CANi buruzko ikerketa batzordea baimenduko dute urtarrilaren 15ean

Bi urtez etengabe ezezkoa eman ostean, PSNk aldarrikatu du orain «erabateko gardentasunaren alde» dagoela.

Lizarberen arabera, jarrera aldaketak ez du zerikusirik hauteskunde interesekin
Juan Jose Lizarbe, PSNko parlamentaria.
Juan Jose Lizarbe, PSNko parlamentaria. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS

Joxerra Senar -

2015eko urtarrilak 8
Eguberrietako oporretatik itzulita, parlamentuko eledunen batzordearen agenda gaiez gainezka zegoen atzo, eta horien artean nagusietako bat Nafarroako Kutxari buruzko ikerketa batzordearen osaera izan zen. Alderdiek erabaki zuten batzordearen osaera urtarrilaren 15eko osoko bilkuran bozkatuko dutela. Atzo, Juan Jose Lizarbe PSNko eledunak azaldu zuen «erabateko gardentasunaren eta informazioaren alde» daudela, baina ohartarazi zuen interes alderdikoietan sartzeko asmorik ez dutela. «Ez dugu zaratarik aterako zarata ateratze hutsagatik». Iraganean egin bezala, ikertzea baino gehiago gobernua higatzea nahi izatea leporatu zion Lizarbek Bilduri: «Batzorde hori egitea erabaki badugu, izan da iker dadin, eta ez hauteskunde arrazoiengatik».

Hauteskundeak baldintzatuta egingo da datorren asteko bozketa, eta, Lizarbek dioena dioela, PSNren jarreraren aldaketaren atzean bozen itzala nabari da. Aurrezki kutxaren galera eta horren erantzukizun politikoei buruzko ikerketa batzordearen osaera izan dira legealdiko gairik nagusietakoak, baina oposizioko gainerako alderdien eskaerari muzin egin diete UPNk eta PSNk. Hala ere, abenduaren 19an jarreraz aldatzea erabaki zuten, eta lehen aldiz ikerketa batzordeari baiezkoa ematearen alde azaldu ziren.

Azkenik, urtarrilaren 15ean emango zaio aldeko botoa batzordeari, eta bi hilabete eta erdi geratuko dira, martxoaren 31n parlamentuaren jarduera eten beharko delako. Denbora mugatua izateaz gain, ikusi beharko da, halaber, zer baldintza jartzen dituen PSNk. Behin batzordea osatuta, lan egutegi bat prestatu beharko da, eta gaiak zehaztu. «Espero dugu batzorde emankorra izatea, eta herritar askoren zalantzak argitzea», esan zuen Lizarbek.

Bilduk, Geroa Baik, Aralar NaBaik eta Ezkerrak berehala erantzun zioten PSNk abenduaren 19an erakutsitako jarrera aldaketari, eta ikerketa batzordea oporretara joan aurreko azken osoko bilkuran aztertzea proposatu zuten. Alabaina, PSNk eta UPNk atzera bota zuten eskaera, eta denbora preziatua galdu da.

Horregatik, PSNren jarrera horrek mesfidantza eragiten dio Bilduko Maiorga Ramirezi. Haren ustez, ikerketa batzordea ia hilabete batez atzeratu izanak PSNren egiazko asmoa biluzten du: «Nafarroako Kutxaren desagerpenaren inguruko erantzukizuna eta erabakiak sakon ikertzeko benetako aukerak ezerezean utzi nahi dituzte», esan zuen Bilduko Maiorga Ramirezek

Geroa Baiko Manu Aierdik ere zalantzak agertu ditu «denbora gutxi» geratzen delako eta ez dakielako pertsona guztiek agertzerik izango duten: «Espero dugu mugarik ez jartzea».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna