Akusazioak ukatu dituzte deklaratzera deitutako ezker abertzaleko kideek

Batasunari diruz laguntzea egotzita, bederatzi lagunek deklaratu dute Auzitegi Nazionalean.Segurako sumarioaren auzi saio berria egin dute

Auzitegi Nazionalera deitutako zenbait lagun eta Aiert Larrarte abokatua,atzo, Madrilen. J.DANAE / ARGAZKI PRESS.
Edurne Begiristain.
2016ko urtarrilaren 12a
00:00
Entzun
2008tik sekretupean egon den sumario batengatik ezker abertzaleko 22 kide deklaratzen hasi ziren atzo Espainiako Auzitegi Nazionalean. 2007an Seguran (Gipuzkoa) egindako polizia operazioaren sumariotik bereizitako auzi ekonomiko batengatik deitu ditu deklaratzera Jose de la Mata epaileak ezker abertzaleko kideak. Atzo eta gaur hartuko die deklarazioa. Atzo, hamalau lagun zeuden deituak deklaratzera, baina horietatik bederatzi agertu ziren auzitegian —gainerako bostek ez zuten zitazioa jaso Frantziako Estatuan daudelako—. Deklaratu zuten lagun guztiek ukatu egin zituzten haien aurkako akusazioak. Gaur beste hamahiru deitu dituzte epailearen aurrera.

Guztira, 27 lagun ikertzen ari da epailea, baina horietako batzuk absolbituak izan dira beste epaiketa batzuetan, edo beste auzi batzuetan ezarritako zigorrak osorik bete dituzte. Delitu larriak leporatzen dizkie ikerketapean dauden 27 pertsonei: «Talde terroristari» laguntzea —orduan legez kanpo zegoen Batasuna alderdiari—, kapitala zuritzea eta ondasunak ostentzea. Espainiako Poliziak joan den martxoan egindako txosten batean oinarrituta jarri ditu epaileak ikerketapean ezker abertzaleko kideak. Txosten horretan, EHAK alderdiaren bankuetako kontuetan izaniko mugimenduak aztertu ditu Poliziak, eta ondorioztatu du EHAK, ANV eta Batasunak «elkarrekin» jardun zutela arlo ekonomikoan eta «kutxa bakarra» ezarri zutela euren jarduerak finantzatzeko. Kutxa horren arduradunak EHAK-ko bi diruzain ohiak zirela dio poliziak: Sonia Jacinto eta Jesus Maria Agirre.

Atzo deklaratu zutenek ukatu egin zuten Batasuna diruz lagundu izana, eta jasotako dirua EHAK alderdian egindako lanaren ondorio izan zela esan zioten epaileari. Epailearen aurrean hauek deklaratu zuten: Urko Aiartza, Martxelo Alvarez, Elisabete Zubiaga, Gregorio Jimenes, Mikel Aznar, Idoia Aiastui, Gorka Elejabarrieta, Jon Andoni Lekue eta Gotzon Amaro —preso dago beste auzi batengatik eta bideokonferentziaz deklaratu zuen—. Badaezpadako neurririk ez zien ezarri epaileak, baina ikerketapean jarraitzen dutela jakinarazi zien.

Abokatuek joan den astean salatu zuten oinarri juridikorik ez duela auziak eta poliziek egindako txostenak ez duela froga eta elementu berririk jarri mahai gainean. «Akusazioek ez dute ez buru ez hankarik», esan dio BERRIAri Aiert Larrarte abokatuak. Gogoratu duenez, 2008an arrazoi berberagatik haietako batzuk deklaratzera deitu zituen Auzitegi Nazionalak, eta ordutik ez dute berririk jaso.

04/08 sumariokoa ere bai

04/08 sumarioko 35 lagunen aurkako epaiketak ere atzo jarraitu zuen Auzitegi Nazionalean, polizien lekukotasunekin. Fiskalak eskatuta, zortzi poliziek deklaratu zuten, horietako hiruk Iruñeko eta Indautxuko (Bizkaia) polizia etxetik egin zuten, bideokonferentziaz. Ordubete eskas iraun zuen saioak, bideokonferentzia egiteko tresneriak arazoak eman zituelako. Tarte horretan, fiskalak itaunketa laburrak egin zizkien auzipetuei, batez ere Segurako atxiloketez.

Gaur eta bihar jarraituko duepaiketak, fiskaltzak eskatutako lekuko gehiagorekin. Abenduaren 3an hasi zen epaiketa, eta hamarna urteko zigorrak eskatu dituzte auzipetuentzat, ETAri laguntzea leporatuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.