Uriartek dio «txikikeriak» direla barne desadostasunak

EAEko Ahal Dugu zatitzeko arriskurik ez dagoela azpimarratu du idazkari nagusiak, eta zerrendak osatzeko polemikarekin lotu ditu

Ahal Dugu-ko Nagua Alba eta Fernando Iglesias eta Equoko Juantxo Lopez Uralde, atzo. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
jokin sagarzazu
2015eko azaroaren 5a
00:00
Entzun
Alderdian dituzten desadostasunak «txikikeriak» direla eta Ahal Dugu hausteko arriskurik ez dagoela azpimarratu du Roberto Uriartek, alderdiaren EAEko idazkari nagusiak. Hitzokin garrantzia kendu nahi izan die azken egunetan zabaltzen ari diren zurrumurruei. Horiei buruz aritzeko komunikabideak deitu zituen herenegun Bilbora, baina agerraldia hastear zela eta kazetari guztiak han zirela, Madrilgo zuzendaritzaren dei bat jaso zuen, eta bertan behera utzi behar izan zuen prentsaurrekoa.

Abenduaren 20an egingo diren Espainiako Gorteetarako bozetarako zerrendek sortu omen dute krisia. Hori eman du aditzeraEAEko zuzendaritzak, ohar batean. Besteak beste, autonomia gehiago eskatu dio Espainiako zuzendaritzari zerrendak osatzeko eta aliantzen estrategia zehazteko. Ahal Dugu-ren barruan egon daitezkeen barne desadostasunak ere agerian utzi ditu agiri horrek; bereziki, EAEko buruzagien eta EH Bildurekin elkarlanean aritzearen alde egongo litzatekeen sektore baten artekoa.

Hori guztia argitze aldera, Uriarte elkarrizketatu dute Euskadi irratian. Ahal Dugu-ko buruak ez du ezkutatu desadostasunak badituztela gai horietan, baina salatu du «zenbait komunikabidek» interesa dutela horiek «areagotzeko» eta gainean «lupa» jartzeko. Uriarteren ustez, «txikikeriak dira, ez dira benetako desadostasunak», eta ez dira «alderdi bat zatitzeko» modukoak.

Alderdiaren barruan dauden arazoen artean bi azpimarratuditu: «Barne antolaketarekin lotuta daudenak eta etxe barruan garbitu beharrekoak». Lehena Madrilekin izango lukete, eta bigarrena Ahal Dugu-n. Uriartek azpimarratu duenez, desadostasun nagusia Madrilgo zuzendaritzarekin daukate, eta, bereziki, Espainiako Gorteetarako bozei begira Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako zerrendak osatzean azaleratu dira. «Gure ustez, hautagaitzak adostu egin behar dira, denok amore emanda».

Horren oinarrian omen dago Podemoseko zuzendaritzak Juantxo Lopez Uralde Equoko eleduna Arabako zerrendaburu izendatu izana. EAEko Ahal Dugu-ren zuzendaritzak Bizkaiko bigarren posturako nahi zuen Greenpeaceko zuzendari ohia. «Gure ustez, Bizkaiko zerrenda indartu behar zen, nahiko ziurra baita Araban diputatu bat aterako dugula», azaldu du Uriartek. Podemosek eta Equok akordioa egin zuten aurreko astean bozetara elkarrekin aurkezteko, eta atzo ere berretsi zuten «gaur-gaurkoz» Lopez Uralde dela Arabako zerrendaburua. Uriartek, halere, uste du desadostasun «txiki» hori gaindituko dutela eta datozen egunetan konponduko dela. «Gure helburua da Pablo Iglesias Espainiako presidente izateko ahalik eta boto gehien lortzea». Lopez Uralde ere prest azaldu da arazoa aztertzeko eta Ahal Dugu-koek erabakitzen dutena errespetatzeko. Hautagaitza aurkezteko Gasteizen atzo eginiko agerraldi batean, «lasai» egoteko eskatu zien koalizioko kideei, eta azpimarratu zuen «etsaia» kanpoan dagoela «eta ez etxean».

EH Bilduri begira

Uriarte zuhurrago mintzatu da Arnaldo Otegiren aldeko manifestaziora joan ziren kideen inguruan sortu den beste polemikari buruz. Horren harira, EAEko Ahal Dugu-ko hainbat buruzagik agiri bat kaleratu dute haien jarrera kritikatuz; leporatzen diete EH Bilduren «atzetik ibiltzea eta Euskadiko Ahal Dugu-ren barruan urpekari gisa aritzea». «Izango dute haserre egoteko arrazoirik. Eta nik errespetatzen dut hori», adierazi du Uriartek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.