Nafarroa Euskadi-Akitania euroeskualdean sartzeko prozesua martxan da

Nafarroako eta Akitaniako presidenteek bilera egin dute Bertizaranan.«Hilabete batzuk» beharko dituzte prozedura formalki osatzeko

IñIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
Hodei Iruretagoiena.
2015eko urriaren 24a
00:00
Entzun
EAE eta Akitaniarekin batera, Nafarroa ere euroeskualde beraren parte izateko prozesua abian jarri dute Akitaniako presidente Alain Rousset eta Nafarroako presidente Uxue Barkosek. Bertizko jauregian elkartu dira bi agintariak (Bertizarana, Nafarroa), eta jakinarazi dute «mahai gainean» izan dutela prozedura hori hasteko lan proposamen bat. Roussetek adierazi du «plazerez» hartu dutela Nafarroako Gobernuaren eskaera, eta Barkos ere gustura geratu da bilerak emandakoarekin: izan zezakeen «harrerarik onena» jaso duela esan du. Gogora ekarri dute «hilabete batzuk» beharko dituztela Nafarroaren integrazioa formalki gauzatzeko.

Nafarroako gobernu berria osatu zenetik, lehen aldiz egin dute bilera bi lurraldeetako agintariek —irailaren 25ean, Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkullurekin bildu zen Barkos—. Pozik agertu da Rousset horregatik, izan ere, «azken denboran elkarrengandik pixka bat urrun» egon direla oroitarazi du. 1992an —UPNko Juan Cruz Alli zen presidente—, Nafarroak EAE eta Akitaniarekin lankidetza hitzarmen bat sinatu zuen, baina elkarlanak ez zuen garapen handirik izan. 2000. urtean, Miguel Sanz Nafarroako presidenteak (UPN) hautsi egin zuen hiru administrazioen arteko lankidetza esparrua.

2011n gauzatu zen, formalki, Euskadi-Akitania euroeskualdearen sorrera. Patxi Lopezek (PSE-EE) eta Alain Roussetek sinatu zuten (PS) hitzarmena, «interes komuneko alorretan» elkarlanean aritzeko. Nafarroari eta Aragoiri ere egin zieten gonbita, baina ezezkoa erantzun zuten biek. Hiru xede nagusi ditu euroeskualdeak: lankidetzan «modu global eta zeharkakoan» jardutea, «ikuspegi europarra izango duen lurralde lankidetza bat sortzea» eta «bi eskualdeen egoera sendotzea Europan». Abenduan sinatu zuten azkenengo plan estrategikoa (2015-2020).

Pisu «oso handia» Europan

Roussetek nabarmendu duenez, «bederatzi milioitik gora biztanle izango lituzkeen eskualdeen elkarte bat» sortuko dute horrela, eta «oso handia» izango da Europan izango duten pisua, besteak beste, finantzaketa lortzeko. Barkosek azaldu du urtero 500.000 euro ordaindu beharko dituela foru erkidegoak euroeskualdearen parte izateko, baina egitura horrek dakartzan «aukerak» azpimarratu ditu.

Besteak beste, azpiegituren gaia aipatu dute, esanez kamioien garraioa murriztu eta «trenbidez pasaraztea» izango dela lehentasunetako bat. Hezkuntza, laborantza, elikadura eta osasuna ere badaude lantzen dituen alorren artean, baita euskararen eta kulturaren sustapena ere. Roussetek, ordea, ez du euskararen aipamenik egin bileraren ondorengo adierazpenetan hizkuntzen aferaz ere mintzatu denean: «Frantsesa eta gaztelera sustatu behar dira unibertsitateetan, duintasunaren ikuspegitik ezin baita onartu dena ingelesaren jiran egitea».

Joan den asteartean iragarri zuen Barkosek Nafarroak euroeskualdean sartzeko eskatuko zuela, eta, administrazio bakoitzak eskumenak ezberdinak direla aitortu arren, horrek «aberastasuna» dakarrela esan zuen.

Orain 60 urte inguru hasi ziren halako egiturak eratzen, eta 90 inguru daude egun. Gehienak, 1990 eta 2000 artean sortu ziren. Euskadi-Akitaniak, Nafarroa sartuta, Euskal Herriko zazpi lurraldeak bilduko lituzke, baina Akitaniako gainerakoei lotuta.

Euskal Herriaren ikuspegitik, halako egitura batek lekarkeen aukerak aztertu zituen iaz Argitxo Etxadi ikerlariak, Udalbiltzak diruz lagunduta. Egitura horrek lurralde garapenerako tresnak eskaintzen dituela azaldu zion ikerlariak BERRIAri: «Ideia litzateke zazpi euskal lurraldeak batuko lituzkeen euroeskualde bat sortzea; aukerak ikusten ditut».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.