Noiz sortua: 2017-02-01 00:30:00

Euskarazko arreta bermatu nahi du laukoak administrazio publikoan

Foru dekretu berri baten proposamena aurkeztu du Nafarroako Gobernuak, UPNren araua indargabetzeko. Gaur egun, funtzionario lanpostuen %0,9tan bakarrik eskatzen da euskara
IñIGO URIZ / ARGAZKI PRESS Tamaina handiagoan ikusi

Ion Orzaiz -

2017ko otsailak 1

Joko arau berriak ezartzeari ekin dio Nafarroako Gobernuak. Iragan astean Euskararen I. Plan Estrategikoa onartu ostean, administrazio publikoan euskararen erabilera arautzeko foru dekretuaren proiektua aurkeztu zuen atzo. Arau berri horren bidez, administrazioaren eta herritarren arteko harremanak «Nafarroako berezko bi hizkuntzetan» izateko aukera ziurtatu nahi du lauko gobernuak, euskarazko arreta bermatuta.

Atzo aurkeztu zuten agiria Funtzio Publikoaren Mahai Orokorrean, eta gaurtik aurrera, ikusgai egonen da Nafarroako Gobernuaren webgunean, herritarrek eta gizarte eragileek ekarpenak egin ditzaten.

Dekretu berriak eragin zuzena izanen du administrazioaren komunikazioan, lan deialdi publikoetan —irizpide berriak ezarriko baititu euskara eskakizun nahiz meritu gisa baloratzeko tenorean—, baina baita egungo lantaldean ere. Izan ere, Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetarako kontseilari Ana Ollok atzo azaldu zuenez, neurrietako bat izango da gaur egun jardunean diren langile elebidunak arreta postuetan jartzea.

Gobernuak emandako datuen arabera, Nafarroako 3.500 funtzionario baino gehiago euskaldundu dira azken urteetan Euskarabidearen euskaltegian, eta horietatik, milak baino gehiagok lortu dituzte B2 edo C1 gaitasun tituluak. «Nafarroako Gobernuak ez du baliabide handi hori aprobetxatu, orain arte», esan zuen kontseilariak.

Etorkizuneko lan eskaintza publikoei dagokienez, ele biko lanpostuak zeintzuk diren zehaztuko du dekretuak; besteak beste, herritarrekiko arreta zuzenean oinarritutakoak —telefonoguneetan, erregistro bulegoetan eta larrialdi zerbitzuetan—, eta ahoz eta idatziz informazioa eman behar dutenenak lehenetsiko dituzte. Euskara eskakizun izanen da lanpostu horietan, eta, dekretuaren proposamenean zehazten denez, «kopuruz nahikoak» izanen dira, herritarren eskubideak bermatze aldera.

Hala ere, gaur egun jardunean diren funtzionarioen eskubideak bermatuko dituztela ziurtatu zuen Ollok: «Euskarazko prestakuntza jardueretan beren borondatez parte hartzeko aukera eskainiko zaie horiei, eta, bestela ere, euskarazko zerbitzua bermatua egonen da talde bereko beste langileekin».

Gainera, ele bikoak ez diren lanpostuetarako ere, euskara meritua izanen da, Nafarroako hizkuntza propioa den heinean, oposizioetan nahiz barne promoziorako lehiaketetan. «Orain arte ez da planifikaziorik egin, eta, ondorioz, huts handiak daude; besteak beste, ingelesari edota alemanari baino balio txikiagoa eman zaio euskarari hainbat deialditan», esan zuen kontseilariak. Halako kasuak saihesteko, baremazio berria prestatu du Nafarroako Gobernuak.

Aldaketa mailakatuak

Foru dekretu berria onartuko balitz ere, aldaketak ez lirateke lehen egunetik aurrera ezarriko. Langileak lekualdatzen eta deialdiak egiten hasi aurretik, departamentu bakoitzaren beharrak zeintzuk diren aztertu nahi du Nafarroako Gobernuak. Horretarako, diagnostikoa eginen dute datozen hilabeteetan: «Jakin behar dugu, gaur-gaurkoz, zenbat langilek eman dezaketen arreta euskaraz, non dauden gabeziak, zeintzuk diren baliabideak...». Departamentu bakoitzak urtebeteko epea izanen du diagnostiko hori egiteko. Euskarabidea institutuari dagokio departamentuen artean koordinazio lana egitea eta aholkua ematea.

Behin ebaluazioa eginda hasiko dira aldaketak, «Nafarroako euskal hiztunen kopuruaren eta administrazioaren euskarazko eskaintzaren arteko alde handia murrizteko xedez». Gaur egun, Hezkuntza Departamentua kenduta, funtzionarioen %0,9 soilik dira euskaldunak. Osasunbidean, esaterako, postuen %0,64 dira elebidunak, eta zenbait departamentutan ez dago euskara eskakizun duen postu bakar bat ere.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Covid-19 daukaten gaixoak zaintzen duten bi erizain besarkatzen 55 egun gaixo zeraman gizon bat sendatzean. ©Andoni Lubaki / Foku

Koronabirusaren azken datuak

Berria

Euskal Herrian 31.166 gaixok eman dute positibo guztira, koronabirusa atzemateko probaren bat eginda. Horietatik 2.150 hil dira. Grafikoak, albiste barruan.

Udaletako eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariak, Zumarragan bilduta. ©/ Ordiziako Udala

Ordiziako fokuan 35 pertsona kutsatu dira oraingoz, eta alkateak «autokonfinatzeko» eskatu du

Irati Urdalleta Lete - Jon Ordoñez Garmendia

Beste hemeretzi positibo daudela jakinarazi du Osasun Sailak, eta dagoeneko mila PCR baino gehiagoren emaitzak jaso dituzte. Murgak baztertu egin du konfinamendua ezartzea, baita joan-etorriak mugatzea ere, eta gogorarazi du distantzia mantendu ezin denean maskara erabili beharra dagoela. Itxi zituzten Haka, Miami eta Kebab tabernetako zerbitzariek negatibo eman dute. Biharko azoka bertan behera utzi du Udalak, eta kiroldegia, jolas parkeak eta liburutegia itxi ditu.

Jair Bolsonaro. ©Joedson Alves / EFE

Bolsonarok positibo eman du COVID-19an

Oihane Puertas Ramirez

«Bikain» dagoela adierazi du Brasilgo presidenteak. Hura izan da COVID-19aren eragina ukatu izan duten agintarietako bat, eta horrek ekarri du Brasil herrialde kutsatuenetako bat izatea.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
Ion�Orzaiz

Informazio osagarria