldintzak, fracking-a... «Agerian uzten du egungo markoak ez dituela babesten herritarren eskubideak. Errealitate horri heldu behar dio estatus berriak».

Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusia ere Autogobernu Lantaldearen jardunaz mintzatu zen, ETBn eginiko elkarrizketa batean. EAJk eta EH Bilduk hitzaurrea eta Atariko Titulua adostu dutela-eta, Mendiak esan zuen PSEk ez duela babestuko «euskal herritarrak sailkatuko dituen» edo «[Espainiako] Konstituzioa estatutu baten bidez moldatu» nahi duen akordiorik. Orain arteko bi atalen inguruko ituna EAJren eta EH Bilduren artekoa izan arren, Mendiak zabalik utzi zuen hurrengo alorrei buruzko adostasunak zabalagoak izateko aukera; izan ere, haren esanetan, «desadostasun handiagoak» dituzten gaiak jorratu dituzte orain arte.

Nafarrei «erasorik» ez

Hain justu, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako estatus politikoaz mintzatu zen Uxue Barkos Nafarroako Gobernuko lehendakaria ere. UPNk kontuak eskatu zizkion Barkosi, Autogobernu Lantaldean onartutako agirietan Nafarroa aipatzen dela eta. Barkosek erantzun zuen ez dagokiola beste erakunde eta indar politiko batzuen proposamenei buruzko balorazioak egitea eta, edonola ere, Eusko Legebiltzarreko testuetan ez duela «nafarren borondatearen aurkako erasorik» antzematen.

Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak, berriz, Espainiako Gobernuaren aldaketak eskumenen eskualdatzean izan dezakeen eraginaz hitz egin zuen. Uste du gobernuen arteko harremanak «emankorragoak» izango direla aurrerantzean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.