Ikasleen artean irakurtzeko zaletasuna zabaldu dezaten, irakasleak trebatuko dituzte

Galtzagorri elkarteak eta Eusko Jaurlaritzak ituna egin dute 70 eskolatan irakasleekin «lantegiak» egiteko. Giltzarritzat jo dute haien motibazioa
Iñaki Markotegi Galtzagorriko lehendakaria, Miren Dobaran sailburuordea eta Castillo Suarez idazlea, atzo.
Iñaki Markotegi Galtzagorriko lehendakaria, Miren Dobaran sailburuordea eta Castillo Suarez idazlea, atzo. J.C. RUIZ / ARP

Garikoitz Goikoetxea -

2018ko urtarrilak 13
Nola areagotu irakurzaletasuna umeen eta gaztetxoen artean, egitasmo bat jarriko dute martxan Eusko Jaurlaritzak eta Galtzagorri elkarteak. Talde horrek urteak daramatza helburu horrekin lanean, eta, oraingoan, irakasleen bidez egin nahi dute indar: eskoletako maisu-maistrak trebatu nahi dituzte, «motibatu», ikasleen artean irakurtzeko zaletasuna zabal dezaten. Ikastetxeetan saioak egingo dituzte Galtzagorriko kideek: 70 eskola sartu ahalko dira aurtengo proiektuan, eta irakasleei baliabideak eskainiko dizkiete ikasleak euskarazko liburuak irakurtzera bultza ditzaten.

Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak finantzatuko du egitasmoa, 30.000 eurorekin. Miren Dobaran sailburuordeak esan du proiektu pilotua izango dela aurtengo ikasturtekoa, eta emaitzen arabera erabakiko dutela datorren ikasturtera begira zer egin. Haurretatik nerabeetarainoko hezkuntza aldiak hartu dituzte: Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza. Proposamen ezberdinak egingo dituzte bakoitzean.

Irakurzaletasuna bultzatzeko garaian, «bitartekariek» garrantzi handia dutela azaldu du Iñaki Markotegik, Galtzagorriko lehendakariak: familiak, liburuzainek... Irakasleek ere bai, erreferentzia baitira ikasleentzat. Ardura hori betetzeko, ordea, «tresnak» behar dituzte maisu-maistrek, Dobaranen esanetan.

Liburutegiak ere bai

Markotegik azaldu du zein izango den lan ildoa. Hautatutako eskoletara joango dira Galtzagorriko kideak, gurdi batean liburuak dituztela: liburu berriak izango dira gehienak, «nobedadeak», baina «klasiko batzuk» ere hautatu dituzte. Zerrenda osatu dute, baina aldian-aldian gaurkotu egingo dute. Liburuak aukeratuta, horiei buruz zer jardun egin, nola bultzatu ikasleak irakurtzera, «liburuak lantzeko dinamikak» proposatuko dizkiete irakasleei: «motibazioa» bultzatu nahi dute.

Ikastetxean horrelako saio bat egingo dute ikasturtean. Helburu dute, bidenabar, sarea sortzea eskolaren eta liburutegiaren artean, eta, hori lortzeko, irakasleentzako saiora gonbidatuko dituzte herriko liburutegiko langileak ere. «Zubiak» eraiki nahi dituzte, «bide paraleloetan» ez aritzeko.

Castillo Suarez idazleak parte hartu zuen proiektuaren aurkezpenean atzo. Umetatik irakurtzera zaletzearen garrantziaz jardun zuen, eta «bitartekarien» pisuaz. «Horrela, adimenez, era gozagarrian eta emozioz irakurtzen da». Euskararen erabilera bultzatzeari dagokionez literaturak daukan pisuaz ere mintzatu zen Suarez. Euskarazko literatura «gozagarri» bazaie haurrei eta gaztetxoei, motibazio handiagoa edukiko dutela euskararekin, eta erabiltzeko nahia ere bai.

Ikastetxeek izena eman behar dute egitasmoan parte hartzeko, eta lehen 70ak hautatuko dituzte. Etzi zabalduko dute epea. Halere, zehaztu dituzte irizpide batzuk: erdiak izango dira Haur eta Lehen Hezkuntzakoak, eta beste erdiak, DBHkoak. Herrialdeka: Araban 14, Gipuzkoan 21 eta Bizkaian 35.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna