Biktimen eta presoen auziak aztertuko dituzte Bartzelonan, hilaren 13an

Foro Sozialak, FundiPauk eta Bartzelonako Udalak antolatu dute topaketa. Hernanek uste du «aukera leiho bat» zabaldu dela Madrilen

Agus Hernan eta Aitzpea Leizaola, iazko martxoan, IV. Foro Sozialaren aurkezpenean. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
jon olano
2018ko ekainaren 8a
00:00
Entzun
Foro Sozialak, Kataluniako FundiPau fundazioak eta Bartzelonako Udalak jardunaldi bat prestatu dute datorren asteazkenerakoKataluniako hiriburuan, Bakea eraikitzen. Euskal Herrirako erronkak eta aukerak ETAren bukaeraren ondoren izenburupean, espetxe politikan «eboluzio» bat egon dadin sustatzeko eta «aldeko iritzi ildo bat» sortzeko. Jardunaldiaren azken xedea «Bakearen Aldeko Bartzelonako Adierazpena» adostea da, ondoren udaleko osoko bilkurara eraman dadin.

Topaketan, hizpide izango dute biktimen aitortza eta erreparazioa, espetxe politika eta ETA desagertu ostean Euskal Herrian zabaldutako aro politikoa. Mahai inguru horietan, biktimek, abokatuek eta alderdi politikoetako ordezkariek hartuko dute parte, besteak beste.

Hilaren 13ko ekitaldiaren antolaketa Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidente izendatu aurrekoa da, baina gobernu aldaketak euskal presoen espetxe politikan izan dezakeen eraginaz hitz egin zuen atzo Agus Hernan Foro Sozial Iraunkorreko bozeramaileak. Europa Press agentziak eginiko elkarrizketa batean, «erabat ziur» agertu zen ETAren desagerpenak eta Espainiako Gobernuaren aldaketak «aukera leiho bat» zabaldu dutela, eta iruditzen zaio orain «ezinbestekoa» dela «espetxe politikan eboluzio bat egitearen aldeko iritzi ildo bat zabaltzea Espainiako Estatuan, eta, kasu honetan, Katalunian».

Sanchezen gobernuari dagokionez, espero du «pauso irmoak» emango dituela euskal presoak gerturatzeko, nahiz eta gaineratu emaitzak ez direla «ikusgarriak» izango. Halaber, gogorarazi zuen «gehiengo prekarioa» duela Sanchezek Espainiako Kongresuan, baina haren zentsura mozioa onartu zuten talde politikoak presoak Euskal Herriratzearen alde daudela.

«Elkarbizitza» helburu

Hernanek azaldu zuen ETA desagertu ostean biktimen egoera eta preso, iheslari eta deportatuen gizarteratzea landu beharra dagoela, kontakizunarenaz gain. Haren esanetan, biktimenean «asko» egin da aurrera, baina elkarbizitza eta adiskidetzea jo zuen «oinarrizko helburutzat». Presoen auzian, berriz, gogorarazi zuen Eusko Legebiltzarreko indar politikoen %92k eta Nafarroako Parlamentuaren bi herenek babesten dutela «espetxe politika moldatzeko» beharra, orain artekoa «salbuespenezkoa» izan delakoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.