Etxeko lanak diruaren truke

Argentinak 47.000 milioi euroko erreskatea hitzartu du NDFrekin. Maileguaren truke, defizita eta inflazioa azkarrago murriztu beharko ditu. Macrik G7ko gobernuen babesa lortu nahi du

Mauricio Macri Argentinako presidentearen agerraldia, joan den maiatzean, truke krisiaz aritzeko. JAVIER CAAMAÑO / EFE.
Ivan Santamaria.
2018ko ekainaren 9a
00:00
Entzun
Argentinaren erreskatea bideratzeko akordioa prest dago. Hiru urtean 47.000 milioi euro jarriko zaizkio eskura Mauricio Macriren gobernuari, diru bila finantza merkatuetara atera behar ez dadin. Sostengu hori ez da doakoa izango, ordea. Trukean, betebehar ekonomiko zehatzak dituen programa bat sinatu beharko du NDF Nazioarteko Diru Funtsarekin. Defizitaren eta inflazioaren aurkako borroka azkartzea izango da orain etxekolan nagusiak, gastuari artaziak sartuta.

Hamabi urte pasa dira Argentinak funtsarekin zituen zor guztiak kitatu zituenetik Nestor Kirchnerren agintaritzapean. Egun hartan, mandatariak «independentzia berriro irabazi» zutela aldarrikatu zuen. NDFren eta Argentinaren arteko harreman malkartsua ulertu behar da: 38 urtez egon zen herrialdea zaintzapean, 1956. eta 2006. urteen artean. Argentinarrei ez zaie oraindik ahaztu 2001eko krisi latzean funtsaren erabakiek izan zuten pisua ere.

Ekonomiaren eta kontu publikoen gaineko tutoretza hori laster bueltatuko da. Gobernuko eta funtseko ordezkariek akordio teknikoa itxi dute. Orain, Argentinak agindu duen programa ekonomikoa aztertu, eta NDF-ren kontseiluak behin betiko oniritzia eman beharko dio. Guztira, 50.000 milioi dolar eskainiko zaizkio herrialdeari (42.500 milioi euro inguru). Dena ondo bidean, ekainaren 20rako jasoko du maileguaren lehen partea, 12.750 milioi eurokoa.

Ez da diru iturri bakarra izango. Nazioarteko beste hainbat finantza erakundeetatik 5.650 milioi dolarreko kredituak (4.500 milioi euro) eskuratzeko ituna ere itxi du Buenos Airesek. BID Amerika arteko Garapen Bankuak, MB Munduko Bankuak, eta CAF Hego aAmerikako Garapen Bankuak bideratuko dituzte kreditu horiek.

NDFrekin hitzartutako baldintzek sakondu egingo dute Macrik aurrekontu publikoak egonkortzeko iragarri zuen bide orrian. Defizit primarioak —zorraren interesak aintzat hartzen ez dituena— %2,7 izan beharko du aurten, eta %1,3 datorren urtean. Iaz, %3,9 izan zen. 2020an aurrekontu orekatuak aurkeztu beharko ditu, eta 2021ean superabit primarioa (%0,5) aurkeztu. Horrek esan nahi du egungo defizita 16.400 milioi euro jaitsiko beharko duela lau urtean.

Inbertsioak eta subsidioak

Gobernuak ez du ofizialki adierazi nondik kenduko duen gastua agindutako murrizketa gauzatzeko. «Ekonomia plana jasangarria izango da ekonomikoki, politikoki eta sozialki», ziurtatu du Nicolas Dujovne Ogasun ministroak. Bi elementu nagusi izango du doikuntza horrek, edonola ere. 2020. urtera arte iragarrita zegoen inbertsioa nabarmen jaitsiko da. Gobernuak espero du ekinbide publiko-pribatuen bidez murrizketaren parte bat konpentsatzea. Bestalde, gobernuak erregaiei eta garraioari ematen zaizkion subsidioak kentzen jarraituko du; argentinarrek kritiko erantzun diote politika horri.

Programaren beste zutabe bat inflazioari dagokio. Atzotik hasita, banku zentralaren bidez dibisa merkatuetan esku-hartzeari utzi zaio. Horrek, hasieran, pesoaren balioa are gehiago debaluatu du, dolarrarekin alderatuta. Aurten ez da inflazio helbururik jarriko—kalkulu ez ofizialen arabera %28 da oraintxe bertan—. Bide orri bat ezarri dute datorren urtean %19ra jaisteko, 2020an %13ra eta 2021ean %9ra.

Erreformen atalean, funtsak banku zentralaren autonomia handitzeko neurriak hartzera behartu du Macri. Esaterako, banku zentralari debekatu egingo zaio dirua inprimatzea gobernuaren zorpetzea finantzatzeko.

Aurrera begira argitu beharreko kontuetako bat izango da doikuntza horiek ekonomia errealean zer eragin izango duten. Macriren gobernuak espero du egoera baretu egingo dela, eta inbertitzaileek hasieran eman zioten konfiantza berreskuratuko dutela. Hala ere, Ogasun Sailak zeharo jaitsi ditu hazkunde aurreikuspenak: %1,8 aurten eta %1,5-2,5 artean datorren urterako. %3tik gorako bultzada espero zuen krisiaren aurretik.

Konfiantza islatzeko estrategia horretan, Macri presidenteak beste urrats bat egingo du. G20 taldeko txandako ardura duela baliatuta, lehen aldiz G7ko batzarrera joango da, entzule gisa. Bidaia baliatuta, munduko ekonomia handiek akordioa babestea espero du. Macrik asko du jokoan erreskatearen emaitzekin. Datorren urtean, hauteskundeak dira Argentinan, eta gai erabakigarria izan daiteke.

Pobreziari aipamena

Makroekonomia argentinarren bizkarretik salbatzea leporatu izan zaio NDFri iraganean. Mesfidantza horren jakitun dira funtseko arduradunak, eta, lehen aldiz, akordioak gastu sozialari lotutako gidalerroak jasoko du. Programa sozialek gaur egun BPGan duten ehunekoa ez da jaitsiko datozen hiru urteetan. «Baldintza sozialek okerrera egingo balute, lehentasun sozialetarako aurrekontua handitzeko klausulak daude», azaldu du Christine Lagarde NDFko zuzendariak, ohar baten bidez. Argentinako hedabideen arabera, gastu sozial hori bi hamarren handitzeko aukera utziko zaio gobernuari, beharrezkoa balitz.

Lehen ordainketa izan ezik, maileguaren beste dirua eskuratzeko eperik ez da jarri. Kredituak, hortaz, izaera prebentiboa edukiko du, eta soilik Argentinak hala eskatzen badu aktibatuko da berriro. Dirua jasota, herrialdeak hiru urteko epea izango du kreditua bueltatzen hasteko. Interes tasak %1,96 eta %4,96 artekoak izango dira, erabilitako kopuruaren arabera.

Urtebetean, Argentinako monetak balioaren %36 galdu du dolarrarekiko. Pesoaren debaluazio erritmoari erantzun ezinik, NDFri laguntza eske jo zuen Argentinak. Bide mingots hori aukeratu duen 22. aldia da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.