Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

Berria.eus

Politika AIk torturaren biktimak «ikusezin» egin nahi izatea egotzi dio Espainiari

Publizitatea

Politika

AIk torturaren biktimak «ikusezin» egin nahi izatea egotzi dio Espainiari

Poliziaren biktimen aitortzari «oztoporik» ez jartzeko eskatu dio AIk Madrili. Tortura salaketak ez ikertzea egotzi dio, atzera, Espainiari
Esteban Beltran eta Iñigo Urkullu lehendakaria, atzo, lehendakaritzan, bilera hasi aurretik.
Argazkia: DAVID AGUILAR / EFE

2017-09-14 / Edurne Begiristain

AI Amnesty International erakundea «kezkatuta» dago estatu indarkeriaren biktimak aitortzeko Espainiako Gobernua jartzen ari den «oztopoengatik». Besteak beste, Eusko Legebiltzarrak onartutako Poliziaren Biktimen Legea auzitara eraman duelako agertu du kezka AIk. EAE: giza eskubideen biktimek, torturatuek kasu, egiarako, justiziarako eta erreparaziorako duten eskubideaz izenburupean, txosten bat landu du AIk, eta Iñigo Urkullu lehendakariari eta Jonan Fernandez Bizikidetzarako idazkari nagusiari aurkeztu die. Espainiako Barne eta Justizia ministroei ere bidaliko die txostena.

Dokumentuan, Amnesty Internationalek kargu hartu dio Espainiari tortura eta tratu txarren salaketak «nahikoa» ez ikertzeagatik eta biktima horien alde EAEko erakundeek onartutako neurriei «trabak» jartzeagatik. Madrilgo gobernuak gai horretan duen jarrera txarretsi du erakundeak, eta biktimak «ikusezin» egin nahi izatea aurpegiratu dio.

Ez da lehen aldia AIk Espainia kritikatzen duela tortura kasuak ez ikertzeagatik. Oraingo honetan, AIren txostenak aipamen berezia egiten dio Poliziaren Biktimen Legearen aurka Madrilek Auzitegi Konstituzionalean jarritako helegiteari. Giza eskubideen aldeko erakundeak Espainiari gogora ekarri dio nazioarteko legediak babestu egiten duela legebiltzarrak onartutako arau hori. «Arazoa beste bat da», azpimarratu du Esteban Beltran AIk Espainian duen zuzendariak, komunikabideei emandako azalpenetan. «Espainiak estali egin nahi du tortura praktika oso zabalduta egon dela», ohartarazi du.

Gogora ekarri du Espainia «behartuta» dagoela iraganean izandako giza eskubideen urraketak ikertzera eta horien «egia» bilatzera, eta nazioarteko zuzenbideak badituela tresnak giza eskubideen urraketen biktimak aitortzeko. «Nazioarteko araudiari muzin egiteak, tortura eta tratu txarren biktimak aitortzearen aurka egiteak eta horiek ikusarazteko neurri alternatiborik ez aurkezteak zigorgabetasuna bermatzen dute», azaldu du.

Praktika «orokortua»

Tortura eta tratu txarren biktimak ikusarazteko Espainiako Gobernuak jarritako «oztopoak» bildu ditu AIk landutako txostenean. Besteak beste, gogora ekarri du Giza Eskubideen Europako Auzitegiak zazpi aldiz zigortu duela Espainia tortura kasuak ez ikertzeagatik, eta Espainiak muzin egin diela Torturaren Aurkako Komiteak torturaren definizioa Zigor Kodean moldatzeko egindako gomendioei.

Espainian torturaren praktika «orokortua» izan bada ere, ikerketa «eskasak», erreparazio «gutxi» eta indultu «ugari» izan direla salatu du AIk. Hala, Kriminologiaren Euskal Institutuak landutako Tortura 1960-2013 ikerketak jasotako datuak gogora ekarri ditu: denbora horretan gutxienez 4.009 tortura kasu identifikatuta badaude ere, soilik 19 kasutan zigortu dituzte egileak, eta tortura kasuengatik zigortutako 61 polizietatik 27k indultua jaso dute.

Torturaren biktimen egoera aztertuta, hainbat eskakizun egin dizkie AIk Espainiako Gobernuari eta Eusko Jaurlaritzari. Biei galdegin die aitor dezatela modu publikoan «ETAren aurkako borrokaren testuinguruan» torturak eta tratu txarrek sortutako samina, eta «argi» esan dezatela debekatuta dagoela atxilotuei tratu txarrak ematea. Bestalde, torturaren erabilerari buruzko datu ofizialak modu «zehatzean» argitara ditzatela eskatu die, eta legedia berraztertu dezatela biktima horien aitortza bermatuta egon dadin.

Publizitatea

Sortu kontua
Edurne Begiristain Edurne Begiristain

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak