SNCFko langileen greba luzearen lehen egunak trenbideak hustu ditu

Langileen %48k egin dute bat grebarekin; tren gidarien artean, %77k. Parisek enpresa publikoan egin nahi dituen erreformen aurka atera dira langileak. Hiru hilabetean 36 greba egun egingo dituzte
SNCFko langileen lehen greba egunean eginiko manifestazioa, atzo, Parisen.
SNCFko langileen lehen greba egunean eginiko manifestazioa, atzo, Parisen. ETIENNE LAURENT / EFE

Iosu Alberdi -

2018ko apirilak 4
Ipar Euskal Herrian atzo ez zen trenik izan, eta gaur ere nekez izango dira, SNCF Frantziako trenbide konpainia publikoko langileek hasitako greba sortaren ondorioz. Parte hartze handia izan du lehen grebak Frantzian ere, «masiboa», CGT sindikatuko idazkari nagusi Phillipe Martinezentzat. Bost egunetik bitan egingo dute greba langileek, apirilaren hasieratik ekainaren amaiera bitartean, guztira 36 egunez. Frantziako Gobernuak enpresa publikoan hasi nahi dituen erreformen aurkako erreakzioa izan da, bi aldeek negoziatu bitartean.

SNCFren arabera, langileen %45ek egin dute bat grebarekin; gidarien artean, %77k. Grebak TGV eta Intercity trenen %88 gelditu ditu, eta eskualdeetako trenen %80. Paris erdigunea eta kanpoaldea lotzen dituzten trenetan ere nabarmen eragin du grebak.

Emmanuel Macron presidentearen gobernuak enpresa sozietate anonimo bilakatu nahi du, haren liberalizazioa hasteko, Air France airelinearekin egin bezala. Halere, Elisabeth Borne Garraio ministroak ukatu du erreformak enpresaren pribatizazioa ekarriko duela. Parisen ustez, aldaketa beharrezkoa da, enpresak duen zor handiagatik, ia 50.000 milioi eurokoa. Borneren arabera, estatuak egin ditu kontzesioak langileen aurrean, martxoan negoziazioak hasi zirenetik, eta sindikatuak ez dira mugitu. Martinezen esanetan, berriz, gobernuak entzungor egin die sindikatuei.

Erreformak zuzenean eragiten die langileei. Beharginen estatutuaren amaiera nahi du Parisek kontratazio berrientzat, besteak beste, 55 urterekin erretiroa hartzea indargabetuz.

Sindikatuek salatu dute erreformekin «sistema publikoa deuseztatu» nahi dutela, «dogmatismo ideologiko hutsagatik», eta pribatizazioak ez duela zorraren arazoa konponduko.

Trenbide sareko langileena, ordea, ez zen atzoko greba bakarra izan Ipar Euskal Herrian eta Frantzian. Air France airelineako langileek otsailetik eginiko laugarren greba eguna egin zuten. Protestak izan ziren unibertsitateetan eta hondakinen bilketa zerbitzuetan ere.

Macronen lan gatazka

SNCFko langileen greba Macronek aurrez aurre izan duen lan gatazka handiena da, presidente kargua hartu zuenetik. Ez da, ordea, tren zerbitzua erreformatzen saiatzen den lehen gobernua. Alain Juppe lehen ministroak 1995ean egin zuen azken saialdi serioa. Haren aurkako grebak estatua geldiarazi zuen hainbat astez, 1968ko maiatzetik Frantziak bizitako gizarte protesta handienean. Kasu hartan, funtzionarioen pentsioen defentsan eginiko protestek ere indarra izan zuten.

Oraingoan, Frantziako biztanleen %46k jotzen dute trenbide sareko langileen greba «justifikatutzat», Ifop institutuak eginiko inkestaren arabera. Bestalde, %51 izango lirateke Parisen erreformaren defendatzaile.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna