Udalbiltzak elkarlana eskatu die «Euskal Herrian sinesten duten hautetsiei»

Atzo 15 urte sortu zeneko izpirituari eutsi nahi dio nazio instituzioak.Orduan adostu ziren printzipioen baliagarritasuna aldarrikatu du

Ur Algero, Maitane Nerekan, Mertxe Aizpurua, Iratxe Lopez de Aberasturi eta Eneko Aldana-Douat, atzo. M. DEL VALLE / ARP.
Aitziber Laskibar Lizarribar.
Bilbo
2014ko irailaren 19a
00:00
Entzun
1999ko irailaren 18 egin zen Udalbiltzaren eraketa batzarra Bilboko Euskalduna Jauregian. Euskal Herri osoko kolore politiko gehienetako udal hautetsiek Euskal Herri osoko lehen nazio instituzioa eratu zuten, udalgintza oinarri hartuta herri gisa aurrera egiteko zereginarekin. 15 urte geroago, arlo askotan oso desberdina da bai Euskal Herriaren egoera, bai Udalbiltzarena berarena. Nazio instituzioko kideek nostalgiaz begiratzen diote duela 15 urteko batasunari, ilusioari eta lanerako grinari. Orduko oinarriak berreskuratu nahian, elkarlanerako deia egin die «Euskal Herrian sinesten duten hautetsi guztiei».

Euskal Herriko zazpi lurraldeetako 1.400 udal hautetsi baino gehiago biltzen ditu egun Udalbiltzak. Horietatik 177 alkateak dira. Sortu, EA, Aralar, AB eta Alternatiba alderdietako hautetsiak eta independenteak biltzen ditu. Helburu argia dutela diote Mertxe Aizpuruak eta Iratxe Lopez de Aberasturik, instituzioko lehendakariak eta lehendakariordeak: «Gure bokazioa Euskal Herri osoaren garapenaren alde lan egitea da; euskal herritar guzti-guztien zerbitzura dagoen erakundea izatea».

Usurbilgo alkatea da lehendakaria. Lehendakariordea, Gasteizko zinegotzia. Euskaldunako agerraldian haiekin egon dira Ur Algero Aresoko alkatea, Maitane Nerekan Getxoko zinegotzia eta Eneko Aldana-Douat Ziburuko hautetsia. Euskal Herri guztiko hautetsiei irekia dagoen erakundea osatzen dutela erakutsi dute horrela. Eta, sorreratik dituen printzipioekin bat datozen hautetsi guztiei, ateak irekita dituztela: «Euskal Herria aintzat hartzen duten udal hautetsi guztien batzarra izan nahi dugu».

Baina «hutsuneak» dituztela jakitun dira. Nabarmenena «EAJk utzitakoa» dela diote. Ez dela bakarra, ordea. Gauzak horrela, erakundea «eguneroko lehia politikotik kanpo» utzi beharra dagoela esan, eta horretarako konpromisoa hartu dute. «Leialtasunez eutsi nahi diogu 1999ko irailaren 18 hartan Euskalduna Jauregian nagusi izan zen giroari, Euskal Herrian sinesten dutenen arteko batasun eta elkarlanaren espirituari», adierazi dute, eratze batzar hura egin zen jauregi berean. Horretan saiatuko direla hitzeman dute.

Urriaren 4an, Uztaritzen

Bien bitartean, Udalbiltzak aurrera jarraitzen du bere zereginekin. Lan urte berrirako ildoak zehaztu ditu, eta urriaren 4an Uztaritzen (Lapurdi) egingo duen batzar orokorrean onartuko du plangintza. Erronka nagusia argi du: «gizarte eta lurralde kohesioan sakontzea».

Zehazki, Euskal Herriko lurraldeen arteko kohesioa eta udalerrien artekoa landu nahi du; eskualde baztertuenen garapena bultzatzeko asmoa du, besteak beste Euskal Pirinioetan lan eta bizi programari jarraipena emanda; euskara eta euskal kulturaren alde egiten dutenen arteko lankidetza sustatuko du; eta sinboloen inguruko kohesioa landuko du.

«Bi hitzetan esanda, Udalbiltzaren zeregina herria egitea da, kohesiotik abiatuta», laburbildu dute erronka. Horrekin ados dauden udal hautetsi guztiei, urriko batzarrean parte hartzeko deia egin diete.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.