«Euskaraz bizi nahi duen herri bat» erakutsiko dute Baionan apirilaren 16an

'Izan, egin, eragin, Euskal Herrian Euskaraz' lelopean eginen dute Euskaraz Bizi Eguna.Norbanakoen «ahalduntzea» izanen dute ardatz

Joana Halsouet, Ainhoa Zestao eta Gorka Iriarte, atzo, Baionan, egitaraua aurkezten. BOB EDME.
maddi ane txoperena iribarren
Baiona
2016ko martxoaren 17a
00:00
Entzun
Euskararen aldeko aldarrikapen eta bestarako gunea bilakatuko dute Baiona apirilaren 16an. Han eginen dute, hain zuzen, Euskal Herrian Euskaraz-ek (EHE) antolatzen duen Euskaraz Bizi Eguna. Zazpigarren aldia du bestak, eta Lapurdin eginen duten lehena da. Antolatzaileek azaldu dutenez, «euskaraz bizi nahi duen herri bat» erakutsi nahi dute egun horri esker, eta, horretarako, Baiona bilakatuko dute herri horren «erakusleiho».

Azken urteotan EHEko hiru talde sortu dituzte Lapurdin: Senperen, Urruñan eta Baionan. Eta, Gorka Iriarte EHEko kideak azaldu duenez, horiei «bultzada» emateko erabaki dute aurten Baionan antolatzea besta. Helburua, ordea, zabalagoa dute: «Euskaldunok sasi artetik salto egin eta garenaz harro gaudela, euskaraz bizi nahi dugula erakusteko eguna dugu; herri euskaldunaren eta euskararen alde egotetik harago, horren alde egiteko prest gaudela adierazteko eguna».

Izan, egin, eragin, Euskal Herrian Euskaraz leloa jarri diote jaiari, eta, Iriartek azaldu duenez, norbanakoen «ahalduntzean» ezarriko dute arreta: «Mendeetako zapalkuntzak gugan sortu dituen ustezko errespetuzko jokabide sumisoak gainditzeko deia egiten diogu norbanakoari, euskararen alde egotetik harago euskararen alde egiteko, geldirik dagoena ez baitoa inora».

Bide horretan, beren kabuz «erabaki ausartak» hartu dituzten pertsona eta taldeak txalotu nahi izan dituzte: erraterako, Uztaritzeko Herriko Etxeak euskara ofizial izendatzeko egindako hautua. Paueko Auzitegiak gibelera bota zuen erabaki hori joan den urtean, Frantziako Konstituzioarekin bat ez zetorrelakoan. Eta, justuki, EHEko kideek «estatu asimilatzaileen aurrean euskarari lehentasuna emango dioten legedi eta politikak» eskatu dituzte.

Jauzi «kualitatiboa»

Norbanako eta taldeen dinamikak goraipatu arren, «urrats bat harago» egiteko garaia dela uste du EHEk: jauzi «kualitatiboa» ematekoa, hain justu. «Gure etorkizunerako erabakigarriak dira garai hauek, eta bakoitzak beretik eta komunitate moduan bultza eginez euskaldunok asmatzera behartuta gaude. Horretan jarri nahi du indarra EHEk».

Bide horretan bertze geltoki bat izanen dute apirilaren 16a, eta hara biltzeko deia egin diete «euskaldun eta euskaltzale guziei».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.