Kongresuak aise onartu du abdikazio proiektua, protesta artean bada ere

Espainiako Kongresuko 299 diputatuk babestu dute lege proposamena, 19k kontra egin dute, eta 23 abstenitu egin dira.Odon Elorzak ez du PSOEren agindua bete, eta abstenitu egin da

Aitziber Laskibar Lizarribar.
2014ko ekainaren 12a
00:00
Entzun
Espainiako Kongresuak zalapartaz inguratuta egin du Espainiako erregearen abdikaziorako lege proiektuari buruzko eztabaida. Juan Carlos Borboikoa erregeak semearen alde abdikatzeko asmoa iragarri zuenetik piztu den eztabaida errepikatu zen atzo Kongresuan. Errepublikaren alde egin zuten alderdi politiko batzuetako ordezkariek, monarkia edo errepublika hautatzeko erreferenduma eskatu zuten hainbatek, monarkia sutsu defendatu zuten askok, eta, beste batzuk, beren burua errepublikanotzat jo arren, monarkia aitarengandik semearengana igarotzea ahalbidetzeko lege proposamena babestu zuten. Kanpoko protestakmila poliziek isilarazi zituzten.

Hala ere, alde handiarekin onartu zuen abdikaziorako lege proposamena Kongresuak: aldeko 299 botorekin; kontra 19 boto izan ziren, eta 23 abstentzio. PPk, PSOEk, UPNk, UPDk eta Foro Asturiasek eman zioten aldeko botoa lege proiektuari. EAJren, CIUren eta Koalizio Kanariarreko diputatuak abstenitu egin ziren. Geroa Baiko, Izquierda Pluraleko, ERCko, BNGko eta Compromisekoek, aurka.

Ahoz, hitz ozenez eman zuten nork bere botoa diputatuek, eta, beraz, bakoitzaren hautua publiko egin zen. Izan zen sorpresarik. Edo, behintzat, alderdiak agindutakoa bete ez zuenik: Odon Elorza Donostiako alkate ohi eta PSEren ordezkariak lege proiektuaren alde bozkatzeko agindua bazuen ere, abstentzioaren aldeko hautua egin zuen alderdikideen aurrean. Beste sozialista batek, Guillem Garcia Gasulla Balearretako diputatuak, beste modu batean saihestu zuen nahi ez zuen botoa ematea: bozkatzeko unea iritsi zenerako hemiziklotik alde egina zen.

Gaiak liskar handiak eragin ditu azken asteetan Alderdi Sozialistan. Zuzendaritzak abdikaziorako legea babesteko agindu zorrotza eman du, eta hainbat militante aurka agertu dira, alderdia errepublikazalea dela ohartarazita. «Errepublika nahiago dugu, baina monarkiarekin bateragarriak gara», esan zuen atzo Kongresuan Alfredo Perez Rubalcabak, PSOEren buruak. «Legea bete behar dugu».

Berri agentziek zabaldu dutenaren arabera, asteartean egin zuten kongresuaren aurreko azken bilera ordezkari sozialistek. Boto askerako aukerarik ez zegoela berretsi zuen zuzendaritzak, eta, lege proposamenari aldeko botoa ematen ez zionak zigorra jasoko zuela abisu eman zuen. Barne araudiaren arabera, laurehun euroko isuna jaso lezake zuzendaritzaren agindua betetzen ez duenak.

Amaiurrek ez zuen parte hartu bozketan, baina talde horretxek eman zuen zeresan handiena. Espainiari dagozkion gaiei buruz erabakitzea ez dagokiela euskal herritarrei argudiatuta, bozketatik alde egin zuten, baina aurreko eztabaidan parte hartu ondoren. Hitzaldi gogorra egin zuen Sabino Cuadra diputatuak. Juan Carlos I.a erregeari Francoren oinordekoa izatea aurpegiratu zion, euskal errepublika aldarrikatu zuen, eta ikurrina eskuetan zuela amaitu zuen hitzaldia, «Gora Euskal Herria askatuta! Gora errepublika!» oihu eginda.

EAJko diputatu Aitor Estebanek, zer-nolako estatu mota nahi duen argitzeko eta estatu barruko nazioak aintzat hartzeko eskatu zion errege izango den Felipe VI.ari. Estatu ereduari buruzko eztabaida aldarrikatu zuen Geroa Baiko Uxue Barkosek ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.