Euskararen ofizialtasuna Nafarroan

Ofizialtasuna hedatzeko trabak, mahai gainean

Nafarroako euskararen legea aldatzeko batzordeak lehen bilera egin du. Miguel Izu legelariak egoera juridikoaz hitz egin du. Lege berria elkarlanean idazteko egitasmoa ondu du Kontseiluak

Kontseiluko buru Paul Bilbao, atzo, egitasmoaren aurkezpenean. IÑIGO URIZ / FOKU.
Ion Orzaiz.
Iruñea
2018ko apirilaren 18a
00:00
Entzun
Abian da. Eztabaida eta ika-mika askoren ostean, lanean hasi da Nafarroako euskararen lege berri bat idazteaz arduratuko den batzorde parlamentarioa. Atzo izan zuen aurreneko lan saioa. Lehen fasean, hainbat alorretako adituak gonbidatuko dituzte batzordera, euskararen ofizialtasuna bermatuko duen lege batek zer ezaugarri izan behar dituen zehazte aldera. Bigarren fasean, euskararen alorrean diharduten eragileen iritzia ere jasoko dute.

Atzoko saioan, Nafarroako hizkuntza politiken eta euskararen egoera juridikoaren inguruan mintzatu zen Miguel Izu legelari eta Nafarroako Administrazio Auzitegiko eleduna. Euskarari «babes eta berme juridikoa» ematearen alde azaldu zen, baina zalantza agertu zuen Nafarroako Legebiltzarrak auzi horretan izan ditzakeen eskuduntzen inguruan: «Ongi deritzot euskararen legea aldatzeari, baina foru lege batek, berez, ezin du euskararen ofizialtasuna ezarri Nafarroa osoan. Ez, behintzat, aurretik Foru Hobekuntzaren lege organikoa aldatzen ez bada». Hala ere, euskararen estatusa aldatu beharra azpimarratu zuen legelariak.

Izuren planteamenduekin bat etorri ziren lauko gobernuari eusten dioten taldeak, baina ñabardurekin. Koldo Martinezen esanetan (Geroa Bai), lehentasuna «herritar guztien hizkuntza eskubideak bermatzea da». Horrekin ados azaldu zen EH Bilduko Dabid Anaut. Are, «behar diren legeak aldatzeko» borondatea erakutsi zuen, euskararen ofizialtasuna bermatze aldera: «Parlamentuak erabakitzen badu ofizialtasuna hedatu behar dela eta zonifikazioa gainditu, ez zait arrazoirik bururatzen hori ez ahalbidetzeko». UPNk, PPk eta PSNk, berriz, ez zioten zilegitasunik aitortu batzordeari: «Euskararen legea ez da aldatuko, horretarako Foru Hobekuntzaren lege organikoa aldatu beharko bailitzateke, eta, auzi horretan, parlamentu honek ez du deus esateko», esan zuen UPNko Carlos Garcia Adanerok. Hala, batzordean parte hartzen ez jarraitzea erabaki dute UPNk eta PPNk, «nazionalisten bozgorailua» delakoan; PSNk ere aukera hori aztertuko du.

Kontseilua, «elkarlanean»

Legebiltzarrak zabaldutako zirrikitua baliatuz, euskararen lege berria egiteko egitasmoa aurkeztu du Kontseiluak, Euskarari bidea, elkarrekin lelopean. «Elkarlana» sustatzeko xedez, hainbat bilera eginen dituzte maiatzean Barañainen, Elizondon, Lizarran eta Tuteran, herritarren eta eragile sozialen ekarpenak jasotzeko. Ekarpen horiekin, lege proposamen bat ondu eta parlamentuan aurkeztuko dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.