Aurrekontuei egindako zuzenketetan, PPk dirua kendu die EAEko proiektuei

Espainiak 35 milioi euro gutxiago jarriko ditu. AHTaren gisako inbertsio handiak ez dituzte ukitu. EAJren ustez, erabaki «arduragabea» da
Jose Manuel Barreiro PPkoa, atzo, Espainiako Senatuan egindako hitzartzean.
Jose Manuel Barreiro PPkoa, atzo, Espainiako Senatuan egindako hitzartzean. JUAN CARLOS HIDALGO / EFE

Gotzon Hermosilla -

2018ko ekainak 12
Zentsura mozioan EAJk Mariano Rajoyren kontrako botoa eman ondoren, ikusteko zegoen nolakoa izango zen PPren erreakzioa eta ea baliatuko zuen Espainiako Senatuan daukan gehiengo osoa aurrekontuetan EAJrekin adosturiko neurriak ezabatzeko. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako PPko presidente Alfonso Alonsok esan zuen ez zela «mendekaria», eta bere horretan utziko zituztela EAJrekin adostutako inbertsioak. Eta hala izan da: inbertsioak ez dituzte ukitu. Baina Espainiako Gobernuak diru gutxiago jarriko du Eusko Jaurlaritzarekin batera finantzatzen zituen zenbait proiektutan: 35 milioi euro, orotara.

PPk 19 zuzenketa aurkeztu dizkie Senatuan Espainiako aurrekontuei. Horietatik hirutan, diru kopuru batzuk proposatzen ditu Espainian hainbat proiektu aurrera ateratzeko, eta hiruretan Eusko Jaurlaritzarekin batera finantzatu beharreko beste hainbeste egitasmotatik dirua kenduta lortuko dute proiektu horiek baliabidez hornitzea.

Adibidez, zuzenketa batean, PPk biztanle gutxiko eremuen eta hiriguneen arteko loturak hobetzea proposatu du, eta, hori diruz hornitzeko, Hobetuz-i 26,6 milioi euro kentzea proposatu du.

Beste zuzenketa batek Espainiako landa guneak sustatzea du helburu. Horretara bideratuko dira 5,5 milioi euro, hasieran Cidetec erakundean energiari buruzko ikerkuntzarako erabili behar zirenak.

Azkenik, Kanarietara joango dira Bimep erakundean itsas energiari lotutako proiektuak ikertzera bideratu beharreko hiru bat milioi euro.

Inbertsio handietan, aldiz, eta Alonsok iragarri bezala, ez dago aldaketarik PPk aurkeztu dituen zuzenketetan. AHT abiadura handiko trenari dagozkionak dira garrantzitsuenak.

PPren azalpenak

Alderdi Popularrak senatuan duen bozeramaile Jose Manuel Barreirok esan du zuzenketa horiek «izaera sozialekoak» direla, eta «landa guneak sustatzea eta energia alternatiboen ikerketa bultzatzea» dutela xede, baina ukatu egin du «talde edo lurralde baten kontra» bideratutako neurriak direnik.

Edozein modutan, Barreirok lotu ditu aurkeztutako zuzenketak EAJk Mariano Rajoy Espainiako presidente ohiaren kontra bozkatu izanarekin: «EAJk kendu egin dionez [PPren] gobernuari ematen zion sostengua, orain badugu egoera bideratzeko modua, eta aurrekontuen gure hasierako egitasmora bueltatu gaitezke», azaldu du.

Hala ere, Barreirok berriro nabarmendu du PP ez dela «mendekaria», eta haien helburua ez dela «lurralde batzuetatik ateratzea beste batzuei emateko».

EAJk, aldiz, «justifikaezina bezain arduragabea» iritzi dio PPren erabakiari, eta uste du «Euskadi zigortzeko» aurkeztu dituztela zuzenketa horiek. «Helburua EAJri zerbait ordainaraztea baldin bazen, euskal herritarrei kalte egitea baino ez dute lortuko», erantsi dute.

Jeltzaleen ustez, PPk azaldu beharko die euskal herritarrei «duela aste bi horren onak eta Euskadirentzat onuragarriak ziren inbertsioak bat-batean zergatik ez diren».

Ekainaren 18an hasiko dute Senatuan zuzenketen inguruko eztabaida. Han PPk gehiengo osoa duenez, ziurtatua du aurkeztutako zuzenketa guztiak onartzeko moduan egongo dela. Hala balitz, aurrekontuen egitasmoa Espainiako Kongresura itzuliko litzateke.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna