Perezek «beharrezko neurriak» hartuko ditu Ahal Dugu-ren aurka

«Urrunegi» joan izana egotzi dio zuzendaritzari. Santosek uste du Perez «bere kasa» aritu dela

Laura Perez Nafarroako Ahal Dugu-ko parlamentaria, iazko azaroaren 9ko saioan. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
jon olano
2018ko urtarrilaren 23a
00:00
Entzun
Nafarroako Ahal Dugu-ko «barneko bide guztiak» ez ezik, «beharrezko neurri legalak» hartuko ditu Laura Perez alderdiko idazkari nagusi ohi eta parlamentariak bere burua defendatzeko. Alderdiko «kode etikoa urratzea» egotzita, Ahal Dugu-ko zuzendaritzak Perezen militantzia eten zuen joan den astean behin-behinean. «Urrunegi joan dira», erantzun du.

Parlamentuan agerraldi bat egin zuen atzo Perezek. Parlamentaria da oraindik ere, Ahal Dugu-ko zuzendaritzak akta itzultzeko eskatu badio ere, baina aurrerantzean ezingo da taldeko bozeramaile izan ezein batzordetan. Haren ustez, alderdiko buruzagiek «jazarpen kanpaina» bat abiatu dute, «alderdiarekiko eta laukoarekiko leialtasunez, barne mailan jarrera kritikoa» adierazi dutenen aurka. Hala ere, Perezek azaldu du bere zereginetan jarraituko duela: «Uste dut 46.000 lagunek babestutako mandatu bat dudala; beraz, defentsa eskubidea bermatu ez duen eta barneko prozedurak errespetatu gabe gauzatu den auzi batek ez du zertan eragin gure jardueran». Hortaz, legebiltzarreko abokatuekin aztertuko dute zein ondorio izan ditzakeen egoerak.

Edozein kasutan, Ahal Dugu-ren zatiketak isla izan dezake parlamentuko taldean ere, Perezek iradoki duenez: «Nire konpromisoa da gainerakoen izenean ez hitz egitea. Batera mintzatuko gara, une egokia iristen denean».

Auziaz solastatu zen atzo Eduardo Santos Nafarroako Ahal Dugu-ko idazkari nagusia ere. Euskalerria irratiak eginiko elkarrizketan, esan zuen Perez «bere kasa» zebilela «zerbait eraikitzen alderditik kanpo», eta uste du Perez «behin betiko» kanporatuko dutela, «salaketa egin aurretik zuzendaritzak ongi aztertu baitu gertaturikoa».

Horrekin batera, ukatu egin zuen Perez kanporatzearen atzean «borroka ideologikoa» dagoela, eta arazoa «kode etikoaren urraketa» batera mugatu zuen: «Alderdi osoa dago gure atzean. Guztia. Ahal Dugu ez dago zatituta, batzuek dioten bezala (...). Hemen daukaguna problema bat da. Baina arazo hori mugatuta dago, parlamentuan, eta Lauraren izenarekin».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.