Euskara: ez arraro, ez bakartu

Hizkuntza zaila eta bitxia dela, jatorri eta ahaide ezagunik gabea... Mito asko sortu dira euskararen inguruan. Mito horiek desegiten saiatu dira UEUko ikastaroetan.
Joan Perez Lazarragaren liburua izan da azken urteetako ikerketa gai interesgarrienetako bat euskararen ikerlari eta filologoentzat.
Joan Perez Lazarragaren liburua izan da azken urteetako ikerketa gai interesgarrienetako bat euskararen ikerlari eta filologoentzat. GARI GARAIALDE / ARGAZKI PRESS

Mikel P. Ansa -

2014ko uztailak 19
Ia hiru mende dira Manuel Larramendik El imposible vencido (Ezina, egina) liburua argitaratu zuenetik. Euskara ikastea ezinezkotzat jotzen baitzen garai hartan, XVIII. mendean. Hizkuntza basa, bitxi, ahaiderik gabeko, jatorri ilunekotzat jotzen zuten. «Liburu horrekin Larramendik frogatu zuen euskarak gramatika bat zuela, hau da, euskara ikastea posible zela», Ekaitz Santazilia filologoak azaldu duenez. Baina XVI. eta XVII. mendeko pentsalariek landaturiko hipotesiek zuztar luzeak zituzten, mito bihurtzerainokoak kasik. Hizkuntzalariek eta filologoek, metodo zientifikoak erabiliz, XX. mendetik aurrera argi egin duten arren, indarrean segitzen dute zuztar haietako askok.

Mito horiei kontra egin nahian, Euskararen lekua munduan eta historian: mitoetatik egitateetara ikastaroa egin dute egunotan UEUren Udako Ikastaroetan, Eibarren (Gipuzkoa). «Ematen du euskara oso arraroa eta berezia dela. Desmitifikatu nahi genuen hori. Beste hizkuntzak bezain arrunta da, zentzu positiboan», Borja Ariztimuño ikastaroaren antolatzaileetako baten esanetan. Filologia ikasi eta horretan lanean ari den talde batek antolatu du ikastaroa. Harrera ona izan dute, eta antzeko ekintzak antolatzeko gogoz dira. Dibulgazioa dute helburua. Euskararen ikerkuntzaren kasuan, sentimenduak, ideologiak, ezezagutza... osagai asko nahasten dira. Horregatik, hizkuntzalariak eta filologoak egiten duten lan zientifikoaren berri eman dute saioarekin.

Ikerketa zientifikoari esker, adibidez, ikasi dute ergatiboa, esaldien ordena, fonetika konplexua... ez direla euskararen bereizgarri. «Euskara berezia da inguruko hizkuntzekin alderatuz gero, baina ez da berezia munduan», Santaziliak esan duenez. Egia da ez dakigula euskara zein hizkuntza familiatakoa den. Ez zaio lotura genetikorik ezagutzen. Baina horrek ez du esan nahi «bakartua» egon dela. Hizkuntza askorekin harremanetan egon da eta dago, eta munduko beste hizkuntza batzuekin ezaugarri komunak ditu. «Nik oraindik ez dut topatu euskarak berea bakarrik duen berezko ezaugarri bakar bat ere», Santaziliaren hitzetan. Euskara ez da hain arraroa, hortaz.

Ideia horri lotuta egin dituzte Eibarko saioak, eta alderdi askotatik begiratu diote auziari. Aztertu dituzte dialektologia, fonologia, hizkuntzaren gaineko ideien historia, euskalkien bilakaera, gramatika... Bi ardatzi begiratuz betiere: euskararen «ustezko» berezitasuna batetik, eta euskararen barne historia bestetik. Parte hartze handiarekin, gainera: hamalau hizkuntzalari eta filologok eman dituzte saioak. Saiatu dira esplikatzen euskararen ezaugarri gehienak ez direla arraroak eta euskararen historia hizkuntza askoren historiarekin lotuta dagoela. Eta metodo zientifikoaren garrantzia nabarmendu dute.

Ideia horretan oinarritu du hitzaldia Blanca Urgell Euskal Filologiako doktoreak. Eusko Jaurlaritzako erantzukizunak utzita, irakaskuntzan ari da berriro Urgell, eta ostegunean parte hartu zuen UEUko saioan. «Sumatzen da giza zientziak ez direla ezagutza zientifikotzat hartzen», esan zuen: «Baina hizkuntzalaritza beste gizarte zientziak baino lehenago hasi zen ikerketa esparru gisa egituratzen, XIX. mendean». Zientifikoak ez diren bestelako ezagutza modu batzuk egon daitezkeela ukatu gabe, hizkuntzalari eta filologoek metodo zientifikoari jarraitu behar diotela nabarmendu zuen. «Zientzia gisa aritzeko asmorik ez duen filologia bat ere egiten da, gurean bezala kanpoan». Eta gertatzen da batzuetan datu gisa aurkeztea hipotesia baizik ez dena.

Kasu horietarako, «oso inportantea da ikertzailearen begiratua». Adibidea eman zuen Urgellek. Koldo Mitxelena hizkuntzalariak, 1958an, Landucciren Dictionarium linguae cantabricae hiztegiaren hitzaurrean, hipotesi bat aurkeztu zuen, aski ausarta: galdutako Arabako euskalki bateko hiztegia zela hura, Gasteizko garai bateko euskararena. «Falta zitzaizkion datuen gainean hegaldatu zen Mitxelena; eskuetan zituen datuetan oinarrituta, ideia bat jaurti zuen». Lazarragaren eskuizkribua agertu zenerako, 2004rako, Arabako euskararen corpus bat bazen, hipotesi hori oinarri. Horrek lagundu zuen eskuizkribua Arabako euskalki horretan sailkatzen, eta Mitxelenaren hipotesia berresten.

Ahaiderik gabeak

Sarri, itsuan aritu behar dute hizkuntzaren ikertzaileek. Euskararekin areago, denboran atzera egin nahi izanez gero frogatzeko moduko datuak falta direlako. Horregatik dira metodo zientifikoa eta ikerlariaren begiratua eta zorroztasuna hain garrantzitsuak. Euskarari ahaideak aurkitzeko ikerketak dira horren erakusle. Ivan Igartua Filologia Klasikoko doktoreak aztertu zituen ahalegin horiek. Euskara lotu izan da hizkuntza kartvelikoekin, uralikoekin, sumerierarekin, etruskoarekin, iberierarekin, minoikoarekin, zeltarekin, europera zaharrarekin... «Gutxi izango dira euskararekin lotu izan ez dituzten hizkuntza familiak». Alferrikako saioak, orain arte.

Hizkuntzalariek tresna nagusi bat dute hizkuntzen arteko ahaidetasuna frogatzeko: korrespondentzia fonologiko erregularrak. Hartzen dituzte bi hizkuntza, eta aztertzen dituzte hotsak edo fonemak errepikatzen diren, esanahiak eta hotsak bat datozen, erregulartasunak eta irregulartasunak antzekoak dituzten... Sarri, hutsegite larriak egin dira: antzekotasun lexiko ahulak lortu, oinarrizko hiztegia erabili beharrean beste hizkuntza batzuetatik mailegatutako hitzak alderatu, zatiketa morfologiko arbitrarioak egin... «Metodoa zorrotz erabili behar da», ohartarazi du Igartuak. Baina ikerketak zorrotz egin direnetan ere ez da emaitza esanguratsurik lortu. «Ematen du zurtz jarraituko duela euskarak, ahaiderik gabe, baina ez da larritzekoa». Munduan badira 350 hizkuntza familia, eta ahaide ezagunik gabeak dira 120-130 bat. Euskara ez da bakarra, hortaz.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna