Gauez geltokitik at jaitsi ahalko da bilbobusetan

Etxetik hurbilago jaisteko eta erasoak eragozteko hartuko dute neurria
Gaueko erabiltzaileek aukera izango dute geltokietatik kanpo jaisteko.
Gaueko erabiltzaileek aukera izango dute geltokietatik kanpo jaisteko. M. R. / ARP

Garikoitz Goikoetxea -

2018ko urtarrilak 19
Gauez etxerako bidean izaten diren erasoak eragozteko helburuarekin —bereziki emakumeen aurkako erasoak—, aldatu egingo dute Bilboko autobusetako arautegia: gaueko zerbitzuetan, geltokietatik kanpo ere jaitsi ahalko dira erabiltzaileak. Neurri horrekin, nahi dute etxetik ahalik eta gertuena uztea bidaiariak, autobusetik etxerako bidea ahalik eta laburrena izatea. EH Bilduk egin zuen proposamena udalean, eta ontzat hartu du udal gobernuak. Datorren astean dute osoko bilkura, eta han onartuko dute arautegia aldatzea. Udala hasia da aztertzen nola eta noiz jarriko duten geltokitik at jaisteko aukera.

EH Bilduk nabarmendu du aldaketa hori gasturik gabekoa dela, eta «asko» hobetuko duela autobusen zerbitzua. «Helmugatik gertuago jaitsi ahalko dira erabiltzaileak, eta horrek gutxitu egiten du eraso arriskua». Aldaketa hori «genero perspektibaz» egindakoa dela azaldu du koalizioak, eta beste hiri batzuetan badituztela gisa horretako neurriak.

Gaueko zerbitzuetan izango da bi geltokiren artean jaisteko aukera, erabiltzaileak hala eskatzen duenean. Zortzi ibilbide egiten dituzte bilbobusek gauetan, Gautxori izeneko zerbitzuarekin. Norantza hauek dauzkate: Arabella, Otxargoaga, Larraskitu, Abusu, San Adrian-Miribilla, Zorrotza, Larreagaburu eta Arangoiti. Ostiral gauetan eta larunbat gauetan ematen dituzte autobus zerbitzu horiek, eta Bilboko jaietan ere bai.

Datorren osteguneko udalbatzan onartuko dute neurria. Hala ere, denbora bat beharko dute martxan jartzeko; besteak beste, zehaztu behar dute geldialdiak egiteko zein baldintza bete beharko diren segurtasunari dagokionez. Azterketa tekniko bat eskatuko dute horretarako. Espero dute urtea amaitzerako behintzat indarrean jarriko dutela aldaketa.

Bestalde, Bilboko Udalak jakinarazi du berdintasun ordenantza bat egiteko bidea hasi duela. Proposamen bat onartu du udal gobernuak; helburutzat jarri du gizonen eta emakumeen arteko berdintasunik eza eragiten duten «egiturak mugiaraztea», eta emakumeen kontrako indarkeriari aurrea hartzea. Itziar Urtasun Berdintasun zinegotziak nabarmendu du berdintasunerako unitateak sortuko dituztela udalean, hartara arlo bakoitzean berdintasun programak bultzatzeko.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
S: