Espainia, EAEko estatusak «autodeterminazioa» jasotzearen «aurka guztiz»

Ciudadanosek PPri egindako galderari eta presioari erantzun dio Saenz de Santamariak. Girautak EAJ eta «nazionalismoak» izan ditu jomugan

Soraya Saenz de Santamaria Espainiako presidenteordea, atzo. J. C. HIDALGO / EFE.
enekoitz telleria sarriegi
2018ko otsailaren 15a
00:00
Entzun
«Nazionalismoa da Europak duen mehatxurik handiena». Ciudadanoseko eledun Juan Carlos Girautak Espainiako Kongresuko atzoko kontrol saioan esan eta nabarmendutakoa da, eta haren taldea prest dago mezu horren bueltan egin beharreko guztiak esan eta egiteko. Izan lege proposamenak, izan galderak, izan ihardespenak, eta izan polemika antzuak. Bezperan, euskara eskakizunen eredua airean jarri zuen, eta hizkuntza koofizialak jakitea betekizun izan ez dadin legez besteko proposamen bat aurkeztu. Atzo, EAEko estatusa berritzeko Eusko Legebiltzarrean EAJk egindako proposamena izan zuen jomugan. Horri buruzko galdera eginda estutu nahi izan zuen gobernua. Galdetu zion ea zer irizten dion proposamen horretan «autodeterminazio eskubidea» jasotzeari. Nor izan gogorrago eta nor izan zurrunago. PPren eta Ciudadanosen arteko hauteskunde lehiaren beste kapitulu bat da.

Eta gogor erantzun behar horretan, Soraya Saenz de Santamariak erantzun zion Girautari. Hura bezain gogor aritu nahian, batetik, eta EAJri kritika handiegirik egin nahi gabe, bestetik. Garbi utzi nahian zera: «Gobernu hau EAEko balizko estatus berri batek autodeterminazio eskubidea jasotzearen guztiz aurka dago». Eta Espainiako presidenteordearen eztena ondoren, nor gogorrago aritu behar horretan, aurka dagoela bai, eta, gainera, aspalditik dagoela aurka: «Ciudadanosekoak Kongresura iritsi aurretik».

Ez zuen Saenz de Santamariak gehiago sakondu nahi izan bere argudioetan, eta azpimarratu zuen Espainiako Gobernuak EAEko estatus berriari buruz duen iritzia Eusko Legebiltzarrean PPko bere alderdikideek duten berbera dela: «Gure ordenamendu juridikoan tokirik ez duen figura baten kontra gaude, Euskadiko biztanleen artean liskar politiko eta sozialak eragiten dituelako, eta Euskadiko ekonomian ziurgabetasuna sortzen duelako». Eta eztena berriro Ciudadanosekoentzat, esanez EAEko PP aspaldian ari dela hori esaten Eusko Legebiltzarrean, «Ciudadanosek ordezkaritzarik ez duen horretan».

Ciudadanosekoak, ordea, ez ditu gogobete Saenz de Santamariaren azalpenak. Haiek gradu bat gorago dabiltza aspaldian. EAJren estatus berrirako proposamena «demokraziari egindako desafioa da», Girauta bozeramailearen iritziz. «Bigarren Ibarretxe plan bat, autodeterminazio erreferendum bat eta berdintasunean oinarritutako bi subiranotasun biltzen dituena».

Eta EAJk EAEko estatus berrirako egindako proposamenaren aitzakian atera ditu Ciudadanosek trapu gehiago. Haiekin «harreman ona» izatea egotzi dio Espainiako Gobernuari, eta «mesedegarria» dela hori EAJrentzat, «nazionalismoa izanik Europak duen mehatxurik handiena, iraganeko hondakin bat, mamu zaharrak iratzarri baino egiten ez dituena».

EAJkoak, haserre

Etenik gabe aritu zen Girauta PPren eta EAJren kontra. Espainiako Gobernuaren aurrekontuak babestearen truke jeltzaleei «solidarioa ez den kupoitzar bat» oparitu diela esan zien gobernuko kideei, eta jeltzaleek orain «blokeatuak» dituztela aurrekontuak, Katalunian 155. artikulua aplikatzeari utzi arte. «Hori da EAJk herrialde honi ematen dion egonkortasuna», nabarmendu zuen Girautak.

Ez daude EAJkoak askoren beharrean Ciudadanosekoekin haserretzeko azken boladan, eta haserre mintzatu zen atzo ere Aitor Esteban diputatu jeltzalea. EAJri «erasotzearen» aitzakian, «gezurretan» aritzea egotzi zion Girautari, eta «hitza jatea» ere bai, haiek direlako atzera egin dutenak 2018ko Espainiako Gobernuaren aurrekontuei eman beharreko babesean.

Estebanek argi dauka Ciudadanosek «instrumentu» gisa darabilela EAJ, PPri eraso egin ahal izateko. Baina Girautari esan zion argitu beharra daukala zein den euskal nazionalistenganako euren benetako jarrera. Izan ere, haiekin «ezertarako ez kontatzeko» eskatzen ei dute batean, baina «aurrekontuak blokeatuta» haiek dauzkatela ei diote bestean. «Mingarria da iritsi berria den jende batek nirearen moduko alderdi bati esatea Europarentzat arriskutsua dela; gu izan ginen-eta Europaren sortzaileak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.