Martxoaren 8an lanuztea egiteko deialdia egin dute UGTk eta CCOOk

Euskal Herriko gainerako sindikatu nagusiak jada ari dira mugimendu feministarekin elkarlanean, 'Emakumeok* Planto' lelopean. CCOOk eta UGTk Madrilgo deialdiarekin egin dute bat
Zahar etxeetako langile grebalarien protesta, iazko Martxoaren 8an.
Zahar etxeetako langile grebalarien protesta, iazko Martxoaren 8an. M.R. / ARP

Samara Velte -

2018ko urtarrilak 30
CCOO eta UGT sindikatuek ere euren deialdia egin dute Martxoaren 8an egingo den greba feministarako: lan txanda bakoitzeko bi orduko lanuzteak egiteko eskatu diete enpresetako beharginei; bat goizean eta bestea arratsaldean. Bi sindikatuek Espainiako Estatuan erabiliko den leloarekin egingo dute bat: Bizirik, libre eta elkartuta, berdintasunaren alde. Indarkeria matxisten, soldata desberdintasunaren eta enpleguko prekaritatearen aurka.

Euskal Herrian, aldiz, Emakumeok* planto! izango da Martxoaren 8ko mobilizazioetarako lelo nagusia —emakume gisa identifikatzeko modu ugari daudela irudikatzen du izartxoak—. Ia bi dozena elkartek —tartean, Bilgune Feminista, gehiengo sindikala eta gobernuz kanpoko hainbat erakunde— abenduaren 2an abiarazi zuten egitasmoa, Gasteizen egindako batzar handi baten ondotik. Harrezkero, eskualde, herri eta auzoetara igaro da greba feminista antolatzeko ardura; hainbatetan hasiak dira jada antolaketako batzordeak osatzen, eta lurralde bakoitzeko bi ordezkari ari dira nazio mailako deialdia prestatzen. Izan ere, greba klasikoaz harago, herriz herri antolatutako ekintzekin osatu nahi dute protesta. Enplegatutako langileen greba ez ezik, ikasleena eta zaintza lanak egiten dituztenena ere izatea nahi dute antolatzaileek; kontsumo greba ere planteatu zen abenduko batzar hartan. Horregatik, jarduera bakoitzera egokitutako ekintzak proposatuko dituzte, lanuzte hutsaz harago.

Ostiral honetan emango dute Hego Euskal Herrirako deialdiaren xehetasunen berri. Bilgune Feministak jakinarazi duenez, «jende ugari» ari da jada prestaketetan parte hartzen: «Adin askotariko emakumeak ari dira bileretara joaten».

23,5 punturen aldea

CCOOk eta UGTk, ordea, enplegatuta dauden langileei bakarrik egin diete grebarako deialdia. Lanuztearen berri ematean, gizon eta emakumeen soldaten artean dauden desberdintasunetan jarri dute arreta nagusia bi sindikatuek. Cristina Antolanzas UGTko idazkariorde nagusiak eta Elena Blasco CCOOko Emakumeen eta Berdintasunerako idazkariak gogora ekarri dute Espainiako Estatuan 23,5 punturen aldea dagoela gizonek eta emakumeek irabazten dutenaren artean; eta emakumeen soldata, batez beste, %30 igo behar litzatekeela gizonezkoen irabazien parera heltzeko. Horregatik, iragarri dute soldata parekideak bermatzeko lege bat garatzeko eskatuko diotela Espainiako Gobernuari: «Soldatetan eta pentsioetan, lapurretan ari zaizkigu emakumeoi».

Lan mundurako beste hainbat neurri ere eskatu dituzte bi sindikatuek; adibidez, berdintasun plan bat edukitzeko betebeharra enpresa ertainei ere ezartzea —gaur egun, 250 langiletik gorakoak bakarrik daude behartuta—. Emakumeen enplegua sustatzen eta etxeko zaintza lanak hobeto banatzen laguntzen duten politikak ere exijitu dituzte. Izan ere, emakumeek hartu ohi dituzte eszedentzien eta lanaldi murrizketen %92: «Horrek gero ondorioak dauzka euren ibilbide profesionalean eta erretirorako kotizazioetan».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna