Zahar etxeetako langileen egoeraz ohartarazteko, protestara deitu du LABek

«Mobilizazio dinamika» bat abian da Gipuzkoan; ekainaren 14an batuko dira diputazio aurrean. Negoziatu nahi eza leporatu diete patronalei

Langileen ordezkariak, atzo, LABen egoitzan, Donostian. JON URBE / FOKU.
arantxa iraola
Donostia
2018ko maiatzaren 11
00:00
Entzun
Gipuzkoako zahar etxeetako lan itunerako negoziazioak hizpide, egoera traketsa irudikatu zuten atzo prentsaren aurreko agerraldi batean LAB sindikatuko ordezkariek. «Urte eta erdi pasatu da Gipuzkoako zaharren egoitzetako lan hitzarmen berria negoziatzeko mahaia zabaldu zenetik, baina ez aurrera ez atzera dabil, nahiz eta Gabonen aurretik bilera batera deituko gintuztela esan», adierazi zuten. Urritik daude bilerarik egin gabe, eta hartu-emanak zinetan daude hoztuta, langileen aburuz: «Akordioak egiteko gogorik eza nabaria da patronaletan, eta, idatziz interpelatu baditugu ere, ez dugu jaso fundamentuzko erantzunik». Soilik Adegik —enpresen %36 ordezkatzen ditu— eta ACGGk eman diete erantzun bat —%10eko partaidetza du—. Matiaren eta Laresen erantzunaren zain daude oraindik; %27ko ordezkaritza dute biek. Horregatik, protestarako deia egin dute: «mobilizazio dinamika» bat jarriko dute abian, eta ekainaren 14an amaituko dute, Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurrean egingo den elkarretaratze batekin.

ELA sindikatuko ordezkariek ere negoziazioen inguruko kezka adierazi zuten martxoaren 23an. Are gehiago, iragarri zuten aldaketarik ezean grebak egiten hasiko direla irailean. Sindikatu horrek du gehiengoa sektorean: %61eko ordezkaritza du langileen artean. Protesta dei horretan LABekin bat egitea ezinezkoa izan zela adierazi zuten: «Irakurketa ezberdinak egiten ditugu lan erreformari aurre egiteko moduaren inguruan». LABeko ordezkariek ez zuten aurreratu nahi izan atzo zer asmo duten irailetik aurrera, baina egoerak bere horretan badirau mobilizazioei eutsi beharko zaiela onartu zuten. Bost eskari nagusi plazaratu dituzte: herrialderako lan hitzarmen bat ituntzea, oinarrizko soldata toki eta foru administrazioen menpe dauden langileenarekin homologatzea, egiturazko lanpostuak zuzenean eta era mugagabean kontratatzea, ratioak berrikustea, —«guztiz desfasatuta daude gaur egun»—, eta langileen prestakuntza bermatzea.

Oinarrizkotzat dituzte horiek, eta areago ere egin behar dela uste dute. «Gure iritziz, eredua goitik behera aldatu beharra dago. Beharrezkoa da interes ekonomikoetatik aldenduko den eredu bat. Jendartearen oinarrizko eskubideak bermatuko dituen eredua. Egungoak oinarrizko eskubideak pribatizatzen ditu, eta kalte konponezinak sortzen dizkie langile eta egoiliarrei, eta, azken finean, gizarte osoari». Mundua ikusteko eta antolatzeko beste era bat aldarrikatudute, eta, horretarako, ezinbestekoa iruditzen zaie egungo gizarte sistemako paradoxak biluztea. Eta hor ere jarri nahi dute indarra. «Izan ere, egun garrantzi handiagoa ematen zaio 24 orduz lantegi batean autoak egiteari, gizartea zaintzen duten, balioetan hezten duten, gizartearen alde lan egiten duten edota beraien lanaz egungo gizartea aldatzen saiatzen diren emakumeei baino».

Lan osasuna ere hizpide izan zuten atzo, sektoreko lan baldintza gogorren erakusgarri. «Lan zamak izugarriak dira, erritmoak, eraso fisiko eta psikologikoak... Egungo ereduak kalte larria egiten dio sektoreko langileen osasunari». Alde horretatik ere, hobera egite aldera, adinekoak zaintzeaz arduratuko den «zerbitzu publiko bat» defendatu behar dela adierazi zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.